Muskizen ekoitzitako pasta

Hamar urte baino gehiago daramatza Txaramelak hainbat motatako pasta agroekologikoa lantzen. Izaskun Urbanetak eta Ainara Baguer dira kooperatibaren sortzaileak

Izaskun Urbaneta eta Ainara Baguer Muskizeko euren lantegian, lanean | Argazkia: TxaramelaKoop Izaskun Urbaneta eta Ainara Baguer Muskizeko euren lantegian, lanean | Argazkia: TxaramelaKoop

2017an kooperatiba gisa sortu arren, badira 10-12 bat urte Txaramela martxan jarri zutela Izaskun Urbanetak eta Ainara Baguerek. Ingurumen hezkuntzako programa batean ezagutu ziren elkar, eta proiektu propio bat garatzea zuten amets. Urbanetaren hitzetan, “ingurumena eta elikadura lotzen zituen proiektu bat egin nahi genuen. Gure lehen asmoa zen ur-errota zahar bat berreskuratzea eta hari bizitza ematea. Gerora, hemen inguruan zeuden zereal barietate desberdinak ereiten hasi ginen”.

Beste lan batekin uztartuz jarriz zuten abian proiektua. Lehen urtea eta gero, autonomo bezala alta eman eta esklusiboki Txaramelan hasi ziren lanean, gaur arte. “Apurka-apurka joan ginen ametsak errealitate bihurtzen”, azaldu du Urbanetak. Hasiera batean, ez zuten argi zer ekoiztu. Ogia edo taloak egitea pentsatu zuten, baina, azkenean, Italian bizi zen lagun batek pasta ekoiztea proposatu zien. “Pasta etxe guztietan kontsumitzen den produktu bat da, eta kanpotik ekartzen dugu. Ur-errota bat genuen eskura, baita zerealak ere, beraz, zergatik ez egin froga pastarekin?”, gehitu du.

Izaskun Urbaneta: “Ingurumena eta elikadura lotzen zituen proiektu bat egin nahi genuen. Gure lehen asmoa, ur-errota zahar bat berreskuratzea zen”

Enpresa munduan zein pasta ekoizpenaren inguruan asko jakin gabe jauzi ziren abenturara Urbaneta eta Baguer. Lehenengoak ingurumen arloko ikasketak zituen; bigarrenak, berriz, geologiakoak. “Marseillara bidai bat egin eta pasta ekoizten zuten kooperatiba batera joan ginen. Nafarroan ere egon ginen zerealen inguruan ikasten, eta antropologo batekin aritu ginen hemen inguruko ur-errotak ikusten”, esan du proiektuaren sortzaileak.

Ur-errotarekin hasi arren, egun pasta ekoizteko lantegia dute Muskizeko (Bizkaia) La Cadena auzoan, Urbanetaren gurasoen baserrian, hain zuzen. Biak aritzen dira bertan barazki eta espeziekin nahastutako hainbat pasta mota ekoizten. Gainontzeko lana euren etxetik egiten dute.

Proiektu agroekologiko bat

“Proiektu agroekologiko bat defendatu dugu hasieratik”, dio Urbanetak. Km0ko lehengaiak erabili, bizi garen ingurua errespetatu eta barazki eta sasoiko fruituekin lan egiten dute. “Hasieran dena guk ekoiztu nahi genuen, baina gero errealitatea beste bat da, bi bakarrik baikara eta ezin dugu guk dena egin. Gertuko produktua izatea eta ekoizteko lan baldintzak beti kontuan hartu ditugu. Kalitatezko produktu ekologikoak bilatzen ditugu beti”, gehitu du.

Kooperatibaren erronka nagusienetakoa da kalitatezko garia eskuratzea, eta Euskal Herrian ez dago asko. Espelta, zekalea eta beste zereal batzuk Nafarroatik eta Arabatik ekartzen dituzte. Garia, berriz, kanpotik dator, Valladolidetik, hain justu. Barazkiak inguruko ortuetakoak dira, betiere “erregistro ekologikoa” dutenak.

Hiru bidetatik saltzen ditu produktuak Txaramelak: azoka, denda eta kontsumo taldeen bidez. “Herriko denda txiki eta ekologikoetan saltzen dugu; supermerkatuetan ez dago gure pasta. Hilero eskariak egiten dituzten kontsumo taldeak ere baditugu, eta hauek saski bat jasotzen dute hainbat produkturekin”, nabarmendu du Urbanetak. “Ahalik eta salmenta zuzenena egin nahiko genuke, eta dendak ekiditen saiatzen gara. Dena den, bide hau ere beharrezkoa dugu”.

Hiru bidetatik saltzen ditu produktuak Txaramelak: azoka, denda eta kontsumo taldeen bidez

Euren pastaren berezitasun da nagusia integrala dela. “Beti izan gara oso astunak honekin. Pasta zuria eginez gero, gehiago salduko genukeela badakigu, baina gure filosofia beste bat da; integrala osasuntsuagoa da”. Ildo berean, gaineratu du kooperatibaren lehentasuna ez dela errentagarritasun ekonomiko handia izatea, beste balio batzuk jartzen dituztela gainetik. “Gure bizimodua da hau, ez dugu lan bat izatea nahi soilik. Ekonomikoki ez gara beste enpresa batzuen modukoa”.

Dena den, erronka ugari dituztela aitortu du Urbanetak. Bezero partikularrez gain, pasta beste publiko bati saltzea nahiko lukete. “Apurka-apurka gure produktuak jatetxeetan zabaldu nahi ditugu, baita eskoletan ere. Izan ere, eskoletako jantoki ereduak aldatzen ari dira eta pasta da aldatu behar den produktu bat”, azaldu du.

Produktu berri bat ere ateratzeko asmotan dabiltza: arroz eta artoarekin egindako pasta. Gaztainarekin ere beste produkturen bat egin nahi dute. “Pasta mota asko egiten ari gara orain, eta apur bat definitzea falta zaigu. Hamar pasta mota egin eta beti horiek eskaintzea”.

Ingurumena eta elikaduraren inguruko hezkuntza

Pasta agroekologikoa ekoizteaz harago doa Txaramelaren jarduera, ingurumen eta elikadura eskola bat baitu martxan kooperatibak, eta haur zein helduei zuzendutako tailerrak antolatzen dituzte. “Elkarteetara, eskoletara, sukaldea duten zenbait txokoetara edota kultur etxeetara joaten gara modu pribatuan tailerrak ematera. Nahi duenak ere aukera du gure lantegira etortzeko, baina gehienbat gu mugitzen gara”, azpimarratu du kooperatibako sortzaileak.

Izaskun Urbaneta: “Egiten ditugun erosketak bizi garen sistemarekin erabat lotuta daude”

Kontsumitzaile bezala norbanakoak duen arduraz jabetzea da Txaramela hezkuntzaren bidez helarazten saiatzen dena. “Gure pasta jateak zer onurak dakartzan kontzientziatzen saiatzen gara. Guretzat erabat lotuta daude guk egiten ditugun erosketak bizi garen sistemarekin. Kontsumitzen duzun produktuaren arabera, mundua modu batera edo bestera joango da. Ez da berdina hemengo tomatea edo Marokokoa erostea, adibidez”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK