Mugikortasun planen errepidean

Euskal enpresek mugikortasun plan jasangarrien abantailetan hausnartzeko bideari ekin diote jada. Etorkizunera begira ohiko praktika bilakatzea espero dute hainbat adituk

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Lanera hurbiltzeko erabakiak ingurunean eragina du. Baita enpresetan ere. EAEn, azarotik derrigorrezkoa da 100 langile baino gehiagoko enpresek mugikortasun plan bat izatea. Legez arautua dagoen afera da, garapen jasangarria hobetzea xede duena. Espainia mailan, Mugikortasun Jasangarriaren Legea lege proiektu gisa onartu zen abenduan, baina eten egin da uztaileko hauteskundeak direla medio. Urte amaiera baino lehen indarrean sartzea aurreikusita dago.

Auzia aztertuta, Mugikortasun eta Logistika Klusterrak udako ikastaro bat prestatu du testuinguru honek sortzen dituen erronketan hausnartzeko eta plan egokiak sustatzeko. EHUko udako ikastaroen baitan eskainiko da honakoa, Mugikortasun eta Logistika Klusterraren eta Mubil Fundazioaren elkarlanarekin batera sortuta. Hilaren 22an egingo da Donostiako Miramar Jauregian.

EAEn, azarotik derrigorrezkoa da 100 langile baino gehiagoko enpresek mugikortasun plan bat izatea. Legez arautua dagoen afera da, garapen jasangarria hobetzea xede duena

Cesar Gutierrez Mubileko zuzendari teknikoa da, eta ikastaroa egitearen garrantzia azpimarratu du: “Enpresak kontzientziatu nahi ditugu planek mugikortasun jasangarrian duten eraginaz. Araudi bat betetzea baino harago doa”. Gutierrezek mahai-gaineratu du baliabide eskasak dituela gizarteak, eta horiek apropos erabili behar direla. “Praktika hobeagoak gauzatzen baditugu, gizarte osoa izango da onuradun”, jarraitu du.

Ildo berean, Mugikortasun eta Logistika Klusterreko zuzendaria den Fernando Zubillagak ikastaroaren egitura aurkeztu du: “Hasieran arautegiaren inguruan arituko gara, ostera praktikara igarotzeko. Ikasleek mugikortasun plan propio bat garatu behar izango dute”. Kurtsoak egitura “oso praktikoa” izango du, baita egun sektorean dauden erronkak identifikatzeko abilezia jaso ere. “Legea aprobetxatuz, mugikortasun jasangarria bultzatu nahi dugu ahal den heinean, etorkizuneko mugikortasuna baita”, ondorioztatu du adituak.

Poligonoetan aldaketa beharra

Etorkizuneko mugikortasun hura lortzeko bidean, industrialdeetan kokatuta dauden enpresetan jarri du fokua Zubillaga zuzendariak: “Poligono eremuetan ematen den pertsonen mugikortasuna karbono aztarna handitzen ari da”. Garraio publikoa ez duten zonaldeak izaten dira honakoak, kotxe metaketa handiak eragiten dituztenak. Horietan plan zehatzak gauzatzea bilatzen dute. Gainera, EAEn dagoeneko plan horiek martxan direla nabarmentzen du Zubillagak, legea jada indarrean dagoelako. Abantaila aukera hura aprobetxatzea eskaintzen du euskal enpresen mesedetan.

Fernando Zubillaga: “Poligono eremuetan ematen den pertsonen mugikortasuna karbono aztarna handitzen ari da”

Bere aldetik, Gutierrezek kotxeen erabileran izan du hausnarketa. Adituak nabarmendu du egunero gauzatzen diren desplazamenduen ehuneko handi bat lantokira direla, eta horietan pertsona bakarreko kotxe mugimenduak %60 direla. “Emisioen eragile nagusia garraioa da, eta horren ondorioz ibilgailu pribatiboen isuriak karga handia du”, azpimarratu du. Hori horrela, mugikortasun plan egokien gidalerroa karbono aztarna murriztea dela ondorioztatu du. Honakoa lortzeko ikastaroan Frantzian edota Belgikan burutu diren planen adibideak aurkeztuko dituzte, eraginkorrak izan baitira adituen ustetan.

Enpresen erantzuna

Legeak enpresetan eragin dezakeen ondorioez ere hausnartu du Gutierrezek: “Enpresa batzuek neurri proaktiboagoak har ditzakete legea ikustean; beste batzuek, ordea, zurruntasuna edo erronkak aurkitu dezakete”. Kostuen igoeraren inguruan kezka azaldu dezaketela dio Mubileko zuzendari teknikoak, batez ere enpresa txikien kasuan. Dena dela, adituak uste du gizartearen eta ingurunearen mesedetan emango diren aurrerapausoak direla, eta ikuspuntu horrekin jardun behar dela. “Aukera berriak zein sektorearen berrikuntza eragin dezakeen egoera gisa aztertu behar da honakoa”.

Zubillagak, aldiz, pentsamolde aldaketa izan zuen ahotan: “Lasterketa luze bat da, hilabetean ez dena konponduko. Horregatik lortu behar dugu kontzientziazio prozesu bat”. Klusterreko zuzendariak uste du langileen onurarako politikak gauzatu behar direla; besteak beste enpresen arteko kooperazioa mugikortasunean, ibilgailuen partekatzea edota autobusen sustapena. Proiektu “konplexuak” direla azaltzen du, baina enpresen arteko lankidetzak eraginkortasunean eragin zuzena izan dezakeela argudiatu du. Era berean, zuzendariaren arabera, enpresek haien aparkaleku eremuak murriztu dezakete mugikortasun plan horien ondorioz, eta zonaldea arlo produktibora bideratu. “Abantailak anitzak dira, baina gutxinaka lortu behar den prozesua da. Enpresak ito gabe sustatu behar da honakoa”, mahai-gaineratu du Zubillagak.

Klusterreko zuzendariak uste du langileen onurarako politikak gauzatu behar direla; besteak beste enpresen arteko kooperazioa mugikortasunean, ibilgailuen partekatzea edota autobusen sustapena

Prozesu honetan gazteak izan dute hizpide adituek. Talentua erakartzea funtsezko dute sektorean, eta askotariko gazte profilak limurtu nahi dituzte. Unibertsitate zein lanbide heziketako ikasleak erakarri nahi dituzte ikastarora, horiek baitira, haien arabera, etorkizunean mugikortasun jasangarriaren prozesua oinordetzan jasoko dutenak. “Proiektu erakargarriak egin behar ditugu gazteek horiek aztertzeko eta bere egiteko. Karrera profesional interesgarri bat eman behar diegu”, argitu du Zubillagak.

Edozeiin kasutan, baikor agertu dira adituak etorkizunera begira. “Enpresek praktika jasangarriak sustatzea espero dut, inguruneko erronkak gero eta nabarmenagoak izango baitira”, azaldu du Gutierrezek. Haren iritziz, inguruneko erronka horiek gizartea bera kontzientziatuko dute. Zubillagak bat egin du, eta legeak atoan lanean jartzeko aukera ematen dietela adierazi du. “Orain derrigor hasi behar dira enpresak lanean, baina etorkizunean erantzun positibo bat aurreikusten dut”, esan du. Adituak ados daude behin kontzientziazioa sustatuta, gizarteak berak emango diola jarraikortasuna aferari.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK