Dibertsifikazioa indartzeko asmoz, Robohelix izeneko enpresaren kapitalean sartu da Fagor Arrasate, %20ko partaidetza eskuratuta. Hala ere, Mondragon korporazioko konpainiak aurreikusten du datozen urteetan Robohelixen gehiengo partaidetza lortzea.
Robohelix konpainia 2015. urtean sortu zen Australian, baina egun Alemanian du egoitza nagusia. Enpresak ingeniaritza aurreratua, automatizazioa eta industria-diseinua uztartzen ditu eta orotariko soluzioak eskaintzen dizkie zenbait eta zenbait sektoreri. Fabrikatzen duen soluzioetako bat Arkimedesen torlojuak dira, eta produktu hori da, hain zuzen ere, Fagor Arrasate haren kapitalean sartu izanaren arrazoi nagusia. Arkimedesen torlojua irina, harea, ongarriak edota laboreak leku batetik bestera mugitzeko erabiltzen da; Robohelixek teknologia bat garatu eta patentatu du, zeina gai den torloju horietako helizeen fabrikazioa automatizatzeko.
Zortzi ardatz dituen CNC makina robotiko horrek orain arte beharrezkoak ziren prentsa hidrauliko handiak, trokel garestiak eta eskuzko prozesuak desagerrarazten ditu; ondorioz, ekoizpen abiadura eta segurtasuna handitzen dira, eta kostu operatiboak txikitzen dira, metodo tradizionalaren aldean.
Hala, elkarri mesedea egingo diote bi enpresek. “Robohelixek gure gaitasunen oso osagarria den teknologia bat ematen digu, eta gure sektore tradizionalen —automobilgintza, etxetresna elektrikoak edo siderurgia— ziklo ekonomikoekin korrelaziorik ez duten industrietan sartzeko aukera ematen digu”, azpimarratu du Juan Etxebarriak, Fagor Arrasateko negozio-garapeneko zuzendariak. Era berean, Fagorrekoek baieztatu dute Robohelixek aukera izango duela bere produktua “merkatuan parekorik ez duen industria-soluzio oso baterantz eskalatzeko”.