• ENPRESAK GAUR
  • Teknologia berrien arriskuen aurrean neurriak hartzeko eskatu die Osalanek enpresei

Teknologia berrien arriskuen aurrean neurriak hartzeko eskatu die Osalanek enpresei

Lan-arriskuen sentsibilizazio kanpaina berrian Osalanek azpimarratu du lanerako prebentzioak berriztatu behar direla

Lourdes Iscar Reina eta Elena Pérez Barredo | Argazkia: Irekia
Lourdes Iscar Reina eta Elena Pérez Barredo | Argazkia: Irekia
2025eko apirilaren 28a
Eg. 2025eko apirilaren 28a

Laneko arriskuen prebentzioari buruzko sentsibilizazio kanpaina berria aurkeztu du gaur Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak. Aurten, kanpainan fokua jarri da digitalizazioak eta Adimen Artifizialak (AA) lan osasunean dituzten eraginetan. ‘Laneko segurtasuna eta osasuna ere eguneratuko ditugu?’ lelopean, Lourdes Iscar Reina Osalaneko zuzendari nagusiak gogorarazi du lanpostuetako prebentzioa eguneratu beharra dagoela, tresna teknologikoak eta lanerako metodoak etengabe eguneratzen ari direlako. Azaldu du kanpainaren helburua dela “transformazio teknologikoarekin batera laneko segurtasuna eta osasuna benetan eguneratzea”.

 

Elena Pérez Barredo Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordea ere izan da aurkezpenean, eta teknologia berriak dituen erronketan jarri du azpimarra, “gizartea eraldatzen” ari direlako. Esan du laneko arriskuen prebentzioak “presente” egon behar duela, plataforma digitalen, telelanaren eta errealitate areagotuaren zein birtualaren erabileraren aurrean, erronkak sortzen baitituzte “arrisku psikosozialekiko esposizioari dagokionez”.

Kanpainaren aurkezpenean Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentziak aurkeztutako txostena aipatu da, zeinaren arabera faktore psikosozialak lan-arrisku garrantzitsuenetarikoak izango diren datozen urteetan, depresioa, estresa, antsietatea edo lo egiteko arazoak eraginda. AAren erabilerak eragin handiagoa izan dezake arrisku psikosozial horiek garatzean.

 

Teknologiaz gain, Barredok enpresei eskatu die lan arriskuen prebentzioa txertatzea, “iragan mendeetako istripuak” ekiditeko, “batez ere, altueratik eroritakoak edo makinek harrapatutakoak”. Osalanen 2025eko martxoko datu ofizialek diote orain arte 9.254 lan-istripu egon direla EAEn, (8.105 istripu arin, 41 istripu larri, eta heriotza eragin duten zazpi). Horregatik, “prebentzioan inbertitzea ezinbestekoa” dela gaineratu du sailburuordeak.