Nafarroako Volkswagenek atzera egin eta behin-behineko 93 langileri kontratu finkoa egingo die. Gaur goizean elkartu dira Landabenen konpainiako zuzendaritza eta langile batzordea eta akordio batera ailegatzea lortu dute, UGT eta CCOO sindikatuek babestuta.
Aferaren jatorria ELAk eta LABek Lan Ikuskaritzari 2024an eginiko salaketa batean dago. Iazko urrian Lan Ikuskaritza Landabengo fabrikara bertaratu zen eta ondorioztatu zuen behin behineko egoeran ziren 146 langileren kontratazioa justifikatu gabe zegoela. Gauzak horrela, behargin horietako 93ri kontratu finkoa egiteko agindu zion ikuskaritzak multinazional alemaniarrari.
Horren aurrean, konpainiako zuzendaritzak mehatxua egin zuen, esanez 93 langileri zuzendutako enplegu erregulazio espediente bat martxan jarriko zuela, langile kopuruan desoreka zegoela argudiatuta. Hortaz, behin kontratu finkoa egin ostean, langile horiek zuzenean kaleratzeko asmoa zuen zuzendaritzak.
Volkswagen egoera estuan aurkitzen da gaur-gaurkoz, Txinaren konpetentzia gogorraren ondorioz, eta murrizketa handiak egin behar izan ditu Alemanian dituen lantegietan.
Gaur erdietsitako hitzarmenean ere adostu dute industria arloko errelebo kontratua berriro ere aktibatzea (kontratua etenda zegoen), eta hasierako ekoizpen programari beste 5.800 ibilgailu gehituko dizkiote. Hala, 2026an, 262.217 unitate fabrikatuko dituzte Landabengo lantegian.