Nafar Pirinioetako garagardo artisaua

Erronkari bailarako Burgi herrian sortutako proiektua da Xorta, garagardo artisaua ekoiztu eta saltzen dute bertan duten fabrikan

Xortalariak | Argazkia: Xorta Xortalariak | Argazkia: Xorta

Erronkariko euskaran trago esan nahi du xorta hitzak. Edariaren xorta bakoitza disfrutatzeko asmoz sortu zuten proiektua Burgiko (Nafarroako) bi gaztek duela sei bat urte. Egun, berriz, bost dira enpresako bazkideak; lehenengo bien lekukoa hartu zuten 2021eko otsailean, eta harrezkeroztik, Pirinionetako bailaran garagardo artisaua ekoizten dihardute. Ainhoa Elizalde da Xortako bazkideetako bat, eta azaldu duenez, aurreko bazkideek proiektua utzi izanagatik penatuta, “eta bitan pentsatu gabe” animatu ziren abenturari jarraipena ematera. “Motibatzen gintuena zen produktuan beran sinesten genuela, bezeroak izandakoak baikinen. Gainera, bizimodu bat eskaintzen zigun gure herrian”, azaldu du.

Sei garagardo mota desberdin ekoizten dituzte Xortan egun, eta beste hiru berri merkaturatzear daude. “Burgiko iturritik datorren ur garden eta freskoa erabiltzen dugu Xorta garagardoa ekoizteko”, adierazi du Elizaldek. Ekoizteko modua “artisauetan artisauena” da, izan ere, “makinaria xumea” dute. Ekoizpen prozesu osoa, bai botilatzea, baita etiketatzea ere, Burgiko fabrikan burutzen dute.

Ainhoa Elizalde: “Burgiko iturritik datorren ur garden eta freskoa erabiltzen dugu Xorta garagardoa ekoizteko”

Enpresaren jabe egin direnetik, salmenta zuzena sustatzea izan da Xortaren helburu nagusienetako bat. Bezeroei arreta eskaintzeko fabrikan bertan ordu asko sartzea exigitzen du horrek. Bestalde, azoketara bisitak ere egiten dituzte. “Bost izateak mendialdera, iparraldera eta hegoaldera mugitzea ahalbidetzen digu. Euskal herrian barna azokaz azoka salmenta zuzeneko estrategiarekin jarduten gara”, nabarmendu du.

Produktua ezagutarazteko bisitak zein dastaketak

“Lehenengo, bezeroari produktua ezagutarazi behar diozula argi genuen, gero produktu hori erosi nahi badizute”, azpimarratu du enpresako arduradunak. Horregatik bisitak eta dastaketak antolatzen ditu Xortak fabrikan bertan, baita Pirinioetako zenbait ostatu, elkarte gastronomiko eta kanpinetan ere. Lehen fabrika soila zenari beste ukitu bat ere eman diote. “Fabrika mantentzen da, baina bertan Taproom bat egin dugu, egurrezko taberna txiki bat, eta inguruan lau mahaitxorekin atondu dugu”.

Bisitak eta dastaketak antolatzen ditu Xortak fabrika, Pirinioetako zenbait ostatu, elkarte gastronomiko eta kanpingetan

Taproomean edo Xortako fabrikan, dastaketak, fabrikara bisita gidatuak, kontzertuak eta beste zenbait egitasmo antolatzen dituzte. “Ekoizpen teknikari buruz baino, proiektuaren esentziari eta zentzuari buruz hitz egiten dugu. Zergatik gauden hemen, zerk lotzen gaituen proiektu hontara eta zer zailtasun ditugun honi aurre egiteko azaltzen dugu. Alderdi pertsonal edo emotibora jotzen dugu. Guretzako gure lanaren alderdi politena da, gure proiektua kontatzeko parada”, azaldu du Elizaldek.

Saltzeko eremua “pixko bat” zabaldu dutela dio Elizaldek. Pirinioez gain, Aurrepirinioetan ere sartu dira, hala nola Zangotzako edo Irunberriko tabernetan. “Iruñean ere xumeki sartu gara, baina konpetentzia handia dago”. Izan ere, garagardo artisauen merkatuan gero eta lehiakide gehiago daude. “Pirinioetako bailara bakoitzean garagardo marka bat dago; Huescako Pirinioetan adibidez, ez dago sartzerik. Eremuak hartzen doaz eta gero eta gutxiago gelditzen zaigu”, esan du Elizaldek.

Lehenengo lurraldea eta gero garagardoa, edo alderantziz?

Bost kideek lurraldearekiko zein garagardoarekiko duten maitasuna da proiektu honen sostengua. Burgi herri bertakoak dira bostetik hiru, eta Elizalderen esanetan, euren sorlekuarekiko maitasuna da proiektuarekin aurrera jarraitzeko arrazoi nagusia. “Xortak hemen bizitzeko aukera eman digu. Gero produktuarekin maitemintzen zoaz, baina gehienbat lotzen gintuena eta lehenbiziko helburua hemen bizitzea zen, eta horretarako, hemen egin behar genuen lan”. Beste bi bazkideak Iruñetik datoz, eta garagardoarekiko zaletasuna lehenesten dute lurraldearen aurretik. Maitasun desberdinen nahasketa horrek egiten du berezi proiektua. “Oso uztarketa polita dugu. Haiek garagardogile friki eta sutsuak dira, eta gu hemen bizitzearen aldeko inkondizionalak”, gehitu du.

Ainhoa Elizalde: “Xortak hemen bizitzeko aukera da eman digu. Gero produktuarekin maitemintzen zoaz, baina gehienbat lotzen gintuena eta lehenbiziko helburua hemen bizitzea zen"

Halaber, Erronkariko bailaran lan egiteak baditu bere desabantailak. Eremu despoblatua izanik, jarduera ekonomiko gutxi daude inguruan. “Lekutan gaudenez, edozein hornitzaile eta banatzailerekin atzerapenak ditugu askotan”, dio Elizaldek. “Hemen ez da Iruñean bezain erraza produktua ateratzea, eta distantzia aldetik garestiagoa da”.

Euren sorterrian lan eta bizitzeaz gain, bailarako euskara sustatzea eta bistaratzea da Xortaren beste helburuetako bat. Erronkarieraren presentzia dago bai euren webgunean, baita garagardo bakoitzaren izenean ere. “Gu euskaldunak gara eta euskaraz bizi gara bazkideen artean. Euskararen aldeko ekimenetan parte hartzen dugu”, gaineratu du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK