Oreka ITk fakturazio errekor berria lortu du 2025ean

Arabako enpresak 7,5 milioi eurotik gorako diru-sarrerak izan ditu eta negozioa sektore berrietara dibertsifikatu du

Argazkia: Oreka IT
Argazkia: Oreka IT
2026eko martxoaren 10a - 13:33

Ziurgabetasun ekonomikoak markatutako urtean ere, Oreka ITk hazten jarraitu du. Tentsio geopolitikoek enpresen inbertsioa moteldu eta industriaren eraldaketa digitala zaildu duten arren, Arabako teknologia konpainiak fakturazio marka berria ezarri du 2025ean, 7,5 milioi eurotik gorako diru-sarrerekin.

 

Emaitza horien atzean negozioaren dibertsifikazioa dago. Konpainiak jarduera indartu du “goranzko sektoreetan” (farmazia, energia eta aeronautika), eta horrela konpentsatu du automobilgintza edo siderurgia bezalako “sektore tradizionalagoetan” izandako inbertsioaren beherakada. Testuinguru horretan, enpresak %13,61 handitu du bere negozio-zifra eta ia %60 hobetu du Ebitda.

Hazkundea are nabarmenagoa izan da Katalunian. 2024an Bartzelonako Intarex enpresa erosi ondoren, Oreka ITk merkatu-kuota irabazi du lurralde horretan, eta %22 handitu du bertako fakturazioa. Aldi berean, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan enpresa-digitalizazioaren arloko “erreferentziazko eragile gisa” sendotu da.

 

2025 urtea amaitzean, konpainiak 130 profesional baino gehiago ditu Araba, Nafarroa, Bizkaia, Gipuzkoa eta Bartzelonako egoitzetan banatuta, eta 200 bezerotik gorako zorro egonkorra mantentzen du. Gainera, laster aurkeztuko du datozen lau urteetarako plan estrategikoa, merkatu geografiko berrietan presentzia handitzeko eta zerbitzu eta produktu lerro berriak garatzeko helburuarekin.

Argazkia: Oreka IT
Argazkia: Oreka IT