Donostiako Oroi start-upak hazten jarraitzen du. 2024an FeelU konpainia frantziarra eta 2025ean VR Pharma erosi ostean, Kaleido VR enpresa txekiarra bereganatu berri du.
Eragiketa honen bidez, Oroik jakinarazi du sektore soziosanitarioan 1.000 bezero baino gehiago dituela, eta silver economy merkatuan erreferentziazko plataforma bilakatu dela Europan. Egun, konpainiak Espainian, Frantzian, Suitzan, Belgikan, Alemanian, Txekiar Errepublikan eta Eslovakian hainbat operazio egin ditu, eta Estatu Batuetako eta Australiako banatzaileekin ere lan egiten du.
Errealitate birtualeko plataformak eta edukiak garatzen ditu Oroik, eta Kaleido VR erosita, esparru “sozial, sanitario eta asistentzialean” hazi nahi du. Txekiako enpresak plataforma teknologiko propioa du.
"Eragiketari esker, Europako hazkundea bizkortu eta gizarte-sektorearekin dugun konpromisoa indartu dezakegu. Talentua eta tokiko esperientzia integratzen ditugu, talde bakoitzaren nortasuna mantenduz, eta aldi berean gure plataforma eta edukiak indartzen ditugu ", adierazi dute Iñaki Aramburu eta Jorge Maylin Oroiko zuzendari eta sortzaileek.
Bestalde, Marek Hása Kaleido VRren fundatzaileak adierazi duenez, Oroirekin bat egiteak "merkatu eta baliabide teknologiko berrietarako sarbidea" ematen die, eta, horri esker, "azkarrago haziko dira", lantaldea eta lan egiteko moduari eutsiko diotelarik.