
Badira zenbait bulego pertsona baten izaerari buruz asko esan dezaketeenak, haren izaera nolabait ezagutzeko balio dezaketeenak. Rosa Carabel Eroskiko CEOaren bulegoa izan liteke horren adibide. Ez da bulego aseptiko bat. Argazkiak ikus daitezke han eta hemen: familiarekin, lanean ezagutzen doan jendearekin... Eta aldi berean, Eroski oso presente dago, ateratako eskaintzekin edo bestelako produktuekin. "Egiten dudanaz gozatu egiten dut. Sektorea oso gustuko dut. Beti izan dut gustuko. Horrek energia ematen dizu aurrera egiteko", dio Carabelek. Norabidea markatuta, eta 2024-2027 aldi estrategikoan murgilduta, une ona bizi du egun euskal kontsumo kooperatibak: 2024ko datuen arabera, %23ko hazkundea izan zuten zergen aurreko emaitzetan, eta 5.885 milioi euroko salmenta gordinak, %2,7ko hazkundea izanik; aldi berean, zorra amortizatzen ari dira.
Carabelek argi hitz egiten du, eta beharrezkoa denetan, baita zuzenketak plazaratu ere. Egindako bideaz, emaitzez, kontsumoaz, lidergoaz, talentuaz eta etorkizunari buruzko galderak erantzuten dizkio EnpresaBIDEAri. Eta den-dena, bere gertutasuna albo batera utzi gabe. Bere bulegoak helarazten duen gertutasun bera.
Hiru urte igaro dira Eroskiren ardura hartu zenuenetik, eta 2020tik daramazu Zuzendaritza organoan. Pandemia eta inflazio krisia izan dituzu tarteko. Nola deskribatuko zenituzke urte hauek?
Ikasketa ugariko urteak izan dira. Asko eraldatu dugu konpainia, oso denbora gutxian. Ezjakintasuna da nagusi, eta planak egiten dituzunean ez dakizu zein puntura arte exekutatu ahalko dituzun, inguruan gertatuko dena ez dakizulako. Baina aldakortasun garai honetan ikasi dugu oso argi izan behar duzula norabidea, fokua argi izatea. Eta hori abiapuntu, alertan egotea hara iristeko.
Aldi berean, lehendik banekien zerbait berretsi dut: zein garrantzitsua den zure inguruan babestu eta bultzatuko zaituzten pertsonak izatea, aldi berean zuk babestu eta bultzatu ditzakezunak, denon artean helburu partekatuak lor ditzagun. Erronka eta zailtasunez josita izan bada ere, oso ibilbide aberasgarri eta pozgarria izan da. Eta ilusio handia dut esku artean dugunarekiko.
Zein itxura hartzen diozu 2025ari?
Momentuz, eta mahaigainean ditugun datuak ikusita, merkatuak jarrera positiboa du. Dinamikoa da, eta hazten ari da. Gure urteko hazkunde espektatiba %3,5ekoa da. Eta urteko lehen partean aurreikuspen horien gainetik gaude. Hazkundea ez da balioagatik, bolumenagatik baizik. Hori oso positiboa da guretzat. Eta aldi berean, badu erronka bat, kontsumitzailea erakartzekoa. Zentzu horretan merkatu konplexua da, egunerokotasunean hartzen baititu kontsumitzaileak erabakiak, azkenaldian inflazioaren gorakadari aurre egiteko.
Inflazioa egonkortuta badago ere, prezioak igo egin dira.
Eta hori ez da jaitsiko, nahiz eta zenbait kategoriak hegazkortasun handia izan berezkoa. Gauden tokian gaude, eta ez gara itzuliko 2021era. 2022tik %28 garestitu da erosketa saskia. Kontsumitzailearentzat prezioa oso garrantzitsua denez, marka propioa hartzen du aintzat, baita eskaintzak ere. Eta gu horretara egokitu behar gara.
Horregatik guretzat gako da lehiakortasuna eskaintzea, Eroskin erosita kontsumitzaileak aurrezteko aukera izan dezan.

Eroskik uneoro nabarmendu du saiakera egin duzuela prezioen igoerak ez zezan zuzenean kontsumitzaileengan eragina izan. Nola landu duzue?
Sektorea bere osotasunean asko kritikatu zen bere garaian prezioen igoeragatik. Eta nik uste dut esfortzu handia egin zela balio kate osotik kostuen hazkundea ez helarazteko zuzenean kontsumitzaileei. Izan ere, hazkundea lehengaietan ez ezik, soldatetan, energian, garraioan... ere gertatu zen. Etxeetan ere gauza bera pasa zen: hipoteka, argindarraren faktura... denak egin zuen gora.
Nola egin genuen? Efizientzia neurriak aplikatuta. Eroskiren kasuan, ia-ia obsesionatu egin ginen prezioak beste batzuek baino gutxiago areagotzeko. Igo ditugu, ezinezkoa zelako ez igotzea, baina saiatu gara gure lehiakideen igoeraren atzetik izaten, lehiakortasuna irabazi asmoz.
Apustu irmoa izan da?
Bai. Oso irmoa. Eta uste dut oso erabaki ona izan zela, kontsumitzaileen erantzuna oso positiboa izan baitzen eta fidelizatzea lortu baikenuen.
Inflazioa egonkortu da arestian aipatu bezala. Estrategia berari helduko dio Eroskik?
Gure lehiakortasuna hobetzen jarraitu nahi dugu. Esan bezala, hori da gure obsesioa. Eta gure desberdintasuna besteekiko zera da: eskaintza ugari ditugula, oso modu intentsoan. Gure fidelizazio klubean 6 milioi bezero ditugu. Eta horri esker oso modu pertsonalizatuan iritsi gaitezke kontsumitzailearengana, eskaintzen bitartez, norbere gustuen arabera.
"Azken 15 urteetako unerik onenean gaude. Eta gainera une hori sendotzen eta finkatzen ari gara. Erronkaz beteriko aldi bati egin behar diogu aurre, baina oso prest gaude"
Talde bezala, azken 15 urteetako unerik gozoena bizi al du Eroskik?
Zifrak ikusi besterik ez dago. Irmoki esan dezakegu oso une onean gaudela. Eta oso une ona da aurretik ditugun erronkei aurre egiteko. Azken 15 urteetako serieari erreparatuz gero, zifra onenez hitz egiten ari gara. Zerga aurreko emaitzetan %23ko hazkundea lortzea esfortzuaren eta egiteko moduaren isla da. Eta ibilbide orri argia ezartzea, egun gauden tokira eraman gaituena, aurre egin beharreko zailtasun guztiei aurre eginda.
Negozio zifra bat emateagatik: 332 milioi euroko EBITDA baten gaude. Aurreko urteko EBITDA beretsua da, baina aintzat hartu behar dugu, pandemia urtea kenduta, aurreko EBITDA onena 282 milioi eurokoa zela. 50 milioi euroan hobetu dugu gure negozioaren gauzatzea. Beraz, bai. Azken 15 urteetako unerik onenean gaude. Eta gainera une hori sendotzen eta finkatzen ari gara. Erronkaz beteriko aldi bati egin behar diogu aurre, baina oso prest gaude. Zintzoki uste dut hau dela gure momentua.
Zenbateko horietan zer nolako eragina du EAEn eta Nafarroan kooperatiba-taldeak duen negozioak?
Gure negozio emaitzen %50 gure perimetro historikotik dator, eta beste %50 gure aliantzetatik. Beraz, oso nabaria da.
2009tik zorra 2.558 milioitan amortizatu da. Eta 2024an amortizazioa 59 milioikoa izan zen, adostutakoa baino 15 milioi gehiago. Zer izaten ari da gako zorrari aurre egiteko?
Hasieran esandako gauza bera errepikatu ahal dizut. Ibilbide orri garbi bat ezarri izana. Atzera begiratuz gero, erabaki zail ugari hartu behar izan dira. Eta erabaki horiek exekutatzen genituen bitartean ezin genuen negozioa begi-bistatik galdu. Dendak eraldatu behar ziren, kontsumitzaileari erantzuna emanez, kontsumo tendentziei erantzuna emanez... Eta nik uste dut ondo egin genuela negozio kudeaketaren eta ondare kudeaketaren arteko bereizketa, eta ibilbide orria betetzen joan ginela gertutasun nahikoarekin. Planifikatzea gakoa da iritsi nahi duzun tokira iristeko, eta bide horri eustea adorez, erresistentziaz, erresilientziaz eta ahalegina eginez.
Gure zorpetzea 2,3 aldizkoa da. Pozik gaude, nahiz eta ez gauden zorpretze maila egokian. Gure helburua da 2 aldizkoa izatea da, are txikiagoa aukera badugu, baina inoiz ez 0koa. Eta horretarako ari gara lanean.
Hori bai, karga finantzario garrantzitsua dugu. Eta horri erantzun bat eman nahian ari gara.

Eta noiz nahi duzue iritsi helburu horretara?
2029an gutxi gora behera. Oso gertu gaude etorkizunerako erosoa izan daitekeen egoera batera iristeko.
Zor horren parte handi batek 2023an jaulki ziren bonuekin du lotura. Ba al dago bete behar den bestelako eperik?
2029ko epemuga dute. Beraz, epe motzean ez gaude derrigortutak bonu horiek amortizatzera. Are gehiago, lehenengo bi urteetan ezin dira amortizatu.
Hala ere, esan bezala, karga finantzario garrantzitsua denez, egoera hori berrordenatzeko lanean ari gara. Helburua da hura leuntzea, baina urgentziarik gabe, batez ere egokitasunagatik.
Jo dezagun beste gai batera. Erregulazioa. Banaketa eta kontsumo handiko sektorearen etsai nagusia al da?
Ez nuke hori esango. Gainera, erregulazio aldetik kargarik handiena gure DNAn dagoen esparru baten dago: jasangarritasunean. Gure jasangarritasun planak 30 urte baino gehiago ditu.
Kontua da erregulazio esparruan karga hain dela handia, eta halako errekutso eta inbertsioak eskatzen dituen, non gainezka egiten digun. Gainera, ez dugu uste maila berean arintzen duenik ingurumenarekiko eragina. Azkenean gertatuko dena da balio kateko enpresa guztietan kostu gehigarriak ekarriko dituela eta horiek aldi berean kontsumitzaileengan eragingo duela.
"Nik elkarlana aldarrikatzen dut. Sektore bezala, lehiakide izanik ere, elkarlanean gauzak egiteko gaitasuna dugu"
Eta zein da soluzioa?
Nik elkarlana aldarrikatzen dut. Sektore bezala, lehiakide izanik ere, elkarlanean gauzak egiteko gaitasuna dugu. Horregatik da aldarrikapena. Goazen aztertzera legeztatzen ari garena, enpresei derrigorrezko gisa jartzen ari garena, bideragarria den, zein eragin duen, eta nola egin dezakegun faseka. Erregulazio-karga ez da etsaia; baina kantitatea desegokia da, eta baita zenbat denboran jarri nahi den dena martxan.
Kopuruz, zenbat neurriz ari gara?
2024an 1.200 neurri berri inguru izan dira jasangarritasun esparruari loturik. Eta gu konpainia handia gara; baina pentsa enpresa txiki batentzat zer suposa dezakeen. Egun dugun enpresa txiki eta ertain asko desagertu daitezke neurri guztiei aurre egin behar badiete. Ez da etsai edo lagun kontu bat; zentzuzko zerbait egiteaz ari gara.
Adibidez, elikagaien xahutzeari kontra egiteko legea egokitzat jo zenuen eta horri buruz idatzi zenuen LinkedIneko post baten. Zergatik?
Elkarlana izan zelako, nabaria gainera. Eta gainera egingarria zelako, denbora luzean landutako esparru bat delako. Bai Eroskiren kasuan, eta seguru asko beste hainbat enpresa daude egoera berean, esan dezakegu egiten duguna bere horretan isladatu dela. Esan ohi dugu egun gure hondakinen %99ri ematen diogula balioa. Gainera, neurria idazterako garaian bertan izan ginelako, eta hori da nire ustez biderik egokiena. Ez naiz ari inoren konpetentzietan sartzeaz; besterik gabe ulertu behar da lege egiten den horrek zein eragin duen.
Bestalde, gu kate-begi bat besterik ez gara. Posta aipatzen duzunez, akordatzen naiz nabarmentzen nuela elikagai gehienak etxeetan xahutzen direla. Pertsona batek erantzun zidan esanez errua beste bati botatzen ari nintzaiola. Ez, ezta gutxiago ere. Elkarlana da gakoa. Eta guk kontsumitzaileekin lan egiten dugu horri buruzko kontzientzia pizteko.

Eroskik lan handia egiten du lehen sektoreko ekoizleekin eta besteak beste akonpainamendu programa bat du. Erregulatoria ere hor sartzen al da?
Lehen sektoreko ekoizleekin dugun akonpainamendu programak helburu du uler dezaten nola hobetu ditzaketen haien prozesuak betebehar horiei guztiei erantzuna emateko, bai. Euren lan prozesuetan sakondu dezaten saiatzen gara, eta horiek egokitu ditzaten.
Oso programa egituratua eta definitua da. Eta erakundeekin landu duguna gainera, aintzat izan ditzaten zein elementu izan behar diren kontutan.
Zein eremu geografikotan ari zarete?
EAEn hasi gara, baina Nafarroa, Galizia, Aragoi eta Balear Uharteetan ere ari gara. Eta oso harrera ona izan du.
Zein rol jokatzen du Eroskik tokiko ekoizleei dagokienez?
Aukera anitzak eskaintzen dituen banatzailea gara. Eskaintza zabala eskaintzen diogu kontsumitzaileari, aukeratu dezan. Hornitzaileen markaren aldeko apustua egiten dugu eta Espainia mailako 3.000 hornitzaile baino gehiago ditugu. 2.000 inguru ekoizle txikiak dira.
Tokiko produktuarekin konpromiso irmoa dugu, beste operadore batzuek dutenaren oso desberdina. Tokiko produktua guretzat ez da erkidegokoa edo lurraldekoa, tokian tokikoa baizik. Ekoizlearen markarekin pisu handia dugu. EAE, Nafarroa, Aragoi, Katalunian... Gure merkatu kuota %12koa da. Hornitzaileetan, berriz, %17koa da. Beraz, oso garrantzitsuak gara hornitzaileentzat. Are gehiago kontuan izanda zerrendako lehen, hirugarren eta bosgarren banatzaileen kasuan marka propioak pisu handia duela. Horregatik ekoizlearen markarentzat garrantzitsu izan nahi dugu. Horrek ez du esan nahi marka propioaren aldeko apustua egiten ez dugunik, kalitate-prezio harreman ezinhobea duena.
"Erregulazio-karga ez da etsaia; baina kantitatea desegokia da, eta baita zenbat denboran jarri nahi den dena martxan ere"
2027an 50 urte beteko ditu. Zein rol du?
Guretzat estrategikoa da. Beti egin dugu horren aldeko apustua. Gure prezio irudiaren isla izan dadin nahi dugu, baina baita gure posizionamendua ere. Eta saiatzen gara gure apustua, tokiko aberastasunari dagokiona, islatu dadila gure marka propioan, informazioa argi eskainita.
Gaur egungo gizartearen kezka nagusietako bat lan-arloaren eta alderdi pertsonalaren arteko oreka da. Horren ondorioz, gazte askok zalantza dute zuzendaritza-postuetara iritsi nahi duten edo lan erosoagoak izan nahi dituzten. Gure lurraldeko enplegatzaile handienetako baten CEO zarela kontuan hartuta, nola egiten duzu oreka hori lortzeko, lortzen baduzu?
Ez dut ezer berezirik egiten. Egiten dudanaz gozatu egiten dut. Sektorea oso gustuko dut. Beti izan dut gustuko. Horrek energia ematen dizu. Eta egiten dudana gustuko dudanez, esango nuke oreka ona dudala. Ingurukoek seguru asko kontrakoa esango dizute [barrez].
Erakunde handia da Eroski. Lidergo ikuspegitik zein erronka suposatzen du?
Oso argi dut erakundeen duten aktibo garrantzitsuena pertsonak direla. Erakunde batek izan dezakeen jarduerak zerikusia du pertsonak zuzentzeko duzun gaitasunarekin. 27.500 pertsona gara Eroskin. Talentu ugari dugu. Zuzentzea ez da erraza, baina aukera eskaintzen duzunean, segituan ateratzen da.
Eta noski, hasieran aipatu bezala, gakoa da inguruan izatea ekarpena egiteko sekulako gogoa duen jendea, oso gutxi bultzatu behar dituzunak beren onena eman dezaten.

Pertsonen kudeaketa horretan, nola bilatzen da oreka planteatutako helburuak lortzearen eta garai berrietara egokitzeko gaitasuna (telelana, kontziliazioa...) izatearen artean?
Bi gako emango nizkizuke. Lehena, erakundeko lantaldeak entzun behar dituzu, baita merkatua ere. Egun erakundeon lehia ez da soilik produktuena; talentu lehia ere bizia da. Oso adi izan behar zara ulertzeko zer bilatzen duen lan proiektu batera inkorporatzen den pertsona batek, jakinda lehentasunak aldatu egin direla. Alegia, retail merkatuan kontsumitzailearen beharretara egokitzen zaren bezala egokitu behar zara talentuak dituen eskakizunetara.
Pertsonen lerro estrategikoa hor dago beti. Eta gainera kooperatiba gara. 27.500 pertsonetatik 9.000 gara jabe.
Eta bigarren gakoa honakoa da: gardentasuna, gertutasuna, zintzotasuna eta erakundearen erronkak helaraztea uneoro, baita erronka horiei heltzeko zein modu ditugun ikusaraztea ere eta garrantzitsua dela denok parte har dezagun horiek lortzen.
Hori guztia, zentzuzko jokaera albo batera utzi gabe.
Zein neurri zehaz ditu Eroskik?
Lan hibridoa dugu. Gure dendetan lanean ari gara bertako langileek bost egunetan egin dezaten lan. Horretan esfortzurik egiten ez badugu, zailagoa da talentu gazteak zurekin lan egin nahi izatea.
Bestalde, beti esaten dut: gure sektorea ez da gai merkatura helarazteko zein erakargarriak garen. Garapen profesional izugarria eskaintzen dugu. Oso balio kate zabala gara, eta gure organigraman 10 area ditugu (komertziala, logistika, hipermerkatuen negozioa, supermerkatuen negozioa, frankizia, marketin...). Marka enplegatzaile gisa dugun erakargarritasunaz hitz egin behar dugu.
"Retail merkatuan kontsumitzailearen beharretara egokitzen zaren bezala egokitu behar zara talentuak dituen eskakizunetara"
Eta zein da Eroskik duen erronka nagusia talentuari nahi duen hori eskaintzerako garaian?
Talentua atxikitzeko zailtasuna. Talentua erakartzea errazagoa izan daiteke, baina atxikitzea, garapen profesionala izatea, proiektuarekin konprometitzea... Nola egin dezakegun ibilbide profesionala eskaintzeko. Aintzat hartu behar da proiektu kooperatibora sartzen den pertsona oro izan behar dela kooperatibako bazkide.
Eta sektore bezala, gaitzea ere erronka da. Erakundeen eskutik lan egin behar dugu, ez dagolako formakuntza arautua. Eta gure kasuan, behar ditugu fruta saltzaileak, arrain saltzaileak, harakinak... Horiek guk formatu behar ditugu, ofizioa ez dutelako ezagutzen, ez bada esparru horretan arituak direlako.
Azkenik, absentismoa ere erronka dugu gizarte bezala. Ez naiz detailetan sartuko, baina landu egin behar dugu.

Zer abantaila izan ditzake kooperatibak ez diren erakundeen aldean?
Proposito handia duen proiektu batekin bat egiten duzu. Egun denok bilatzen dugu gauzak zerbaiterako egitea. Proiektu kooperatibo baten oso argi dago hasieratik zertarako egiten ditugun gauzak, eta gure kasuan oso argia, esplizitua eta beharrezkoa da egungo gizartearentzat.
Nola ikusten duzu Eroski hemendik hamar urtera?
Bisioa argi dugunez, hor ikusi behar dut. Elikadura banaketarako operadore bezala ikusten dut, nagusiki femeninoa. %77 gara emakumeak eta hala izaten jarraitzea espero dut. Kontsumitzaileentzat erosteko gustukoena den enpresa izatea espero dut, eta langileentzat lan egiteko enpresa gogokoena. Eta aldi berean, enpresarik gustukoena inguruan egiten dugun ekarpenagatik. Amets partekatua da.
Eta negozio ikuspegitik, ekonomikoki eta finantzarioki jasangarria den Eroski ikusten dut, ezinbestekoa sozialki eta ingurumenari loturik ere jasangarria izan dadin.
"Egunero 5 milioi datu prozesatzen ditugu soilik ticket-bezero lerroari dagokionez"
Etorkizun horretan, baina baita egun ere, bada esparru gako bat: datuaren gobernantza. Eroskik datu asko kudeatzen ditu. Nola egiten ari zarete hori dena kudeatzeko?
Egunero 5 milioi datu prozesatzen ditugu soilik ticket-bezero lerroari dagokionez. Pentsa horri gehitzen badiozu gure plataformen informazioa, informazio logistikoa... Gainera, duela askotik gure kudeaketa hobetzeko ere erabiltzen ditugu datuok, bai prozesu logistikoetan, bai komertzialetan, baina baita denda eredu edo hotzaren kudeaketan ere.
Analitika aurreratuak edo AAk datuok egoki prozesa ditzan kalitatezko datuak behar dituzu, ondo gobernatutakoak —eskuragarriak, onak, politika guztiak betetzen dituztenak—. Denontzat ikasgai berria dela esango nuke, eta egiteko luzea dugu. Niretzat pozgarriena da argi dugula zein ibilbide egin nahi dugun. Definitu egin dugu zein organok hartzen dituen erabakiak datuei dagokienez, nola identifikatu behar ditugun, nork eman behar dituen datuok esparruetako bakoitzean, eta nola antolatu nahi dugun guk eskuartean ditugun datu guztiak etorkizunean gobernatutakoak izan daitezen. Eta aldi berean, erantzun diezaioten guk definitu ditugun balioei. Izan ere, analitika aurreratua, AA eta AA sortzailea pertsonak ahalduntzeko tresna gisa ikusten dugu. Eta horrek kondizionatu egiten ditu lan egiteko moduak. Edozein kasutan, asko ikasten ari gara.