Salva Industrial, Europa osoko labe ekoizle nagusienetako bat

Lezon kokatutako enpresak okindegi zein gozotegi, ostalaritza eta supermerkatuetarako labeak merkaturatzen ditu

Salva Industrial | Argazkia: David Llordes Salva Industrial | Argazkia: David Llordes

Espainiako gerra zibilaren ondorioz, Lleidako Salvanera herrian jaiotako Jaime eta Juan Llordes anaiek Frantziara egin behar izan zuten ihes. 1943an, gerra amaituta, Irundik sartu ziren Euskal Herrira, eta Donostian finkatu ziren. Hiriko Gros auzoan lantegi txiki bat ireki eta labeak ekoizteari ekin zioten. Hala sortu zen, egun, Salva Industrial izenez ezaguna den enpresa.  “Mekanikariak ziren bi anaiak eta okin bati labe bat egitea erabaki zuten, okinak urte oso batez ogia ematearen truke”, azaldu du David Llordesek. Bera da enpresaren zuzendari nagusia eta familia negozioaren hirugarren belaunaldiko kidea. Gerora, 1960ean, Donostiatik Lezora joan ziren. “Groseko tailer txikia utzi eta Lezon lursail bat erosi zuten. Modu honetara, industria gisa hasi ziren”.

Gaur egun, Salva Industrial Europako hamar labe ekoizle nagusienen artean aurkitzen da. “Oinarrizko hiru sektoreetako obradoreak hornitzeko makinaria saltzen dugu, hala nola, supermerkatuak, hotelak eta artisauak, hau da, okinak edo gozogileak”, nabarmendu du zuzendariak. Ekoizpen prozesu osoa Lezoko fabrikan gauzatzen dute. Labe bero zein hotzeko planta bana izateaz gain, I + G departamentu bat ere badute. “Guk ez dugu patenterik erosten” dio Llordesek, “enpresak urte guzti hauetan zehar garatu du bere teknologia osoa”.

David Llordes: “Oinarrizko hiru sektoreetako obradoreak hornitzeko makinaria saltzen dugu, hala nola, supermerkatuak, hotelak eta artisauak, hau da, okinak eta gozogileak”

Fabrika eta I+G plantaz gain, Salva Industrialek beste hiru espazio propio ditu: showroom bat, entsegu eta probak egiteko laborategi bat eta formazioa eskaintzeko ikasgela bat. “Showrooma bezeroak bukatutako produktua ikusteko lekua da. Laborategia berriz, kanpotik datozen bezeroek euren errezetak, ogiak eta beste osagaiak labeetan probatzeko eta horren emaitzak ikusteko erabiltzen dugu, baita zenbait masterclass eta demo egiteko ere”, azpimarratu du enpresako buruak.

Enpresak fabrikatzen dituen labeen bereizgarri nagusiena “erreketaren kalitatean” dagoela dio Llordesek: “Erreketa garrantzitsua diren produktuentzako gure labeak erantzun bikaina ematen du. Produktu batzuetan uniformetasunak garrantzia handia du, croissant bat edo pasta batzuk egitean adibidez, eta erreketaren kalitatea oso garrantzitsua da dena ondo eta erre gabe ateratzeko”.

Internazionalizazioaren aldeko estrategia

Gaur, proiektua internazionalizazio prozesu batean murgilduta dago. Enpresako salmenten %70a atzerrian gauzatzen da. Munduko 87 herrialde desberdinetan egiten dute lan. Espainiar estatuaz gain, gehien saltzen duten herrialdeen artean aurkitzen dira Frantzia, Australia eta Mexiko. Aurten, 40 milioi euro fakturatuko dituztela esan du zuzendariak.

Garatzen diharduten nazioarteko estrategia “merkatu estrategikoak definitzean” oinarritzen dela dio Llordesek, behin merkatua aztertuta, bertan barneratzeko. Estrategia honen emaitza dira ireki dituzten zenbait filial, besteak beste, Frantzian, Ingalaterran, Ekialde Ertainean eta Mexikon. Azken hau 2020ko martxoan ireki zuten. “Mexiko merkatu estrategikoa kontsideratu genuen, izan ere, Espainiak influentzia handia du herrialde hontako merkatuan. Gainera, Mexikoko okin askok euskal jatorria dute. Honek guztiak asko saldu genezakeen merkatu bat zela ikusarazi zigun”. Filiala ireki zutenetik bi urte pasa dira, eta enpresaren laugarren merkatu garrantzitsuena bihurtu da jada Mexiko.

“Enpresako salmenten %70a atzerrian gauzatzen da. Munduko 87 herrialde desberdinetan egiten dute lan”

Internazionalizazio estrategiarekin jarraitzea da Lezoko enpresaren helburu nagusia. Dena den, hainbat erronkei aurre egin beharko diotela aitortu du Llordesek, hala nola, globalizazioa edota kostu baxuagoak dituzten herrialdeetatik datozen lehiakideak: Txina, Taiwan eta Turkia, besteak beste.

Familia-enpresa profesionala

“Familia-enpresa bat gara, baina modu profesionalean kudeatutakoa”, nabarmendu du Llordesek. Familiako kideren bat badago enpresan, baina gutxiengoa dira haren esanetan: “Pertsona independenteez osatutako administrazioa kontseilu bat dugu, eta familiako kide bakarra dago zuzendaritzan”. Eredu horretako enpresa izateak baditu bere onurak, baina baita zenbait desabantaila ere. Tamaina aipatzen du enpresako zuzendariak: “Multinazionalak diren enpresa talde erraldoiekin lehiatzea egokitu zaigu, baina gu txikiagoak izateak malgutasun handiagoa eman digu”.

Finean, “bezeroa ulertzea eta merkatura egokitzea” izan dira Llordesen ustez, familia-enpresa honen arrakastaren gakoak: “Espezialista baino, enpresa jeneralista izan gara. Obradore oso bat egiteko gai gara. Negozio borobil bat osatzeko produktu-gama dugu”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK