Nuuk enpresa zornotzarrak 600 motor elektriko hornituko ditu Portugalgo Burger Kingentzat

Burger Kingek 1,8 milioi euroko inbertsioa egingo du ibilgailuak elektrifikatzeko

Nuuken motorretako batzuk | Argazkia: Nuuk Mobility Solutions Nuuken motorretako batzuk | Argazkia: Nuuk Mobility Solutions

Nuuk ingeniaritza enpresa bizkaitarrak motor elektrikoak ekoizten ditu eta Zornotzan du egoitza. Eskaera berri bat jaso du eta 600 motor elektriko hornituko ditu Portugalgo Burger Kingen adarrarentzat. Kate erraldoiak 1,8 milioi euro inbertituko ditu Portugalgo 99 jatetxeetako ibilgailuen elektrifikazioan.

Nuukek ohar baten bidez iragarri duenez, berehala banatuko dituzte lehen 120 motozikleta elektrikoak Portugal iparraldeko eta hegoaldeko 20 jatetxetara, eta pixkanaka, flotaren elektrifikazioa kateko 99 jatetxeetara zabalduko dute. Motor elektriko horien etxez etxeko banaketa zerbitzurako izango dira.

Ibilgailu berriek errekuntza baliokidearen %75 baino kostu txikiagoa dute kilometro bakoitzeko, eta ez dute inolako gas kutsatzailerik isurtzen, ezta kutsadura akustikorik eragiten ere, konpainiak azaldu duenez.

Era berean, Nuukek iragarri du laster Portugalgo Burger Kingen flotaren mantentze zerbitzuaz ere arduratuko dela, eta, horrela, Espainiako Burger Kingen adarrarekin bat egingo duela. Izan ere, azken horrekin Nuukek beste 6.000 motor elektrikoren eskaera bat itxi zuen iaz, eta enpresak zerbitzu hori ematen du gaur egun, bere mantentze sare profesionalari esker.

Azken kontratu honekin, Nuuk indarra hartzen ari da, eta kontratu garrantzitsuak lortu ditu: Correosek beste 600 motor elektriko erosi dizkio, eta iaz inoizko eskaerarik handiena egin zion Espainiako Burger Kingen adarrak, aipatutako 6.000 motor elektriko hornitzekoa. Europan ere kontratu garrantzitsuak egin ditu Bizkaiko enpresak, eta egun, 11.000 ibilgailu baino gehiago kudeatzen ditu.

Informazio gehiago
Jaurlaritzak Nuuk enpresaren zati bat erosi du
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK