Kimua EAEko familia enpresen belaunaldi berriak prestatzen dituen taldea da, Aefame Euskadiko Familia Enpresen elkarteak sustatuta. Familia kideek akziodun gisa duten eginkizuna erantzukizunez hartzeko aukera ematen die. Nerea Uribe-Etxebarria taldeko lehendakariak proiektuaren ondareaz, berrikuntzaz eta etorkizunaz hitz egin du EnpresaBIDEArekin.
Hasteko, nola jaio zen Kimua eta zer rol betetzen duzu zuk gaur egun proiektuaren barruan?
Kimua 2016an sortu zen, Aefamek bultzatuta, Nuria Lekue presidente zela, eta helburu argi batekin: enpresa familien belaunaldi berriak prestatzea akziodun gisa duten eginkizuna arduraz betetzeko. Orduz geroztik, gazteek prestakuntza berezia jasotzeko eta esperientziak partekatzeko aukera dute, familia enpresan duten rola hobeto ulertzen laguntzeko.
Ni proiektu honen lehendakaria naiz, eta niretzat etengabeko ikaskuntza eta hazteko, konektatzeko eta ekarpenak egiteko aukera izan da. Horrez gain, proiektuarekin oso konprometituta dagoen talde gazte baten buru naiz.
Zer bilakaera izan du Kimuak sortu zenetik, eta gaur egun zer baliok definitzen du taldea?
Kimuak eskaintza zabala eta finkatua garatu du urte hauetan. Akziodunen Eskolak etorkizuneko akziodun arduradunak prestatzen ditu, eta Kimua Barrutik familia enpresak bisitatzeko programak, familia enpresen errealitatea, kudeaketa eta balioak zuzenean ezagutzeko aukera ematen du.
Halaber, taldearen kohesioa indartzeko jarduera parte-hartzaileak antolatzen ditugu, escaperoomak edo mendi ibilaldiak, besteak beste. Gainera, networkinga indartu dugu bidaien eta Espainiako foroetan parte hartzearen bidez. Horrek guztiak hazkunde iraunkorra ekarri du: 2024an bazkide kopurua %37 handitu genuen, eta aurten 150 gazte izatera iritsi gara, 52 familia enpresatakoak.
Balioei dagokienez, erabat onartzen ditugu familia enpresaren ezaugarriak: kide izatearen harrotasuna, epe luzerako ikuspegia, belaunaldien jarraipena, tokiko sustraiak mantentzea eta komunitatearekiko konpromisoa.
Zer eragin dute familia enpresek tokiko ekonomian?
Zifrek beren kabuz hitz egiten dute: Euskal Autonomia Erkidegoan, enpresa ehunaren %84 familia enpresak dira, eta enpleguaren %53,10 eta Balio Produktu Gordinaren %45 sortzen dute. Lurraldearen egonkortasun ekonomikoan eragin zuzena duten erabaki estrategikoak hartuko dituztenak prestatzea da gure lana. Gazte horiek beren zeregina ekonomikoa ez ezik, soziala ere badela jakin dezatela nahi dugu: tokiko enplegua sortzea, hurbileko hornitzaileekin lan egitea eta ingurunearen garapenean laguntzea. Epe luzerako ikuspegi hori zaindu nahi dugu.
Uste duzu gizarteak ulertzen duela zer den familia enpresa bat? Zer egin beharko litzateke onarpen soziala hobetzeko?
Tamalez, oraindik ez erabat. Familia enpresa bat zerbait tradizionala dela uste da, asko oso proiektu aurreratuak eta inpaktu handikoak diren arren. Sarritan esaten dudan bezala, gizarteak pentsatzen du familia enpresak enpresa txikiak direla, eta, berez, bere lurraldearekin oso konprometituta dauden proiektuak hartzen ditu bere baitan.
Haien aintzatespena hobetzeko, beraien benetako ekarpena hobeto jakinarazi behar dugu, unibertsitate, erakunde eta komunikabideekiko lankidetza sendotu, eta ematen duguna azaltzen duten datu eta kasu errealak erakutsi behar ditugu. Gure benetako eragina erakutsiz bakarrik lortuko dugu gizarteak familia enpresaren benetako balioa aitortzea.
"Lurraldearen egonkortasun ekonomikoan eragin zuzena duten erabaki estrategikoak hartuko dituztenak prestatzea da gure lana"
Zure ustez, zer da familia enpresa batek inoiz galdu beharko ez lukeena, eta zergatik da hain garrantzitsua belaunaldien arteko erreleboa?
Familia enpresa batek ez lituzke inoiz lehen aipatutako balioak galdu behar. Horretarako, ezinbestekoa da belaunaldien erreleboa. Izan ere, kontua ez da negozio bat transmititzea soilik, baita, kultura, ikuspegi eta erantzukizun bat ere. Belaunaldien arteko erreleboak legatuaren jarraipena bermatzen du, eta jarraitutasun horrek ahalbidetzen du enpresek enplegu egonkorra eta aberastasuna sortzen jarraitzea beren ingurunearentzat.
Zer paper du berrikuntzak Kimuan, eta nola orekatzen da hura familiaren herentziarekin?
Kimuarentzat berrikuntza ez da tresna bat bakarrik, taldera hurbiltzen den gazte bakoitzarekin lantzen saiatzen garen jarrera bat baizik. Guretzat, berritzeak aurrera begiratzea esan nahi du, nondik gatozen ahaztu gabe. Horregatik esan ohi dugu: "herentzia ohoratzeko modurik onena herentzia hazten jarraitzea da". Familia enpresan, berrikuntza ez da soilik teknologia berriak ezartzea edo prozesuak modernizatzea, baita enpresa kultura bera zalantzan jartzea, birpentsatzea eta eguneratzea ere.
Gure ustez, herentziak eta berrikuntzak ez dute zertan elkarren artean lehiatu. Haien arteko oreka horrek aukera ematen du erabaki sendoak hartzeko inertzian erori gabe, eta aurrera egiteko enpresa familia bakoitzaren bereizgarri den nortasuna galdu gabe.
"Familia enpresan, berrikuntza ez da soilik teknologia berriak ezartzea edo prozesuak modernizatzea, baita enpresa kultura bera zalantzan jartzea, birpentsatzea eta eguneratzea ere"
Nola irudikatzen duzue Kimuaren etorkizuna?
Gure helburua hazten jarraitzea da, bai kide kopuruari dagokionez, bai beste lurralde batzuekiko konexioei dagokienez, baita nazioartean ere. Belaunaldi berriei prestakuntza eskaintzen jarraitu nahi dugu, familia enpresen jarraipena eta gobernu ona bermatzeko.
Maila pertsonalean, gehien motibatzen nauena gazteei laguntzea da, familia enpresan betetzen duten zeregina deskubritzen. Kide guztiek ez dute rol bera izan behar, baina aukeratutako bidea edozein dela ere, arduraz eta ezagutzaz jokatu behar da. Hori da Kimuaren esentzia.
Bukatzeko, zer mezu helarazi nahi diezu familia enpresen belaunaldi berriko kideei?
Beraien enpresak gaur arte iristea ahalbidetu duten printzipioak sakonki balioesteko esango nieke. Ez ditzatela ahaztu honaino ekarri gaituzten balioak: gure sustraiak, kide izatearen harrotasuna, epe luzerako ikuspegia, jasangarritasuna eta ingurunearekiko konpromisoa. Eta, batez ere, uler dezatela ondarea prestatu, landu eta zaindu egin behar dela; ondare hori ohoratzeko modurik onena jarraitzeko ondo prestatzea da.