
697 butaka eta ehun palko zituela ireki zituen ateak 1913ko abuztuaren 1ean Donostiako Miramar antzokiak. Bertan hasi ziren elkartzen hiritarrak, naziorteko zein pelikula ikusiko zuten jakin-minez, zinemaren garai loriatsuenen hastapenetan. Handik urtebetera, Arte Ederrak (Bellas Artes) jauregia, Euskal Herriko lehenengo zinema jauregia, zabaldu zen, Ramon Kortazar arkitektoa eta Vicente Mendizabal enpresariaren eskutik. 1922ko uztailaren 22an, Principe aretoaren txanda izan zen, Mauricio Damborenea eta Manuel Zuazola buru zuten Arabazaola y Compañía enpresak bultzatuta, eta 1923an, Mendizabalek beste areto berri bat ireki zuen, Trueba izenekoa, Donostiako Gros auzoan.
Lau areto horiek izan ziren SADE enpresaren oinarriak. Orain kasik ehun urte, 1925eko abenduaren 28an, Vicente Mendizabal e Hijos eta Príncipe Films konpainiak bat eginda sortu zen Sociedad Anonima de Deportes y Espectaculo. “Donostiako pertsona batzuk ados jarri ziren, euren negozio eta eraikinak elkartuta, enpresa bat sortzeko. Zinemak eta frontoiak izan ziren abiapuntua, eta, gerora, antzerkia eta zirkua ere eskaini zen”. Esteban Basterretxea SADEko zuzendari nagusiaren hitzak dira.
XX. mendean zehar zinearen olatu arrakastatsua baliatu zuen SADEk bere jarduera hedatzeko. 1920tik 1960rako Hollywooden urrezko garaiak hauspotuta, orduko film esanguratsuenak eskaintzeko aukera izan zuen Estatu Batuetako, Alemaniako eta Espainiako ekoiztetxe handienekin akordioak lotuta. Zinema aretoen eta zinemaren garai oparoenak izan ziren; horren erakusle arestian aipatutako Miramar, Príncipe, Trueba eta Arte Ederrak aretoez gain, Petit Casino (1925) eta Astoria (1961) zinemen irekierak.
Mende berriak kontsumo joera berriak ekarri zituen, zeinak areagotu besterik ez diren egin azken urteotan. Zinemak industria gutxik baino gehiago pairatu du aisialdiaren tendentzia aldaketa eta horren zuzeneko lekukoa izan da SADE, XXI. mendeak zine-aretoen itxierak eta hotelen jaiotzeak ekarri baitzituen. Sonatuena, akaso, 2004an, Astoriaren itxiera litzateke, hotel bilakatu zutelarik 2009an. XX. mendeko zinemaren aparra itzaltzen hasia zela ikusita, hotelen aldeko hautua egin zuen Donostiako enpresak. Astoria Hotel Zinema 7 bilakatu zen; ondoren, 2018ko udazkenean, Lasala Plaza Hotela iritsi zen.
Zinemei dagokienez, hiru zine-aretori eusten dio egun SADEk. Principe eta Trueba, eta 2005ean ateak zabaldu zituen Antiguo-Berri. “Enpresak hasieran zerbitzu batzuk eskaintzen zituen; orain beste batzuk eskaintzen ditu. Denboran zehar joan da merkatuak eskatzen duenera moldatzen”, argitu du Basterretxeak.

Ez dira zinema aretoen garai onenak
SADEko zuzendariak ondo baino hobeto daki zinemaren negozioak ez dituela garai onenak bizi. Bestelako kontsumo ohitura batzuk nagusitzen hasi dira, zeinak pandemiak azkartu dituen, eta belaunaldi gazteenek aisialdiaz gozatzeko beste modu batzuk lehenesten dituzte zinemaren aurretik. Azken bost urteetan, 2019tik hona, %30 murriztu da SADEko zinema aretoetara joaten den ikusle kopurua. Basterretxeak bi faktore zerrendatu ditu gainbehera hori azaltzeko: alde batetik, pandemiaren poderioz ikus-entzunezko plataformen sarrera etxeetan azkartu egin dela dio; bestetik, gizartearen berehalako kontsumo ohitura aipatu du. "Nik ikusi nahi dut gauza bat, nik nahi dudanean, eta ez badut nahi aldatzen dut. Zinea beste gauza bat da".
Bada, egungo zine eskaintza ikusleak eskatzen duenera egokitu dutela nabarmendu du zuzendariak, eta eskari hori aldatzen bada, SADE jendeak behar duenera moldatzeko prest dagoela. Horrekin batera, aitortu du euren kezka handienetako bat dela gazteak zinemarekiko duten atxikimendu falta . Konpainiaren erronka da gazteak zinema aretoetara erakartzea. “Esfortzua egin nahi dugu jende gaztea erakartzeko, nolabait erakusteko aisialdirako eredu bat eta bestea bateragarriak direla. Egun batean erabaki dezakezu etxean geratzea Netflixen film bat ikusteko, baina hurrengo egunean joan zaitezke zinemara",
Esteban Basterretxea (SADE): "Nik ikusi nahi dut gauza bat, nik nahi dudanean, eta ez badut nahi aldatzen dut. Zinea beste gauza bat da"
Gazteak eta ez hain gazteak zinemara gerturatzeko programazioa ere jo du gakotzat. "Programazioarekin jarraitu behar dugu asmatzen, eskaintza zabaltzen jendea gerturatzeko". SADEk gaur-gaurkoz Donostian dituen hiru aretoak baliatzen ditu mota guztietako zinema eskaintzeko. “Zine komertziala, tipikoa eskaintzen dugu. Bestalde, programazio aldetik asko zaintzen da bestelako zinea ere bai. Gero eta tarte handiagoa du bertsio originalak, uste dugulako horrek eskaintzan bereizketa ematen digula eta jendeak eskertzen duela. Horrez gain, baditugu beste ziklo berezi batzuk: operak, zinema klasikoa, artea, etab”. Egun, SADEk euren pantailetan proiektatzeko hautatzen duten filmen %54 egile-zinema da, eta %35,3 bertsio originalean eskaintzen da.
Trueban goza dezake zine maitaleak jatorrizko bertsioko zinema, zeinetan egile-pelikulak ikusteko aukera dagoen. Hiriburuko areto txikiena da Gros auzokoa, bi areto besterik ez baititu. Principen (10 sala) eta Antiguo-Berrin (8 sala) eskaintza zabalagoa da, bertsio originala nahiz itzulitako filmak ikusi daitezke bertan. “Beste zineekin konparatuta, guk bestelako filmak eskaintzen ditugu, aukera ematen baitiegu film txiki eta bitxiagoei. Blockbusterrak ere jarri ditzakegu, baina ez da gure apustu nagusia. Zine zaindua eta aukeratua nahi dugu".

Garestia al da zinema?
Zinea garestia denaren ideia ere oso hedatuta dago egun, batik bat SADEk begiz jota duen publikoaren artean, gazteak, hain zuzen. Basterretxeak aitortu du zenbait kanpaina egiten dituztela prezioaren oztopoa gainditzeko, asteazkenetan, esaterako, ikuslearen eguna egiten da, eta zinemarako sarrerak merkeago aurki ditzake ikusleak. “Zinea niri ez zait garestia iruditzen. Ni futbola ikustera ere joaten naiz, garestiagoa da eta ez dakit zer nolako partidua ikusiko dudan”, dio Basterretxeak.
Esteban Basterretxea: “Zine mundua oso sakabanatuta dago, dena ez dago eragile baten esku. Banatzaileekin aurrez aurre jartzen garenean, ezin dugu askorik exijitu. Universal Pictures edo Sonyrekin alderatuta ez gara inor"
SADEko langileek baldintza duinetan lan egitea nahi du Basterretxeak eta horrek gutxieneko diru-sarrera batzuk edukitzea dakar. Gainera, prezioen gainean "eskuak nahiko lotuta" dituztela dio: “zine mundua oso sakabanatuta dago, dena ez dago eragile baten esku. Banatzaileekin aurrez aurre jartzen garenean, ezin dugu askorik exijitu. Universal Pictures edo Sonyrekin alderatuta ez gara inor. Pelikula bat proiektatzeko orduan, banatzaileen menpe gaude baldintzei dagokienez".
Zinema areto komertzial handi nahiz nazioarteko markekin lehiatu beharrak SADEren jarduera baldintzatu du. “Bere garaian zentro komertzial batean areto berri bat irekitzeko saiakera egin genuen, baita lortu ere", gogoratu du zuzendariak. Izan ere, 1997an, Donostiako Garbera merkatal-gunean zabaldu zituen ateak SADEren zine-areto berri batek. 2004ra arte izan zen zabalik. Egun, merkataritza gune horretan, Cinesa konpainia espainiarrak ditu aretoak.

Gaur hirian bertan dauden zinema aretoak dira SADErenak, gainerakoak hiriaren kanpoaldean daude. “Gertutasunak bereizten gaitu, auzoetan gaude, Grosen, Antiguan eta Parte Zaharrean. Plan baten barne sartu daiteke gure zinemetara joatea, auzotik paseo bat eman ostean, esaterako. Gertutasun horrek aukera erraz bat ematen du: ez duzu autoa hartu behar gurera etortzeko”.
XXI. mendea, hotelen garaia
Iaz ia 19 milioi euroko fakturazioa izan zuen SADEk (18.875.998 euro), eta 2025erako aurrekontua ia 20 milioikoa du. Fakturazio osoaren %30 baino gutxiago da zinemari dagokiona, hiru milioi euro gutxi gorabehera. Halaber, 200 bat laguneko lantaldea du, eta horietatik %88k konpainiako hotelaren negozioan egiten dute lan.
2009an egindako hotelen aldeko apustuari jarraipena eman dio SADEk azken urteetan. “SADEk beti eduki du garai berrietara egokitzeko gaitasuna, eta pentsaera horrekin bat dator hotelen negozioan sartzeko erabakia”, azaldu du Basterretxeak. Mendearen hastapenetan, hirian hutsune bat zegoela sumatuta, erabaki zuten Donostiako Amara auzoan lehen hotel hura eraikitzea, nahiz eta, zuzendariaren hitzetan, hotel negozioaren munduan esperientziarik ez izan.
Fakturazioa osoaren %30 baino gutxiago da zinemari dagokiona, hiru milioi euro gutxi gorabehera
Bada, hainbat urteetako esperientzia metatu ostean, bigarren hotela ireki zuten, 2018an, Donostiako alde zaharrean, eta 2026an, Arte Ederrak eraikina ere hotel bilakatuko dute, Hilton katearekin frankizia hitzarmena hitzartu dutelarik. “Hiltonen Curio markaren eskutik joango da hotela, baina gurea da, kudeaketa gurea da. Prozesu luzea izan da, baina irekitzeko irrikaz gaude”, adierazi du.

Merkatuak esango du noruntz
Hotelen munduan barneratzeak SADEren jarduera nabarmen gizendu du. “Zinearen bilakaerak arlo horretangeroz eta langile gutxiago izatera eraman gaituen bezala, hoteletan langile dezente behar ditugu”, azpimarratu Basterretxeak. Bellas Artes hotelean lan egiteko 70-80 bat pertsona kontratatzea aurreikusten du SADEk, hotelaren negozioak are pisu handiagoa hartuko duelarik zinemaren kaltetan. Hurrengo urtean, 300 bat langiletik gertu izango da SADEren lantaldea.
Esteban Basterretxea: “Zinearen bilakaerak arlo horretan geroz eta langile gutxiago izatera eraman gaituen bezala, hoteletan langile dezente behar ditugu”
Egungo merkatuaren eskaintzara moldatzeko bidean jo dute hotelen negozioruntz. Etorkizunera begira ere, hala egingo duela azaldu du Basterretxeak: “enpresak ehun urtetan erabakiak hartu ditu eskaintza egokitzeko. Berriro jende gehiago etortzen bada zinera, igual zine gehiago ireki beharko ditugu, eta jende gutxiago badoa, itxi egin beharko ditugu”.
Merkatuaren joerek norabidetuko dute, beraz, SADEren etorkizuna. “Nik ez dakit zer pasako den hemendik bost edo hamar urtera”. Zuzendariak, ordea, ziur dio gaurtik ehun urtera SADEk bizirik jarraituko duela. Hori bai, zinema aretoekin ala gabe?