Olano Services enpresa lapurtarrak Galiziako Devesa Express enpresa erosi du

1997an eratu zen Devesa Express enpresak urtero 25.000 tona muskuilu garraiatzen du

Argazkia: Olano Argazkia: Olano

Donibane Lohizuneko Olano garraio taldeak ekainaren 23an Caldas de Reiseko (Galizia) Devesa Express enpresa erosi du  Akzioak Erosteko Eskaintza Publiko baten bitartez.

Elikadura-produktu hoztuetan eta freskoetan espezializatutako garraio eta logistika alorreko enpresa da Devesa Express. Bere jarduera nagusia merkantzien garraio nazionala da, itsaskien alorrarena batik bat. Erositako konpainiaren plataforma logistikoa 32 ibilgailuk eta 70 langile baino gehiagok osatzen dute. 1997an eratu zuten konpainia eta iaz 14 milioi euroko fakturazioa izan zuen. Urtero Galiziako 25.000 tona muskuilu banatzen du Espainian barrena.

Eragiketa honen bitartez Olano taldeak itsaskien negozio arloa indartu eta Espainiako merkatuko kuota handitu nahi du, 180 milioi euroko negozio zifra lortzeko helburuarekin. 2022an burutzen duen bigarren erosketa da. Duela hilabete bat Olano taldeak 300 langile eta 50 ibilgailu dituen Frigoscandia talde suediarraren Frantziako filiala erosi zuen.

Talde lapurtarrak Hego Euskal Herrian ere jarduten du. 2020an Eskirotzeko Transportes Oteiza e hijas S.L enpresa erosi zuen eta aurton Olano taldean integratu du, Irunen (Gipuzkoa) egoitza duen Olano Logistics International SL enpresarekin bat eginez.

Nicolas Olanok eratu zuen enpresa 1975ean eta bost urte beranduago Donibane Lohizuneko Jaldai industrialdean bere egoitza nagusia ezarri zuen. Enpresak hazkunde handia izan zuen lehen urteetan jaki fresko eta izoztuen alorrean. 1993tik aurrera Frantziatik kanpora hedatu zuen garraioaren jarduera. Gaur egun garraioaz gaindi kate logistikaren beste alor batzuetan ere badabil enpresa. 2018an enpresak urrats berria eman zuen negozio arlo berriak jorratzeari ekinez. Donibane Lohitzunen bere lehen hotela ireki zuen, Madison hotela. Gaur egun bi hotel ditu eta coworking gune bat.

Taldeak 480 milioi euro fakturatu zuen 2021ean. Guztira 3.000 langile, 60 egoitza eta 1.500 ibilgailu ditu taldeak.

Informazio gehiago
Olano Services enpresa lapurtarrak Frigoscandia talde suediarraren Frantziako filiala erosi du
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK