Nuuk Mobility Solutions, mugikortasun elektrikoruntz

Motor elektriko arin, adimendu eta seguruak ekoizteaz gain, mugikortasun elektrikoarekin lotutako mantenu, konektagarritasun eta finantza zerbitzuak eskaintzen ditu enpresa bizkaitarrak

Argazkia: Nuuk Argazkia: Nuuk

6.000 moto elektriko saldu dizkio aurten Nuuk Mobility Solutionsek (NMS) Burger King jatetxe kate estatu batuarrari. Mugikortasun elektrikorako trantsizioan bezeroen bidelagun da Zornotzan kokatutako enpresa, eta azkeneko elkarlan hau norabide horretan emandako beste urrats bat besterik ez da. “Ibilgailu elektriko, arin, adimendu eta seguruentzako soluzioak eskaintzen ditugu”, dio Ixone Busturia enpresako zuzendariak.

2017an sortu zen NMS eta 2018rako jada, lehen moto elektrikoa merkaturatu zuten. Motorrak, patineteak, bizikletak eta kotxe txikiak (turismoak ez direnak) egiten dituzte eta produktuaz gain, hainbat zerbitzu ere eskaintzen dituzte, hala nola, ibilgailuen mantenua, konektagarritasun zerbitzuak edota finantzaketa aholkularitza. “Alde batetik, ingeniaritza bat gara, ibilgailuak garatu eta adaptazioak egiten ditugu, elektrifikazio prozesuan laguntzen diogu bezeroari, baina beste alde batetik, zerbitzu arloa ere badugu”, azaldu du Busturiak.

Ixone Busturia: "Alde batetik, ingeniaritza bat gara, ibilgailuak garatu eta adaptazioak egiten ditugu, elektrifikazio prozesuan laguntzen diogu bezeroari, baina beste alde batetik, zerbitzu arloa ere badugu”

NMSn ibilgailuak arinak dira, izan ere, L1 eta L7 kategorietan mugitzen dira, L1 ziklomotorra izanik eta L7 lau gurpileko auto txiki bat. Adimenduak dira konektatuta daudelako eta informazioa ematen dutelako bai geokokapena, telemetria, kondukzio mota eta beste hainbat daturi buruzkoa. Halaber, seguruak ere badira, oso garrantzitsua baita segurtasuna Nuukentzat, eta horren erakusgarri da euren Cargopro modeloak eskuratu duen Aenorren Zibersegurtasun ziurtagiria, munduko lehen enpresa izan da ziurtagiri hau eskuratzen.

Flota profesionalak ardatz

Burger Kingen 6.000 motorreko flotaz gain, Correosekin ere lanean dabil enpresa bizkaitarra. “Flota profesionalak ditugu begiz jota”, esan du Busturiak. Bi bezeroen flotak elektrifikatzen ari dira, “Correos elektrifikazio fasea geldoa izaten ari da, baina Burger Kingek urtebetean flota osoa aldatu nahi du. Erritmo onean goaz, baina ibilgailu asko dira. Enpresa txikia gara eta erronka sendoa da”, nabarmendu du.

Banaketa edo delivery sektorean behin murgilduta, etxeko janari banaketan ere sartu nahi du MNSk, eta janari banaketarako enpresa txiki asko euren motorra ikustera joan dira. Busturiaren arabera, profesionaletara dago zuzenduta euren produktua, eta janari banaketa enpresa handiak bakarrik ez, edozein jatetxek banaketarako motorra edo bestelako ibilgailu arin bat behar badu MNS produktuak erosteko parada du.

Ixone Busturia: “Hemen dugun modelo bera errepikatu nahi dugu beste herrialdeetan, Europan, bereziki”

Nazioartera hedatzeko asmoa izan arren, oraingoz Espainian saltzen dute gehienbat. Portugaleko Correosekin ere lanean ari dira, Espainia bezala, euren flota osoa elektrifikatzeko asmoz. Halaber, Costa Ricako posta zerbitzua ematen duen banaketa enpresak ere baditu NMSren motorrak. “Hemen dugun modelo bera errepikatu nahi dugu beste herrialdeetan, Europan, bereziki”, azaldu du Busturiak

Etengabeko hazkundea

“Ibilgailu sorta handiak ekoizten ari garenez, fakturazio aldetik hazkunde handia izaten ari gara eta langile kopurua ere etengabe handitzen doa”, azpimarratu du zuzendariak. 40 langile baina gehiago izanda ere, profesional gehiagoren bila dabiltzala aitortu du. Hala, proiektu berriak finkatzen doazen heinean, jende gehiagoren beharra dutela ohartzen dira.

Ibilgailu adimenduen sektorea gaztea da eta zuzendariaren ustez, oso azkar aldatzen ari da. Aldaketa horren parte direla dio eta bai produktu eta merkatu aldetik oso adi egon behar direla. Hein berean, “gizartea elektrifikatzen” ari direla adierazi du Busturiak, baina elektrifikazio hori mugikortasun jakin batean ikusten du. “Oso luzeak ez diren distantzietarako da egokia teknologia hau, kutsadura arazoak dituzten herri edo hirien barnean adibidez”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK