• ENPRESAK GAUR
  • Zibersegurtasun industrialerako laborategi birtuala aurkeztu du Orbik Cybersecurityk

Zibersegurtasun industrialerako laborategi birtuala aurkeztu du Orbik Cybersecurityk

Soluzio teknologikoak ahalbidetuko du produktuek zibersegurtasunaren arloko araudia betetzea

Orbikeko langileak | Argazkia: Orbik Cybersecurity
Orbikeko langileak | Argazkia: Orbik Cybersecurity
2026eko martxoaren 2a - 12:09

Zibersegurtasun industrialak gero eta garrantzia handiagoa du, eta arau berriak ezarri dira fabrikatzaileak behartzen dituztenak euren produktuak merkaturatu aurretik balioztatzera. Hori ikusita, soluzio teknologiko berria aurkeztu berri du Orbik Cybersecurity start-upak, eta Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoan erakutsi du estreinakoz.

 

“Mundu mailako soluzio aitzindariak” laborategi birtual gisa funtzionatuko du, zeinak baieztatuko duen produktuek zibersegurtasunaren arloko araudia betetzen dutela. Izan ere, gaur egun hori bermatzeko saiakera gehienak “eskuz eta kanpotik” egiten dira, eta start-upak ziurtatu du horrek enpresei kostuak eta epeak handitzen dizkiela. Erabiltzeko erraza eta “intuitiboa” den soluzio berriari esker, ordea, saiakera horiek automatizatu ahal izango dira, eta, hala, kanpoko laborategiekiko mendekotasuna murriztuko dute konpainiek.

Orbik Cybersecuritykoek azaldu dutenez, fabrikatzaileentzat ez ezik integratzaileentzat ere onuragarria da tresna. Izan ere, behin produktuak estandarizatuta, sistema bera simulatu ahal izango da, “zibersegurtasun-probak benetako baldintza berdin-berdinetan edo oso antzekoetan egitea” ahalbidetuta.

 

Salva Trujillo enpresako zuzendari exekutiboak soluzio teknologikoak prezioak beheratzeko duen gaitasunean jarri du fokua: “Probak egiteko kostua kanpoko laborategi batean egitea baino askoz txikiagoa izango da”, baieztatu du. Gainera, gogorarazi du konpainiek araudia betetzeak bermatuko duela 15 milioi eurorainoko edo fakturazioaren %2,5erainoko zigorrak saihestea.