Azken urteetan 10.000 milioi euroko galerak bildu ditu Siemens Gamesak, baina badirudi azken hilabeteetan egoerari aurre egiten hasi dela Alemaniako Siemens Energyren EAEko filiala. Izan ere, azken sei hilabeteetan (konpainiaren lehen eta bigarren hiruhileko fiskaletan, hau da, urritik martxora bitartean) emaitzak nabarmen baikorragoak izan dira Zamudion (Bizkaia) fegoitza nagusia duen enpresarentzat.
Oraindik ere galerak izaten jarraitzen du Gamesak, baina duela urtebeterekin alderatuta nabarmen murriztu dira. Zehazki, sei hilabeteetan 260 milioi euroko galerak izan ditu, eta horrek esan nahi du iaz baino %72 galera gutxiago izan dituela.
Hala ere, konpainiak 4.881 milioi euro fakturatu ditu, 2025ean baino %4,8 gutxiago; eskaera berriak ere %27,4 txikitu dira, 2.402 milioi euro eskuratuta, eta eskari zorroa ere apaldu egin da, 33.000 milioi eurokoa izanik (aurreko urtean baino ia 1.000 milioi euro gutxiago).
Datu horiek, ordea, ez dute filialaren ez enpresa matrizearen baikortasuna alboratu, Alemaniako taldeak uste baitu filial eolikoak datozen urteetan errentagarritasuna berreskuratzeko bidean jarraituko duela, besteak beste, 130 haize errota egingo dituelako hainbat herrialdetan garatuko dituen zenbait proiektu direla-eta.