• ENPRESAK GAUR
  • Olatz Cipitria: “Enpresa bat ezin da bakarrik eraman”

Olatz Cipitria: “Enpresa bat ezin da bakarrik eraman”

LIDER ekimenaren sortzaileak estrategia, komunikazioa eta enpresen arteko lankidetza uztartu ditu, ekintzaile berriei zein beren proiektuak berritu nahi dituzten enpresei norabidea aurkitzen laguntzeko

Olatz Cipitria | Argazkia: utzitakoa
Olatz Cipitria | Argazkia: utzitakoa
June Agirre Ansa
Kazetari kolaboratzailea
2026ko urriaren 26a - 05:30

Ekitea ez da ideia bat martxan jartzea soilik; ikastea, egokitzea eta berrasmatzea ere bada. Premisa horretatik sortu du Olatz Cipitriak LIDER, ekintzaile berriei zein beren proiektuak berritu nahi dituzten enpresei norabidea aurkitzen laguntzeko ekimena. Diseinatzaile gisa hasi zuen ibilbidea, eta urteetako esperientziak zein bizipen pertsonalek ekarri dute gaur egungo proiektura. LIDERen, estrategia, marka eta komunikazioa lantzeaz gain, enpresarien arteko konexioa eta lankidetza sustatzen ditu, hazten jarraitzeko komunitate baten indarra aldarrikatuz.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Zer dago LIDERen sorreraren atzean?

2004an hasi nintzen ekintzaile gisa, Eibarren, diseinu-estudioarekin. Eusko Jaurlaritzaren 6.000 euroko laguntza jaso nuen, eta hortik abiatu zen nire bidea. Urteetan, erakundeekin eta enpresa askorekin lan egin dut teknologia berrien inguruan, aholkularitza eta prestakuntza ematen.

 

2019an, ordea, semeekin lotutako egoera pertsonalengatik estudioa itxi behar izan nuen. Une gogorra izan zen: nire enpresa nire aingura zen, eta sormena arnasa hartzea bezalakoa da niretzat. Galduta sentitu nintzen, eta pandemia garaian Mallorcara joan ginen. Han, 2025ean, estudioa berpiztu eta mentoring-programetan aritu nintzen. Ekainean Donostiara itzuli nintzen, eta LIDER zabaltzen hasi nintzen. Nik neuk norabidea berriro aurkitu behar izan nuen; orain, beste batzuei bide hori aurkitzen lagundu nahi diet.

Zein beharri erantzun nahi dio LIDERek?

Norabide faltari. Gure inguruan mugimendu eta zarata handia dago, eta batzuetan gelditu egin behar dugu, non gauden eta nora joan nahi dugun ikusteko.

Ekintzaile gazteek, bereziki 25 eta 35 urte artekoek, teknologia ondo ezagutzen dute, baina enpresa bat kudeatzen, produktuak edo zerbitzuak merkaturatzen eta bezeroen beharrei erantzuten ikasi behar dute. Ideia izatea ez da nahikoa: ideia hori enpresa bideragarri bihurtu behar da.

Bestalde, ibilbidea duten enpresek jarduna egokitu arren, komunikazioa eguneratu gabe izan dezakete. Enpresa aldatu da, baina irudiak ez du hori erakusten. Gelditu, hasierako helburua gogoratu eta hemendik aurrera zer lortu nahi dugun zehaztu behar dugu.

Zer esan nahi du 'Esnatu. Lideratu. Hazi.' leloak?

Hiru urrats dira. Lehenik, esnatu: diagnostiko estrategiko baten bidez, enpresa non dagoen jakin behar dugu. Abiapuntua ezagutu gabe ezin dugu norabiderik ezarri.

Bigarrenik, lideratu: behin egoera ulertuta, estrategia martxan jartzen dugu eta egin beharreko bidea zehazten dugu.

Azkenik, hazi: programa amaitzean, parte-hartzaileak LIDER komunitatean sartzen dira. Bertan, beste enpresari batzuekin esperientziak eta erronkak parteka ditzakete, zalantzak mahai gainean jarri eta elkarrekin irtenbideak bilatu. Beste pertsona baten esperientziak behar dugun erantzuna eman diezaguke. Komunitateak azkarrago hazten laguntzen digu.

Donostia | Argazkia: utzitakoa
Ekainean itzuli zen Donostiara Cipitria, eta orduan jarri zuen martxan LIDER | Argazkia: utzitakoa

Nori zuzenduta dago programa?

Bi profil nagusi ditugu. Batetik, ekintzaile gazteak, beren proiektua martxan jarri eta bidean laguntza behar dutenak. Ideia bat izan dezakete, baina enpresa-sistema, administrazioekiko harremanak edo merkaturatzea ezezagunak izan daitezke haientzat. Nik zubi-lana egiten dut, sistema horrengana gerturatzeko.

Bestetik, beren enpresa berritu nahi duten profesionalak daude. Batzuetan, komunikazioa zaharkituta geratu da edo webguneak ez du enpresaren benetako maila islatzen. Webgunea ez da dekorazio hutsa: helburu komertziala izan behar du, bisitaria bezero bihurtzen laguntzea. Horretarako, enpresaren irudia, mezua eta estrategia bat etorri behar dira.

Zer eskaintzen du LIDER programak?

Lau asteko programa da. Lehen astean estrategia sortzailea lantzen dugu: enpresaren historia, ikuspegia, bideragarritasuna, finantza-plana eta enpresa-plana. Oinarri sendoa eraikitzea da helburua.

Bigarren astean marka eta irudi korporatiboa lantzen ditugu; hirugarrenean, testuak eta komunikazio-mezuak. Gaur egun, Interneten aurkitzen ditugun mezu asko antzekoak dira, eta enpresa bakoitzaren nortasuna nabarmentzea funtsezkoa da. Adimen artifiziala lagungarria izan daiteke, baina mezuek enpresaren izaera islatu eta pertsonekin konektatu behar dute.

Laugarren astean, aurreko guztia webgunean bateratzen dugu. Estrategia, marka, testuak eta diseinua uztartzen ditugu, webguneak helburu komertzialari erantzun diezaion. Helburua ez da webgune erakargarri bat sortzea soilik, enpresaren nortasuna transmititu eta salmentak sustatuko dituen tresna estrategikoa eraikitzea baizik. 

"LIDER komunitatean ostiralero, 19:00etan, elkartzen gara. Bakoitzak astean izan dituen erronkak eta beharrak azaltzen ditu, eta elkarrekin aztertzen ditugu"

Zergatik da hain garrantzitsua networking-a?

Ez dugu enpresa isolatuetan sinisten, are gutxiago gaur egun. Elkarrekin hazten diren enpresetan sinesten dugu. Beste enpresari batek hurrengo pausoa ematen lagun diezazuke, bere esperientziaren bidez edo bide bat erakutsiz. Sare horrek ideiak, kolaborazioak eta bezero berriak ekar ditzake.

Mallorcan networking-ekitaldi askotan parte hartu nuen, eta haien balioa ikusi nuen. Enpresa besteen aurrean aurkezteak ispilu gisa balio du: proiektua berrikustea eta hobetu beharrekoa identifikatzea ahalbidetzen du.

LIDER komunitatean ostiralero, 19:00etan, elkartzen gara. Bakoitzak astean izan dituen erronkak eta beharrak azaltzen ditu, eta elkarrekin aztertzen ditugu. Konexioa, esperientzien partekatzea, lankidetza eta jarraipena dira komunitatearen oinarriak.

Zer espero duzu LIDERetik etorkizunean?

Etorkizunera begira, LIDERen baitan komunitate sendo bat osatzea nahi dut, ekintzaileei eta enpresariei beren bidea argi ikusten eta norabidea mantentzen lagunduko dien espazio bat sortzeko. Proiektu hau eraikitzen enpresak barrutik kanpora garatu behar direla ikasi dut, bakoitzaren ideiaren jatorria eta benetako beharrak ulertuta. Era berean, argi ikusi dut enpresa bat ezin dela bakarrik eraman: esperientziak partekatzeak eta elkarlanean aritzeak indarra ematen diote proiektuari. Horregatik, LIDERen komunitateak elkarri laguntzeko eta hazten jarraitzeko aukera eskaintzea nahi dut. Merkatua etengabe aldatzen denez, enpresek ere egokitu eta berritu egin behar dute. Berrasmatzea ez da salbuespena, enpresa baten eguneroko jardunaren parte baizik.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain