Neurtu ezin denik ez dago

QUBIZ.team 'start-up' bilbotarreko kideek amaitzear dute uretan sustantzia kutsatzaileak antzematen dituen gailua. Horrez gain, minbizia lehen fasean hautematea ahalbidetuko duen proiektu batean ari dira lanean

 QUBIZ.team 'start-up' bilbotarraren sortzaileak | Argazkia: utzita
QUBIZ.team 'start-up' bilbotarraren sortzaileak | Argazkia: utzita
2026eko urtarrilaren 24a - 05:30

Neurtu ezin dena neurtzea da QUBIZ.team start-up bilbotarraren erronka nagusia. Kuantikaren, sentsorikaren eta metrologia aurreratuaren arteko mugan kokatuta, ingurumenaren, osasunaren eta energiaren arloetan, gaur egun ikusezinak diren arazoei irtenbidea ematea dute helburu. Deep tech kontzeptu konplexu bat oinarri hartuta, baina gizartean eta ingurumenean eragiteko nahia erdigunean izanik, Europako elitean kokatzeko asmoa duen enpresa txiki baina anbiziotsu baten istorioa da honakoa.

 

Sara Ibañez QUBIZ.teameko zuzendari zientifikoa da; Fisika ikasi zuen, doktoretza egin zuen EHUn, eta geroztik, fisikan eta neurozientzian jardun du ikerketak egiten. Fisikariak azaldu duenez, une honetan, hiru arlotan lan egiten ari dira; energian, osasunean eta uretan: “Osasunean eta energian hazten ari gara, ateak irekitzen, baina, orain aurreratuago gaude uretako kutsatzaileak antzemateko proiektu honetan”.

Zehazki, “PFASak (Per- and polyfluoroalkyl substances) hautemateko zehaztasun oso handiko gailu bat” garatzen ari dira. Hausten ez diren lotura kimiko oso iraunkorrak dira, industriak aspaldi erabiltzen dituen konposatu sintetikoak, alegia". Kontua da ez direla degradatzen; orduan, urarekiko edo tenperatura altuekiko erresistentea den guztia fabrikatzeko erabiltzen dituzte, egunerokotasunean erabiltzen ditugun beste hainbat gauzez gain. "Ondorioz, metatu egiten dira ingurumenean, uretan, lurrean, airean; animaliek irensten dituzte, eta ondoren, guk ere irensten ditugu". Osasunerako ondorio kaltegarri ugari dituztela ere frogatu da; minbizia mota ezberdinekin, tiroideekin lotutako gaixotasunekin eta abarrekin dago lotuta.

 

Sara Ibañez: “PFASak hautemateko zehaztasun oso handiko gailu bat garatzen ari gara”

Gainera, enpresako zuzendari eta sortzaile den Jorge Garcia del Arcok azaldu du zazpi milioi eta erdi PFAS konposatu mota existitzen direla eta egungo metodoak soilik hogei identifikatzeko gai direla. Europan, gutxienez, 44.000 udalerri kutsatuta daudela dio zuzendariak, eta, beraz, “sistema diagnostikatzaileak izatea oso garrantzitsua” dela ingurumenerako eta osasun publikorako. Aurtengo ekainerako lehen prototipoa amaitzea eta egoera errealetan probak egiten hastea espero dute.

Horrez gain, Garcia del Arcok energiaren eta osasunaren arloan ere lanean ari direla nabarmendu du. Energian, gaur egun neurtu ezin den parametro bat neurtzea dute helburu, eta sektoreko nazioarteko liderrekin batera ari direnez lanean, “aurrerapauso handiagoak” emateko aukera izango dutela dio. Osasunean, farmakologiako nazioarteko ikerketa-partzuergo batekin ari dira elkarlanean, bi helbururekin. Alde batetik, mikro-metastasia antzematea, gaur egun ezinezkoa dena. Garcia del Arcok adierazi duenez, minbizia lehen fasean aurkitzen bada, estatistiken arabera, %90etik gorako biziraupen-probabilitatea dago; beraz, “ezinbestekoa da garaiz identifikatzea”. Eta bestetik, gaixotasuna detektatu ondoren, “gaixoarentzat onena izango den tratamendua identifikatzeko tresnak” ahalbidetu nahi dizkiote ikerketa-partzuergoari.

Jorge Garcia del Arco: “Minbizia lehen fasean detektatzea posible egiteko elkarlanean ari gara farmakologiako nazioarteko ikerketa-partzuergo batekin”

Ideiaren jatorria

“QUBIZ kontzeptua deep tech kontzeptu bat da. Enpresa oso konplexua da, haren inguruan merkatu berri bat garatu daitekeelako. Bere definizioa konplexua den bezala, bere jatorria ere hala izan zen”. Jorge de la Herrán y Cresporen hitzak dira horiek, QUBIZ.team-en sortzaile eta zuzendariarenak. Ideia Garcia del Arcorekin batera garatu zuen. Azken horren hitzetan, bien artean “txapela ugari” dituzte enpresaren barruan, hala nola merkatu garapena, negozio garapena edota marketin lanak. Azken finean, zientzialariekin garatzen ari da produktua merkaturatzearekin zerikusia duen guztia.

Istorioa orain dela hamar urte hasi zen Valentín García BIQAIN ekosistemako arduradunarekin. De la Herrán eta biak kuantikari eta neurtu ezin zirenak neurtzeari buruz hasi ziren hitz egiten, eta zerbait berritzailea zela konturatu zen lehena. Aukera bat ikusi zuen. Urte eta bilera batzuen ondoren, ideia garatu zuen eta BAT dorrea sortu zenean, 2022an, bertan lan egiten hasi zen. De la Herránek orduan egin zuen topo Garcia del Arcorekin. Bigarren horrjek, alde batetik, De la Herráni uraren inguruan zuen erronka aurkeztu zion. Beste aldetik, De la Herránek Garcia del Arcori sentsorikako eta metrologia kuantikoko proiektu espezifikoak egiten ari zen pertsona batekin, Jorge Casanovarekin, kontaktuan egon zela esan zion.

2023ko abendura arte hipotesiak eta kontzeptu frogak egiten aritu ziren. De la Herrán zuzendariak dioenez, Casanovak azaldu zien ohiko teknologiekin saiatu zela PFAS kutsatzaileak uretan neurtzen eta lagin bakoitza aztertzeko batez beste 34 urte behar zirela. Beraz, Casanovak metodo berritzaile bat proposatu zuen, eta jarduera-lerro teoriko bat prestatu zuen, QUBIZ.teameko zuzendariak izango zirenek burutu zutena. Bertan, neurketa sei ordutan egitea lortu eta denbora errealean egitea posible zela ondorioztatu zuten, hiru segundo baino gutxiagoan. Erronka hori helburu, zazpi pertsonaz osatutako talde bat eratu zuten, eta 2024an hasi ziren lanean. Bitartean, Europar Batasuneko EIC Accelerator lehiaketara aurkeztu ziren, baita finalera iritsi ere, Europako bikaintasun-zigilu bat eskuratuz. Orduan, De la Herránen iritziz, ikusezinak izatetik ospetsuagoak izatera pasa ziren, eta gaiak potentzial handia zuela konturatu ziren.

Jorge de la Herrán: “Ikusezinak izatetik ospetsuagoak izatera pasa ginen, eta gaiak potentzial handia zuela konturatu ginen”

Europan lortutako ospe horren ondorioz dira, Garcia del Arcok kontatu duenez, QUIC (European Quantum Industry Consortium) izeneko teknologia kuantikoen klusterreko bazkide, eta, gainera, sentsorika eta metrologia kuantikoko adituen taldearen buru izateko eskatu diete. Horrez gain, Europako batzordeak QUBIZ.team aukeratu du kuantika-estrategiaren enpresa aholkularietako bat izateko. Enpresa txikiena dira, Euskal Herriko eta Espainia Estatuko enpresa bakarra, eta Airbus bezalako enpresa handiekin daude bertan.

Lantaldearen jarduteko era eta enpresaren balioak

Ibañezek zuzentzen duen zientzialari taldea kimikari batek, fisikari batek, kimika konputazionaleko doktore batek, eta Adimen Artifizilarekin zerikusia duen zatiaz arduratzen den beste pertsona batek osatzen dute. Ibañezek taldea “oso kolaboratzailea” izatea nahi du, eta horretan ahalegintzen da. Bizkaitarraren esanetan, momentuz talde txikia dira, eta guztiek gauza ezberdin asko egiten dituzte, izatez haien lanbidearekin guztiz lotuta ez daudenak. Alderdi hori lagungarria izan dadin ahalegintzen da Ibañez, langileei ikastea ahalbidetuko diena: “Astero taldeko bilera bat egiten dugu bakoitzak bere lanaren nondik norakoak partekatzeko, izan ere, denok gauza guztiei buruz jakinaren gainean egotea gustuko dut, langile batek beste bat lagundu behar izanez gero, zer egin behar duen jada jakin dezan”.

Bestalde, Garcia del Arcok dioenez, jarraitzen duten zuzendaritza eredua “jasangarritasun hirukoitzaren” bidez definitu daiteke, hau da, jasangarritasun sozial, ekonomiko eta ingurumen- jasangarritasunean. Haientzat garrantzitsuena ez da dirua, gizarte zein ingurumenean eragina sortzea baizik. Gainera, langileek proiektuarekiko apustua egin dutela nabarmendu du zuzendariak: “Esan digutenaren arabera, oso erakargarria da eragin handiko proiektu batean parte hartzeko aukera izatea, hain konbentzionalak ez diren metodoekin existitzen ez diren konponbideak sortzen saiatzen ari den talde bateko kide izatea”.

2026a, urte erabakigarria

Jorge de la Herrán y Crespok dio enpresaren helburua dela Europa mailan punta-puntakoak izatea, eta 2026a urte erabakigarria izango dela "inguruneak haiekiko apustua" egiteko, batez ere arlo ekonomikoan: “Horrek asmo handiko enpresa bat izatea ahalbidetuko digu, erdigune logistikoa Bizkaian izango duena eta mundu mailako ikusgarritasuna izango duena. Umil bezain handinahiak gara pertsona bezala, era osasuntsu batean. Behar ditugun laguntza ekonomikoak lortzen baditugu, urrutira irits gaitezke eta kontziente gara”.

Finantza alorrean ere jauzi bat eman nahi dute, enpresa egonkortuko lukeena

Zuzendariaren aburuz, 2026a aireratze urtea izango da. Kontratazio ugari egiteko asmoa dute eta haiekin kontaktuan jartzen den edozein pertsona elkarrizketatzeko prest daude. Horregatik, finantza alorrean ere jauzi bat eman nahi dute, enpresa egonkortuko lukeena. Bestalde, jarduteko abiadura handitu eta emaitzak hobetuko lituzke honek, eta, De la Herránen ustez, “denbora oso faktore estrategiko garrantzitsua da Europarentzat”, beraz, ezin dute “tren hau pasatzen utzi”. Horrelako aukerak oso gutxitan ematen dira, alegia, mundu mailan hain bereizgarria den teknologia bat garatzeko aukera.