Aurreko astean albiste izan zen Sidenorreko presidente José Antonio Jainaga ikertzen ari dela Auzitegi Nazionala, Israeleko Estatuarekin salerosketak ezkutupean egin izanagatik. Horren harira, Sidenorrek prentsa oharra bidali du gaur, esanez enpresak azalpenak emango dituela “xehetasun mailarik handienarekin”, bai langileei, bai bezeroei, bai hornitzaileei, eta, oro har, baita gizarteari ere.
Momentu hori iritsi baino lehen, ordea, eginbideak izapidetzen dituen epaileari emango dizkio azalpenak, “Auzitegi Nazionalarekiko errespetuagatik”. Ondorioz, oraindik enpresak ez du gaiari buruzko adierazpen publikorik egingo. Bide batez, konpainiak jakinarazi du talde juridiko eta teknikoa lanean ari dela, “enpresaren azalpenak babestuko dituzten proba objektiboak” jasotzen.
Jaurlaritzak asteartean eskatu zizkion azalpenak, hain zuzen ere, Jainagaren taldeari, baina Maria Ubarretxena bozeramaileak adierazi zuen Jaurlaritzak ez duela “epaiketa paralelorik” egingo eta presidentearen errugabetasun presuntzioa babestuko duela.