Otsagabiko larreetan hazitako euskal txerria

Andoni Arizkuren eta Iñaki Zoko Iruñetik Otsagabira joan ziren orain hamar urte pasatxo. Zaraitzu ibarrean bizi nahi zuten eta txerriekin lanean hasi ziren. Bordaxaki da horren emaitza: baso eta larreetan hazitako euskal txerria

Andoni Arizkuren eta Iñaki Zoko, Bordaxaki proiektuaren arduradunak | Argazkia: utzita
Andoni Arizkuren eta Iñaki Zoko, Bordaxaki proiektuaren arduradunak | Argazkia: utzita
Joanes Marquet Lopetegi
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026eko urtarrilaren 27a - 05:30

Landa eremura alde egitea askoren burutazioa izan ohi da, egungo bizimoduaren isla bilakatu baitira hiriak; zaratatsuak, jendetsuak, frenetikoak… eta mendi aldera joatea ihesbide bilakatu da; estresetik, kaosetik eta bizitzeko modu azkar batetik alde egiteko aukera. Aitzitik, bizimodu hori gehiegi idealizatzeko arriskua badago, lehen sektorean lan egitea ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula. Jardun gogorra da, fisikoa, ordu asko dedikatu beharrekoa, klimak nabarmen baldintzatzen duena, eta hiriak eskaintzen dituen baliabideetatik urrun gainera.

 

Ideia hori buruan, Andoni Arizkuren mekanikariak eta Iñaki Zoko arkitekto teknikoak Iruñea utzi eta Otsagabira lekualdatzea erabaki zuten orain hamar urte pasatxo. Zaraitzu ibarreko herrian bazuten familia, eta euren ogibideak direla eta hor inguruan lan egitea egokitu zitzaien behin baino gehiagotan. Bada, familiaren herrira itzultzean ohartu ziren bertan nahi zutela eraiki euren etorkizuna: “Hona etortzen ginen noizean behin eta sentitu genuen hemen bizi nahi genuela. Bizitzeko, ordea, ikusten genuen zerbait sortu behar genuela”, gogoratu du Arizkurenek.

Bailaran hainbat lan egiten hasi ziren: “AEKn euskara irakasle hasi nintzen eta gero autobus gidari. Elurra kentzeko makinekin ere aritu naiz. Iñaki, aldiz, turismo sektorean aritu zen lanean”, dio Arizkurenek. Baserri eskola bat sortzea ere bururatu zitzaien, eskoletako ikasleek animalien munduan ezagutu zezaten, baina ohartu ziren, herrian bizi nahi bazuten, horrekin ez zutela nahikoa.

 

Andoni Arizkuren: “Hona etortzen ginen noizean behin eta sentitu genuen hemen bizi nahi genuela. Bizitzeko, ordea, ikusten genuen zerbait sortu behar genuela”

Lehen sektorean lan egitea gogorra ez, eta txerriekin lanean hastea erabaki zuten bi lagunek. “Kasualitatez” izan zen Arizkurenen hitzetan: “Lagun batek bazituen euskal txerri batzuk Iñakiren familiaren bordan, hau da, guk egun erabiltzen dugun bordan, eta horregatik hasi ginen”.

Bien familiek bazuten, baina, eskarmentua lehen sektorean. Arizkurenen osaba batek ardiak zituen, baina ez zuten horrekin jarraitu nahi; “zerbait desberdina” egin nahi zuten. Hortik txerriaren aldeko hautua.

Ochagabia 04
Modu estentsiboan hazten dituzte txerriak | Argazkia: utzita

Gogorra, baina gustukoa

2015ean ekin zioten proiektuari, txerri bakar batekin, eta 2023ra arte, denda nahiz obradorea ireki zuten arte, beste lan batzuekin uztartu beharra zuten txerrien jarduna. Zerotik ez, “minusetik” hasi zirela dio Arizkurenek: “pixkanaka joan gara ikasten. Hasieran, gauza guztietan bezala, behar duzu beste diru-sarrera bat, ze txerriekin ez genuen nahikoa ateratzen. Txerri gutxi genituen, ikasten ari ginen eta negozio guztia osatu behar genuen. Ezin genuen diru-sarrera askorik izan”.

Txerri bat ere nolakoa zen ia ez zekitela aitortu du Arizkurenek, baina ikasten joan ahala, jarduna gustuko zutela ohartu ziren, nahiz eta lana nekeza izan. “Momentu askotan kostatu egin zaigu, baina ez gara beldur izan eta beti esan dugu gutxienez saiatu beharra genuela. Gure inguruan ere ez dago ia inor gurea egiten duenik. Alde batetik, gogorra izan da, azkenean animaliekin egunero lan egin behar baita, eta lanak fisikoak baitira; baina, beste alde batetik, asko betetzen zaituen lana da”.

“Momentu askotan kostatu egin zaigu, baina ez gara beldur izan eta beti esan dugu gutxienez saiatu beharra genuela. Gure inguruan ere ez dago ia inor gurea egiten duenik"

Denda irekitzea mugarri izan zen bi lagunentzat. Ordura arte, ekoitzitako txerrikia ezagunen artean banatzen zuten, baina Otsagabia herrian espazio hura irekita, jarduera profesionalizatu zuten nolabait. Bestelako lanak utzi eta Bordaxaki txerrietara dedikatu ziren erabat. “Ikusten genuen pausoa eman eta horretara dedikatu edo jarduera utzi beharko genuela. Kristoren saltoa izan zen, oso gogorra. Izan ere, zortzi urte eta gero ireki genuen denda eta nahiko nekatuta iritsi ginen, eta hori zen zero puntua”.

Tokiko produktua

Gaur egun 25 txerri ama dituzte eta beste ehun inguru dituzte bordan, “gizentzen”. Iaz 120 txerri eraman zituzten hiltegira eta sumatu dute jarduera areagotu zaiela. Horren erakusle hirugarren pertsona bat batu zitzaien iaz proiektura. “2025ean izan dugu langile berri bat, herriko gazte bat, harakinaren semea. Guk berarekin ikasi genuen. Bere semea dabil gurekin jardunaldi erdiz eta transformazioan laguntzen digu gehienbat”.

Arizkuren arduratzen da batik bat txerriak hazteaz, Joseba (herriko harakinaren semea) eraldaketaz arduratzen da eta Zoko obradorean izaten da salmenta lanetan. Hiru prozesuok barne hartzen ditu Bordaxakik. “Gero egia da behar denean, denok egiten dugula denetatik”, dio Arizkurenek.

“Ziklo osoa egiten dugu, hiltegiarena izan ezik. Argi genuen tokiko produktua egin nahi genuela, lehen egiten zen moduan, hemengo etxeetan, aditiborik gabe”

Borda Otsagabitik hiru bat kilometrora dute, eta eraikinaren inguruko lursailetan izaten dira txerriak urte osoan zehar, modu estentsiboan hazten dituztelarik. Borda barruan txerri amak sartzen dituzte erditzeko, eta bertan egoten dira txerrikumeekin. Txerriak urtebete inguru egin eta hiltegira eramaten dituzte. “Ziklo osoa egiten dugu, hiltegiarena izan ezik. Argi genuen tokiko produktua egin nahi genuela, lehen egiten zen moduan, hemengo etxeetan, aditiborik gabe”.

Ochagabia 12(1)
Bordaxakiren txerriak Zaraitzu ibarreko larretan | Argazkia: utzita

Jarduera egonkortu eta lasai bizi

Salmentaren zati handiena herriko dendan egiten dute, baina inguruko jatetxetan eta dendetan ere saltzen dute. “Euskal txerria ekoizten dugu; ez da produktiboa baina kalitate handikoa da. Produktuek oso erantzun ona jaso dute bezeroen partetik”, adierazi du Bordaxakiko kideak.

Oraingoz, Otsagabian eta bailaran zehar saltzen dute, eta ez dute premia handirik ikusten salmenta beste eremu batzuetara zabaltzeko. “Proiektu hau sortu genuen bizitzeko, eta gure helburua ez da kristoren enpresa sortzea. Ez dugu asko zabaldu nahi”.

“Ikusten dugu handituz gero, ez garela izango orain garenak. Agian ona izango da, baina ez da izango orain Bordaxaki dena. Beste gauza bat izango da eta ez dugu hori nahi"

Negozioa asko handitzeak arrisku bat dakar: produktua gustatuz gero, bezeroek gehiago eskatzen dutela, eta horrek gehiago ekoiztea dakar, lana handituz. “Ikusten dugu handituz gero, ez garela izango orain garenak. Agian ona izango da, baina ez da izango orain Bordaxaki dena. Beste gauza bat izango da eta ez dugu hori nahi”.

Bada, denda ireki eta ondorengo bi urteak igarota, lortu dute nolabaiteko "lasaitasun bat", ikusi baitute Bordaxakik bizitzeko adina diru-sarrera ematen diela. Aitzitik, lan asko dute aurretik. "Mundua ez da oso justua, lan handia egin behar duzu eta agian ez duzu ateratzen behar duzuna", dio Arizkurenek. Orain arteko ibilbidearekin pozik badaude ere, jarduera egonkortu nahiko lukete, eta denbora gehiago izan lanetik kanpoko aisialdirako. Hasierako helburua lortu dute bederen, Otsagabian bizitzearena.