Haizea Wind Group enpresa taldeak 416,9 milioi euroko salmentak izan zituen 2025ean, aurreko urtean baino %12 gehiago, eta 20 milioiko irabazi garbia lortu zuen, 2024an izandako 18 milioiko mozkina baino %11 handiagoa. Taldeak ohar bidez nabarmendu du “egungo testuinguru geopolitiko eta merkatu-ingurune konplexuan eta Asiako lehia gorakorraren mehatxupean”, irabaziak handitzea lortu duela.
Industria eolikorako osagai handien fabrikazioaz arduratzen da Haizea Wind Group, 1.500 bat langile ditu, eta negozio-zifra ia hirukoiztu egin du azken bost urteetan (129 milioi 2020an eta 400 milioi baino gehiago 2025ean).
Taldeak lau dibisio nagusi ditu: Haizea Bilbao, offshore dorre eta zimendatzeetarako; Haizea Grupo WEC, burdinurtuzko osagai handietarako; Haizea Tecnoaranda, onshore dorreetarako, eta Haizea Breizh, offshore dorreetarako.
Bilboko portuan kokatutako Haizea Bilbao da hazkunderik handiena lortu duen lantegia, itsas-hondoan aerosorgailuei eusteko txertatzen diren XXL monopiloteak izeneko egitura handien fabrikazioari esker. Enpresak iaz amaitu zituen lantegiaren ekoizpen-gaitasuna handitzeko lanak, 250 milioi euroko inbertsioa tarteko.
“Egungo ingurune geopolitiko konplexuan, sektore energetikoa eta merkatu eolikoa Asiako lehia desleialaren mehatxupean pairatzen ari diren proiektuen geldialdiarekin, HWGn ezarritako helburuak bete eta hazkundearen goranzko joerari eutsi diogu. Gure apustua zorrotza eta fidagarria da, eta zenbakiek abalatzen gaituzte. Haizea garrantzizko osagaia da Europako independentzia energetikoa eta autonomia industriala lortzeko”, adierazi du Borja Zárraga Haizea Wind Groupeko zuzendari nagusiak.