Moventis TCCko zuzendaritzak eta enpresa batzordeak elkarren arteko akordioa lortzeko aurrerapausoa eman dute, konpainiak argitaratutako prentsa oharraren arabera. Iruñeko Eskualdeko Hiri Garraioko kudeatzaileak “positiboki” balioetsi du “elkarrizketaren esparruan emandako urratsa”, eta baieztatu du enplegatuen lan baldintzak “nabarmen” hobetuko zituzkeela aurkeztutako aurreakordioak.
Besteak beste, KPIren araberako soldata igoerak, gaueko lanaren plusak, jaiegunetako plusak, norberaren eginkizunetarako laugarren eguna eta kontziliazio familiarraren aldeko egutegi aldaketak ekarriko lituzke akordioak. Moventis TCCren hitzetan, kontratu berria sinatzen duten gidariek 36.000 euroko soldata gaindituko lukete, 40.000 euroko batez besteko soldatarekin eta asteko 37 lanorduko jardunaldiarekin.
Zuzendaritzak eskertu egin du eragileek erakutsitako konpromisoa, eta langileei hitzarmena onartzea eskatu die, “lortutako akordioa berresteko”.