Garai gorabeheratsuak bizi dituen industria sektorearen Hego Euskal Herriko bi agintari nagusiak elkarrekin solasean izan dira gaur goizean Noainen (Nafarroa), EnpresaBIDEAk antolatutako topaketan. Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburua eta Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko Industria kontseilaria sektorearen ahuleziei eta aukerei buruz aritu dira hizketan, eta lurraldearen etorkizuneko erronkak izan dituzte hizpide.
Euskara hutsean egindako jardunaldian, Jauregi industria enpresen errotzeaz aritu da, Jaurlaritza Ibermática berreskuratzeko prozesu bete-betean dagoenean. "Bere garaian kanpora joan eta asko hazi den enpresa da Ibermatica. Orain salgai dago, eta baditugu eskaintza irabazleak egiteko tresnak, lehia horretan sartzeko kuadrilla bat sortu dugu. Orain dela gutxi arte ezinezkoa zen hori", adierazi du Jauregik.
Lehenago, hedabideen aurrean adierazi du "itxaropentsu" direla erosketaren inguruan. Ayesaren Ibermatica "oso garrantzitsua" dela aitortu du, ez bakarrik "sustraiak" Euskal Herrian dituelako, baita ere "hegoak zabaldu dituelako" nazioartean.
Mikel Jauregi (Jaurlaritza): "Bere garaian kanpora joan eta asko hazi den enpresa da Ibermatica. Orain salgai dago, eta baditugu eskaintza irabazleak egiteko tresnak
Irujok, bestalde, Txina izan du mintzagai solasaldian, izan ere, joan den astean, Asiako herrialdean izan zen, eta bertako hainbat enpresa bisitatu zituen Nafarroako Gobernuko beste zenbait ordezkarirekin. "Bisita egin ahal izateko, sukalde lan asko egin dugu azken urteotan. Luzerako harremana izan nahi dugu Txinarekin", azaldu du, eta era berean, txinatarrek erakutsitako "gosea" azpimarratu du: "Sinesten dute eta gose dira. Mundua jan nahi dute eta horretarako ahalmena dutela badakite. Europan beti gaude zalantzekin".
Ekin eta egin: ekintzailetza eta industria topaketa izeneko jardunaldiak Nafarroako Gobernua, CEIN Nafarroako ekintzailetza eta berrikuntzaren zentro europarra, Laboral Kutxa eta Artizarra Fundazioaren babesa izan du, eta CEINen egoitzan egin da. Nafarroako eragile ekonomiko ugari elkartu dira bertan, guztira, 50 bat gonbidatu. Uxue Itoiz CEINeko zuzendari nagusiak ireki du ekitaldia, eta pozik azaldu da halako ekitaldi bat euskaraz egin delako.
Mikel Irujo (Nafarroako Gobernua): "Txinatarrek mundua jan nahi dute eta horretarako ahalmena dutela badakite. Europan beti gaude zalantzekin"
Bi industria sailburuak ere pozik agertu dira, eta industria lehiakorrago baterako euskara gako izan daitekeela adierazi dute. Euren arteko sintonia ona ere bistaratu dute, nabarmenduz "berezko harremana" dagoela bi lurraldeen artean. Irujok gogoratu du orain dela gutxi berritu zutela bi gobernuen arteko akordioa. Dena den, Konstituzioa aldatu behar dela aldarrikatu du, bi erkidegoen arteko aliantzak mugatzen dituelako, eta beste araudi batek elkarlana erraztea ahalbidetuko lukeelako.
Jauregik ere ildo beretik jo du eta zera adierazi du: "Elektroi berriztagarriak Eusko Label izatea nahi dugu, berdin zait EAEtik edo Nafarroatik datozen".
Ekintzaileen mahai-ingurua
Ekintzaileentzat tartea ere eskaini du jardunaldiak. Xabier Leonardo, Zaindari enpresako zuzendari nagusiak, Onintza Sayar, NNBi start-upeko operazio zuzendariak eta Maitane Bueno Laboral Kutxako Nafarroako eskualde zuzendariak Maite Reizabal EnpresaBIDEA egunkariko zuzendariak gidatutako mahai-inguru batean parte hartu dute eta euren esperientziak partekatu dituzte. Bai Leonardok, bai Sayarrek ekintzaile proiektu batek dakarren ahalegina nabarmendu dute, proiektuen hasierako zailtasunak aipatuta. "Finantzaketa prozesua sekulako putzua izan zen guretzat. Oso gazte hasi ginen, eta ez genuen ia dirurik", argitu du Leonardok. Buenok, bestalde, finantzazioaren arlo horretan laguntzen dutela esan du. "Proiektua aztertu eta ekintzaileei laguntzen diegu. Merkatuak nola dauden eta zein gastu izango dituzten erakusten diegu", gehitu du.