SD Eibar, ahobiziz osatutako hamaikakoarekin

Euskaraldiaren edizio guztietan parte hartu du SD Eibar futbol taldeak, eta aurtengoan ere izango da. 2016/2017 denboralditik euskara batzordea du. Klubean ez ezik, herri mailan bultzatu nahi du euskararen erabilera eta zonaldeko euskara eragileekin dihardu lanean

    Harrobia euskalduntzen lan handia egin du Eibarrek | Argazkia: SD Eibar
    Harrobia euskalduntzen lan handia egin du Eibarrek | Argazkia: SD Eibar
    bb 20231002374563
    EnpresaBIDEAko kazetaria
    2025eko maiatzaren 15a
    Eg. 2025eko maiatzaren 15a

    Euskal Herrian punta-puntan dabilen futbol taldea da SD Eibar. Emakumezkoen taldea lehen mailan da egun, eta gizonezkoena azken lau denboraldietan Espainiako bigarren mailan aritu bada ere, lehenago zazpi urte segidan izan zen lehen mailan, bere historian lehen aldiz. 30.000 biztanle eskas dituen herri batentzat ez da mugarri makala, are gehiago Bilbo (Athletic) eta Donostia (Reala) artean kokatuta egonik.

     

    Lehen mailara itzultzea dute amets Eibarreko mutilek, kategoriari eustea neskek, baina, kirol esparrutik harago, beste hainbat erronka ditu klubak. Horietako bat euskararen biziberritzean laguntzea da, eta horregatik parte hartuko du beste behin Euskaraldian. “Klubak aspaldidanik euskararen normalizazio eta erabilerarekin konpromiso sakona dauka. Gure inguruan euskarari buruz egiten diren egitasmo guztietan partaide gara eta izango gara”, adierazi du Mikel Larrañaga Eibarren fundazioko presidenteorde eta euskara batzordeko kideak.

    Futbolak sekulako eragina du egungo gizartean, ikusgarritasun handiko kirola da, izugarrizko botere mediatikoa duena, eta errealitate horretaz jakitun dira SD Eibarren. Hortaz, erreferente diren futbol jokalariak euskaraz entzutea oso garrantzitsua dela uste du Larrañagak.

     

    Euskaraldian eta beste mila egitasmotan

    Futbol taldeak Euskaraldiaren orain arteko edizio guztietan hartu du parte. “Etxeko langileak ahobizi eta belarriprest ditugu, zorionez, lehenengoak nabarmen gehiago dira”, dio Larrañagak. Gizonezkoen lehen taldean ere ahobiziak badirela nabarmendu du. “Lehen taldeko jokalari asko zorionez euskaldunak dira egun, baina lehen mailan egon garenean, une batzuetan kanpotarrak gehiago ziren euskaldunak baino”.

    Futbol talde bat, ordea, ez dute soilik lehen taldeko jokalariek osatzen, baita egunerokotasunean lanean ari diren langile nahiz harrobiko taldeetako neska-mutilek ere. Esparru horietan euskara nagusi dela azaldu du fundazioko presidenteordeak, eta zehaztu du harrobiko taldeetan euskaraz soilik egiteaz harritu dela nor edo nor. “Entrenamendu bat hasi eta amaitu, erdaraz hitz bakar bat ere ez da entzuten. Harrobi guztia euskaldunduta daukagu, baina ez da izan egun biko lana”, kontatu du harro.

    Mikel Larrañaga: “Gure euskara batzordea herri mailan oso sustraituta dago, bertako partaide baitira Eta kitto! aldizkaria eta Akebai taldea”

    Klubak 2016/2017 denboraldian osatu zuen euskara batzordea, eta Arrasateko Emun kooperatibaren aholkularitza jasotzen du. Gaur egun, euskara batzordea hiru lantaldek osatzen dute: batak euskararen ezagutza du ildo nagusi, bigarrenak erabilera eta hirugarrenak motibazioa. “Gure euskara batzordea herri mailan oso sustraituta dago, bertako partaide baitira Eta Kitto aldizkaria eta Akebai taldea”. Izan ere, SD Eibarrek “herri-mailan” eragin nahi du euskararen sustapenean, ez soilik klubean. “Herrian garrantzitsua da klubak jendearen aurrean euskararen aldeko postura garbia agertzea”, gehitu du.

    Euskararen aldeko inpaktua barne eta kanpo komunikazio bidez egin beharra dago. “Barrura begira, klubeko langileei euskara erabiltzeko baliabidea guztiak ematen dizkiegu, eta kontratazio politikan ere euskara kontuan hartzen dugu”, zehaztu du Larrañagak. Kanpora begira, aldiz, prentsaurreko, prentsa ohar, webgune, sare sozial eta bestelako komunikazio plataformetan euskararen presentzia “nabarmena” dute, eta, gainera, areagotzen ari da. “Guk eskaintzen ditugun agerraldi guztietan Emun-eko aholkulari bat egoten da eta euskara eta gaztelania erabilera denborak neurtzen ditu. Informazio hori euskara batzordera iristen da eta jarraipena egiten dugu”, kontatu du.

    JCA 1592
    Euskararen Baloiaren seigarren edizioa egin da aurten | Argazkia: SD Eibar

    Euskararen Baloia

    Belaunaldi berrien esku dago euskararen etorkizuna eta gazteek euskaraz hitz egin dezaten hainbat egitasmo landu ditu Eibarrek. Horietako bat da orain gutxi argitaratu duten hiztegia. “Futbol munduan badago halako argot berezi bat, hitz horiek euskaratu ditugu, ume guztien artean banatzeko, euskara bateratu bat erabil dezaten”. Umeen artean banatzeaz gain, klubak Ipuruara bertaratutako zaleei ere banatu die hiztegia, harmailetan euskara gehiago entzuteko helburuarekin.

    Euskararen Baloia izeneko egitasmoa ere abiatu zuen orain urte batzuk. Urtero, 500 bat ume pasatzen dira Ipuruatik arratsalde bat pasatzera lehen taldeko jokalariren batekin. Zelaia, aldagelak eta aulkia ikusteko aukera izaten dute, eta ondoren, futbol zelaian gordeta dagoen baloi zahar bat erakusten diete. Baloi zahar horrek kondaira bat du atzean, Eibarreko jokalariek umeei kontatzen dien istorio bat. Zera dio: orain dela urte asko Ipuruako auzoan jendea konturatu omen zen euskaraz geroz eta gutxiago hitz egiten zela, eta, orduan, bertako artisau bati enkargatu zioten larruzko baloi bat egitea. Garai hartako baloiak larruzkoak ziren kanpotik eta gomazko globo bat zuten barruan. Bada, auzokide guztiak banan-bana baloiaren globoa bete zuten ufaka, euskal arnasaz puztutako baloia eratuz.

    Mikel Larrañaga: “Futbol munduan badago halako argot berezi bat, hitz horiek euskaratu ditugu, ume guztien artean banatzeko, euskara bateratu bat erabil dezaten”

    “Baloi horren kopia bat erakusten diegu umeei eta baloi hori Ipuruako futbol zelaian obra batzuk egiten ari zirenean agertu zela kontatzen diegu", azaldu du Larrañagak. Kondairaren arabera, auzokideak konturatu omen ziren baloi horrekin euskaraz jokatuz gero baloia osasuntsu eta bete-betea zegoela eta erdarara joz gero ahuldu egiten zela. Orain ere hala gertatzen dela dio euskara batzordeko kideak: “Guk etxe barruan eta Eibarreko umeak euskaraz eginez gero, baloia puztu-puztuta dago, erdaraz eginda, aldiz, hustu egiten da”.

    Baloia borobil-borobila badago, Eibarren euskara osasuntsu dagoenaren seinale litzateke, beraz. Larrañagak nabarmendu du istorio hori jokalariek kontatzeak eragin handia izan dezakeela gazteengan, eta herri inguruko eskola eta ikastetxeetako geletan banatzen dituzte halako baloiak, haurren euskara erabilera neurtzearren. Jarrai dezala baloiak puztu-puztuta Eibar aldeko ikasgeletan eta Ipuruako soropilean.