Iñaki Aramburuk eta Jorge Maylinek 2018an sortu zuten Oroi, arlo soziosanitarioko start-up arrakastatsua. Errealitate birtualeko betaurrekoen bidez, adineko pertsonen bizimodua eta osasuna hobetzea dute helburu, hiru ildo nagusi hauetan: ongizatea, estimulazio kognitiboa eta jarduera fisikoa. Zahar-etxeetan bizi direnentzat sortutako esperientzia birtualak eskaintzen dituzte, haientzat preseski egokitutako edukiak. Hala, kanpoko mundua zentroetara eramanez, estimulu berriak eragiten eta emozioak pizten dizkiete. Gaur egun, hedapen-fase betean daude; izan ere, beren teknologiak gero eta presentzia handiagoa du nazioartean, eta beren fakturazioa %200 hazi da.
Nola bururatu zitzaizuen errealitate birtuala gazteen kontua soilik ez, adineko pertsonen interesekoa ere izan zitekeela?
Iñaki Aramburu (I.A.): Oroi 2018an sortu genuen Donostian. Errealitate birtualeko edukiak egiten genituen eta, behin azoka batean geundela, adineko jende asko gerturatu zitzaigun. Une horretan konturatu ginen errealitate birtuala ez zela gazteen kontua soilik, eta adineko pertsonentzat balio emozional handia izan zezakeela: bidaiatzeko aukera berriro izatea, emozio positiboak piztea edo ezohiko esperientzia bat bizitzea. Guretzat, Oroi da teknologia adinekoei hurbiltzeko modu bat. Helburua argi dugu: adinekoen egunerokoa aberastea. Gaur egun ere, hori da gure lanaren oinarria.
Zuen produktuek aplikazio ugari dituzte, baina bereziki zahar-etxeetan bizi direnei zuzenduta daude. Zergatik?
Jorge Maylin (J.M.): Egia da gure produktuek aplikazio desberdin asko dituztela, baina hasieratik ikusi genuen zahar-etxeetan eta instituzionalizatuta bizi diren pertsonengan zegoela benetako aukera. Haien egunerokoa askotan mugatuta dago, eta estimulu berriak jasotzeko aukera gutxi dituzte. Halakoetan, errealitate birtualak aukera bikaina ematen du bidaiatzeko, naturara joateko, museo bat bisitatzeko edo jarduera kognitibo bat egiteko zentrotik atera gabe.
Iñaki Aramburu: "Teknologia adinekoei hurbiltzea eta haien egunerokoa aberastea da gure lanaren oinarria"
Ez da ohikoa teknologia start-up baten lantaldean bi psikologo egotea. Zein da haien funtzioa?
I. A.: Psikologoak dira Oroiren bihotza. Guk ez dugu soilik entretenimendurako aplikazio bat garatzen; benetako pertsonekin egiten dugu lan, adinekoekin edo egoera zaurgarrian daudenekin. Horregatik, oso garrantzitsua da ulertzea nola eragiten dien esperientziak maila emozionalean eta kognitiboan, eta hori modu arduratsuan lantzea. Psikologoek ematen diote gure tresnari oinarri zientifikoa. Azken batean, teknologia eta pertsonen beharrak lotzen dituen zubia dira. Haiek gabe, Oroi teknologia hutsa izango litzateke; haiekin, esku-hartze tresna bihurtzen da.
Munduko hiri eta natura-paisaietan zeharreko ibilbideak eskaintzen dituzue. Nola laguntzen du horrek erabiltzaileen ongizatea handitzen?
J. M.: Gaur egun berrehun eduki baino gehiago ditugu Wellbeing atalean, eta etengabe ari gara berriak sortzen. Baditugu munduko hirietan zeharreko ibilbideak, natura-paisaiak, itsasertzak, mendiak, museoak... Ibilbide horiek ez dira ikus-entzunezko hutsak. Oroitzapenak pizten dituzte, eta emozio positiboak aktibatzen. Norbaitek bere gaztaroan bisitatu zuen hiri bat berriro ikusten duenean edo itsasoa entzuten duenean, zerbait mugitzen zaio barruan. Horrek ongizate emozionalean eragin zuzena dauka.
Estimulazio kognitiboa helburu, agertoki errealistetan eguneroko jarduerak egiteko aukera ematen diezue. Zer onura dakarzkie?
I. A.: Gure estimulazio kognitiboko jarduerek eguneroko bizitzarekin lotura zuzena dute. Helburua da pertsonarentzat esanguratsuak diren egoerak lantzea. Adibidez, supermerkatuan erosketak egitea simulatu dezakegu, objektuak identifikatu, zerrenda bat gogoratu edo produktu bat non dagoen aurkitu. Beste jarduera batzuk dira hiri bateko mapan kokatzea, data jartzea edo bi irudiren arteko desberdintasunak aurkitzea. Horietan memoria, arreta, hizkuntza, orientazioa eta funtzio exekutiboak lantzen dira.
Jorge Mailyn: "Gure teknologia ahalik eta ikusezinena izatea bilatzen dugu, betaurrekoak jarri eta jardueran murgiltzea, esperientzia bera izan dadin protagonista"
Zuen teknologiak ez du urruneko aginterik behar. Horrek esperientzia oro askoz errealistagoa sentiarazten du, ezta?
J. M.: Bai, hori da. Azken finean, teknologia ahalik eta ikusezinena izatea bilatzen dugu, betaurrekoak jarri eta jardueran murgiltzea, esperientzia bera izan dadin protagonista. Horrela sentsazioa errealagoa da, benetan leku horretan zaudela sentitzen duzu. Eta horrek parte-hartzea eta inplikazioa handitzen ditu, eta erabiltzaileak askoz errazago orientatzen dira ingurunean.
Jarduera intelektualak ere proposatzen dizkiezue: puzzleak, objektuak identifikatu eta izendatzekoak... Terapia egokia al dira gaixotasun kognitiboak dituztenentzat?
I. A.: Bai, halakoak eskaintzen ditugu eguneroko bizitzarako gaitasun kognitiboak lantzeko, eta terapia egokia izan daiteke gaixotasun kognitiboak dituzten pertsonentzat. Jarduera intelektual horiek, terapeutekin koordinatuta, estimulu eta entrenamendu baliotsua izan daitezke.
Azken bi urteotan Europako hiru enpresa erosi dituzue, eta zuen fakturazioa nabarmen hazi da.
I. A.: Azken urteotan hazkunde fase oso esanguratsua bizi izan dugu. Europako hiru enpresa teknologiko integratu ditugu taldean, eta horrek aukera eman digu, bai teknologikoki, bai merkatu mailan jauzi kualitatibo bat egiteko. Fakturazioa ere %200etik gora hazi da. Estrategia horrek nazioarteko presentzia sendotzea ahalbidetu digu, bezero sarea handituz. Gaur egun mila bezero baino gehiagorekin lan egiten dugu.
Iñaki Aramburu: "Hazkunde fase betean gaude. Europako hiru enpresa teknologiko integratu ditugu taldean, eta gure fakturazioa % 200 hazi da"
Baduzue nazioartean hedatzen jarraitzeko planik?
I. A.: Bai, hori da gure asmoa. Europa da gure lehentasunezko eremua, batez ere zahartzea erronka demografiko handia delako, eta osasun eta zaintza sistemek berrikuntza behar dutelako. Etorkizunari begira, bi ardatz nagusi ditugu: hedapen geografikoa eta produktuaren garapen sakona. Gure helburua da dimentsio fisikoa, emozionala eta kognitiboa uztartzen dituen soluzio integral bat eskaintzen jarraitzea, sektorearen beharretara egokituta.