• ENPRESAK GAUR
  • SAPAk eskaera egin du Jokin Aperribay Indrako kontseilari egiteko

SAPAk eskaera egin du Jokin Aperribay Indrako kontseilari egiteko

Ekainaren 23an egingo dute Akziodunen Batzarra, eta bertan erabakiko du SAPAren proposamena onartzen duen edo ez

Indrak Alcobendasen (Madrilen) duen egoitza | Argazkia: Europa Press
Indrak Alcobendasen (Madrilen) duen egoitza | Argazkia: Europa Press
2022ko ekainaren 7a - 12:08
Eg. 2022ko ekainaren 7a - 12:18

Indrak jakinarazi duenez, SAPA Placencia Holding Aperribay familiaren defentsarako sozietateak eskaera aurkeztu du SAPAko ordezkari bat Indrako kontseilari izan dadin. Zehazki, Jokin Aperribay proposatu du horretarako, eta Indrako administrazio kontseiluak onartu egin du proposamena ekainaren 23an egingo den Akziodunen Batzarrera eramatea. Andoaingo enpresaren planteamendua aztertzeaz gain, Alberto Terol orain arteko presidenteak kargua utziko du.

 

Iazko abenduan eskuratu zituen SAPAk Indrako akzioak, 90,8 milioi euro ordainduta Corporación Financiera Albari. Indraren akzioen % 5 du SAPAk egun, baina Realeko presidentea kontseilari egiteko behar-beharrezkoa da gutxienez akzioen % 7,96 izatea. Beraz, baliteke euren helburua lortzeko datozen asteetan parte hartzea handitzea.

Aperribay administrazio kontseiluan esertzea gakoa izan daiteke ITP Aeroren erosketan Indrak parte har dezan. Izan ere, SAPAk dagoeneko jakinarazi du parte hartuko duela ITP Aeroren erosketan, Bain Capital —hark jarriko du % 70—, eta JB Capitalekin batera. Hain zuzen, nazioarteko inbertsio fondoak erosketa egin ahal izateko oniritzia jaso zuen irailan, betiere kapitalaren % 30 Espainiakoa bazen. SAPAk eta JB Capitalek bat egin zuten erosketarekin, bien artean kapitalaren % 10 inguru jarrita. Dena den, oraindik finkatzeko dago falta den kapitala —% 15— nork jarriko duen, eta, printzipioz, ekainaren 30 da azken eguna erosketa egin ahal izateko. Guztira, Rolls Royce egungo jabeari 1.700 milioi euro ordainduko dizkiote.

 

Indra bertan izateko ideia duela aste batzuk atera zen lehen aldiz, Espainiako Industria Partaidetzarako Estatuko Sozietateak eskaera luzatu baitzuen enpresan euren parte hartzea handitzeko —% 18tik % 28ra—, hirugarren kontseilari bat gehituta, eta horrekin erosketa babesteko. Akziodunen Batzarrak mugimendu hori ere onartu beharko du, baina, edozein kasutan, ez da lehen aldia Indrak ITPren erosketan parte hartzeko asmoa duenik; duela bi urte intentzioa izan zuen, nahiz eta azkenean salmenta ez gauzatu.

Indraz gain, kapitala osatu dezakeen azkeneko eragilea da Eusko Jaurlaritza. Hala ere, parte hartzeko zenbait kondizio ditu erakunde publikoak, tartean enpresaren sede soziala eta finantzarioa erkidegoan mantentzea.