• ENPRESAK GAUR
  • Petronorrek epaitegien esku utzi du aldageletako gatazka

Petronorrek epaitegien esku utzi du aldageletako gatazka

CCOO eta UGT sindikatuek aldageletako denbora “orekatzeko” konpainiak hartutako erabakia gaitzesten dute

Argazkia: Petronor
Argazkia: Petronor
2025eko urriaren 24a - 09:44

Petronorrek erabaki du epaitegien esku utziko duela langileen eta zuzendaritzaren arteko gatazka, enpresak “aldagelen gerra” gisa izendatu duena. Muskizeko konpainiaren esanetan, UGTk eta CCOOk osatutako gehiengo sindikalarekin aurreakordio bat lortu zuten, baina langileen batzarrak ez duenez onartu akordio hori bozkatzea, ez aurrera ez atzera geratu dira.

 

Konpainiak azaldu duenez, egoera horren aurrean ez du beste irtenbiderik ikusten, eta auzia epaitegietan argitzea erabaki du. Petronorrek gaineratu du 6 milioi euroko inbertsioa egin duela aldageletan, “langileen segurtasuna hobetzeko” eta “lanerako arropa eta babes-ekipoak behar bezala erabiltzea” bermatzeko.

Gatazka irailaren amaieran piztu zen, enpresak 400 langileri lanaldia ordu erdi luzatzeko asmoa iragarri zuenean, arropa aldaketaren denbora “orekatzeko” helburuarekin. Langileek neurri hori “inposizio” gisa salatu zuten eta greba mugagabea abiarazi.