• ENPRESAK GAUR
  • Ormazabalek 35 milioi euro inbertituko ditu instalazioetan zein ikerkuntzan

Ormazabalek 35 milioi euro inbertituko ditu instalazioetan zein ikerkuntzan

20 milioi euro Igorreko lantegira bideratuko dira

600 pertsonek lan egiten dute Igorreko lantegian | Argazkia: Ormazabal
600 pertsonek lan egiten dute Igorreko lantegian | Argazkia: Ormazabal
2025eko uztailaren 7a - 13:34

2024-2026 ekitaldian 35 milioi euroko inbertsioak egingo ditu Ormazabal taldeak: ekoizpen instalazioak handitu eta modernizatuko ditu, baita Derioko egoitza berria indartuko ere. Gainera, prozesuak optimizatzen, instalazioak eta ekipoak modu eraginkorrean kudeatzen eta kostuak murrizten ari da konpainia, ingurumen inpaktua minimizatu eta produktu zein zerbitzu berriak garatzen dituen bitartean. Ikerketa arloari ere garrantzia ematen dio taldeak,115 profesional baititu ikerkuntzan eta fakturazioaren %4 I+G+b jardueretara bideratzen baitu.

 

Elektrizitate eta sarerako soluzio teknologikoetan espezializatutako konpainiak garatu duen 35 milioi euroko inbertsio planak bi zutabe ditu. Batetik, 20 milioi euroko zuzkidura du Igorreko egoitzarako, enpresaren lantegirik handiena baita.

Bertan, 600 profesional baino gehiagok lan egiten dute, eta inbertsioarekin teknologia eta berrikuntza indartu nahi ditu taldeak, aldi berean trantsizio energetikoaren aldeko apustua eginda.

 

Hain zuzen ere horrexegatik hasi da konpainia seriean fabrikatzen cgm.zero24 izeneko gas fluordun gabeko teknologia librea. Erabaki hori hartzea “funtsezko urratsa izan da” Ormazabalen estrategian, elektrizitate-sare seguruagoa, jasangarriagoa eta eraginkorragoa lortzeko bidean.

Bestetik, gainerako 15 milioi euroko inbertsioa Derioko lantegira bideratuko du konpainiak, Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoan dituen instalazioetara hain zuzen, zeinak 200 profesional inguruko taldea izango duen.