• ENPRESAK GAUR
  • Otsailaren 14ean gauzatuko da Kutxabanken eta Cajasurren arteko erabateko bat-egitea

Otsailaren 14ean gauzatuko da Kutxabanken eta Cajasurren arteko erabateko bat-egitea

Azken pausoa integrazio teknologikoa izango da

Kutxabanken bulegoak | Argazkia: Kutxabank
Kutxabanken bulegoak | Argazkia: Kutxabank
2026eko urtarrilaren 30a - 14:03

Bi aste. Hortxe denbora Kutxabanken eta Cajasurren arteko bat-egite osorako. 2025eko urriaren 1ean sozietateen fusioarekin hasitako prozesua otsailaren 14ean amaituko da, eta integrazio teknologikoa izango da emango den azkeneko pausoa. Hala, Andaluziako finantza taldeko bezeroen guztizko integrazioa gauzatuko da. 

 

Finantza-erakundeak ohar bitartez emandako datuen arabera,  Kutxabankeko bezeroentzat bulego eta kutxazain sarearen hazkundea %30ekoa eta %20koa izango da, hurrenez hurren. Cajasurrekoen kasuan, bulego kopurua hirukoiztu egingo da, eta kutxazainena laukoiztu. 

Hala, Kutxabanken 2025-2027 Plan Estrategikoan jasotako hazkunde eta dibertsifikazio estrategian beste mugarri bat ezarriko du banku euskaldunak. Taldeak azpimarratu duenez, "Integrazioak bezeroei erantzuteko gaitasun handiagoa emango dio", ahalbidetuko baitio "sare handiago batean elkarreragingarritasuna" izatea, "bezero-esperientziaren eta pertsonalizazioaren alde egitea" eta "familia eta enpresentzat kreditu-inbertsiorako gaitasun handiagoa" edukitzea.