• ENPRESAK GAUR
  • Nola bultzatzen dute ETEen hazkundea Europako hizkuntza gutxituen lurraldeek?

Nola bultzatzen dute ETEen hazkundea Europako hizkuntza gutxituen lurraldeek?

Dublinen eginiko SME & Cluster Assemblyk fokua jarri du euskara eta irlandera bezalako hizkuntza gutxituek ETEen lehiakortasunean duten rolean

'Hizkuntza abantaila lehiakor gisa: Hizkuntza gutxituen eskualdeek nola bultzatzen duten ETEen hazkundea' mahaiko laburpena | Egilea: Miryam Artola (utzitakoa)
'Hizkuntza abantaila lehiakor gisa: Hizkuntza gutxituen eskualdeek nola bultzatzen duten ETEen hazkundea' mahaiko laburpena | Egilea: Miryam Artola (utzitakoa)
Maite Reizabal Arregi
EnpresaBIDEA egunkariko zuzendaria
2026ko azaroaren 24a - 05:30

Gaeltacht eremuak erreferentzia egiten die irlandera egunerokotasuneko hizkuntza edota hizkuntza nagusi duten Irlandako barrutiei, besteak beste, Donegal, Mayo, Galway, Kerry eta Corkeko konderriei. Eremu horietan kontzentratzen da Údarás na Gaeltachta garapen ekonomiko, sozial eta kulturalaz arduratzen den gobernu-agentzia publikoaren jarduera. Erakunde horrek gertuko harremana du SPRIk sustatutako Indeus Industriaren Euskal Plataformarekin, orain zortzi urte sortua euskaraz lan egiten duten eta lan egin nahi duten euskal enpresa industrialei lagundu asmoz.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Partekatzen dituzten helburuak abiapuntu hartuta, elkarrekin egindako bide hori ezinbestekoa izan da aurten beste pauso bat eman ahal izateko Dublinen egin den SME & Cluster Assembly delakoan. Berrikuntza edo nazioartekotzea ez ezik, 2026ko edizioan Europako ETEen lehiakortasunean hizkuntza gutxituek —eta zehazki euskarak, gaelerak eta irlandesak— jokatzen duten rola ere izan dute hizpide. Hizkuntza abantaila lehiakor gisa: Hizkuntza gutxituen eskualdeek nola bultzatzen duten ETEen hazkundea izeneko mahai-ingurua Conall Ó Mórain ekonomia gaietarako kazetari eta The Media Groupeko zuzendari nagusiak moderatu zuen, eta honako parte hartzaileak izan zituen: EAEtik, Jasone Aretxabaleta Indeus Industriaren Euskal Plataformaren arduraduna eta Ander Etxeberria Mondragon korporazioko Hedapen Kooperatiboaren arduraduna; Gaeltachtetik, Siobhán Ni Ghadhra Údarás na Gaeltachtaren presidentea, Lenneke Willems Údarás na Gaeltachtaren Marketin arduradun eta irlanderaren bitartekaria, eta Fionnbarra Bradley Dublin Hiriko Unibertsitateko irakasle izandakoa.

"Esango nuke karga ekonomikoaren edo kultur faktore hutsaren ikuspegia pixkanaka aldatuz doala, hizkuntzari dagokion tokia eman eta aitortu zaion neurrian", defendatu du Jasone Aretxabaleta Indeus Industriaren Euskal Plataformaren arduradunak. Hizkuntza gutxituak "hizkuntza hegemonikoen esparruetan sartzen" hasi izana horren seinale da bere ustez. "Adimen artifizialak ere euskaraz ulertu eta hitz egiten duen garai hauetan, inork gutxik pentsatuko du euskara kultur kontuetarako hizkuntza baino ez denik", azpimarratu du.

 

Siobhán Ni Ghadhra (Údarás na Gaeltachta): "Enpresa baten hizkuntzak eta kultura-ondasunek lagun diezaiokete beste batzuengandik bereizten, bezeroak ulertzen eta lan egiten duen tokiarekin harreman sendoa eraikitzen"

Siobhán Ni Ghadhra Údarás na Gaeltachtaren presidentearen ustez, hizkuntzaren faktorea lehiakortasunaren diskurtsoan txertatzeak ekarpena egiten dio arlo horri. "Lehiakortasunaren ideia zabaltzen du, prezioaz, eskalaz eta produktibitateaz harago. Enpresa baten hizkuntzak eta kultura-ondasunek lagun diezaiokete beste batzuengandik bereizten, bezeroak ulertzen eta lan egiten duen tokiarekin harreman sendoa eraikitzen", gogorarazi du. "Abantaila" gisa ere jartzen du. "Gaeltacht negozio bat bereizten du irlanderak, tokiko harremanak indartzen ditu eta eskualdean errotutako esperientzia eskaintzen laguntzen dio", nabarmendu du.

Hizkuntza, soldata emozionalaren parte

Aretxabaletak langileei egiten dien ekarpenean ere jarri du fokua, bereziki soldata emozionala delakoan. Terminoak "lan egiten duten pertsonen egoera emozionalean eragina duten baldintzak" hartzen ditu kontuan. "Nik esango nuke norbere hizkuntza kontzeptu horren barruan kokatu behar dugula", adierazi du. Beste hitz batzuekin ere azaldu du Indeusekoak: enpresa batean lan egiten duten pertsonek euren hizkuntzan lan egiteko aukera badute, "ez dago zalantzarik gusturago arituko direla, erosoago, konfiantza gehiagorekin. Ondorioz, lana hobeto egingo dute, eta horrek harreman zuzena du emaitzarekin eta produktibitatearekin".

Jasone Aretxabaleta (Indeus): "Enpresa batean lan egiten duten pertsonek euren hizkuntzan lan egiteko aukera badute, ez dago zalantzarik gusturago arituko direla, erosoago, konfiantza gehiagorekin"

Diskurtso hori ez da soilik erakunde publiko gisa defendatzen dutena. Indeusen ekosistemaren parte diren enpresek azpimarratu duten elementuen artean da. Honela zioen enpresa batek Indeus Elkarrizketetan: "enpresa eta bertan lan egiten duten pertsonen arteko lotura sortzeko elementuetako bat euskara izan daiteke". Enpresek esandakoa solasaldira ekartzea ezinbestekotzat jo du Aretxabaletak. "Iruditu zitzaigun guk kontatzeak baino balio gehiago izango zuela enpresetako ordezkarien ahotsean entzuteak". 

Lan egiteko modua

"Hizkuntzak ez du berez arrakasta komertzialik bermatzen; negozioari, bezeroei eta estrategiari egokitzen bazaizkio izango du balioa", gogorarazi du Ni Ghadhrak. Zentzu horretan, hizkuntzaren aktiboa kalitate handiko produktu eta zerbitzuekin uztartzea ezinbestekotzat jotzen du, komunitatearekiko konpromisoa albo batera utzi gabe. Hala ere, azpimarratu du: "Hizkuntza eskualde baten azpiegitura ekonomikoaren parte izan daiteke, ez soilik ezaugarri kultural bat". Hain zuzen ere, ildo horretan lanean ari da Údarás na Gaeltachta, enpresa-garapena eta Gaeltachten bizitasun linguistiko eta soziala lotzeko. "Aukera desberdina izango da enpresa bakoitzarentzat. Negozio turistikoarentzat, irlandarrak bisitari baten lekuaren zentzua sakondu dezake; beste enpresa batentzat, bezero, langile edo bazkide irlandarrekin konektatzen lagun diezaieke", plazaratu du.

Aretxabaletaren ustez, solasaldian aztertutakoak aditzera ematen du hizkuntza enpresen "lehiakortasunaren elementu bat" dela, "komunikatzeko lehentasunezko lanabesa" den heinean. Hori hala izaki, "ezinbestekoa da tokian tokiko hizkuntzari erreparatzea, baldin eta leku horrekin konektatu nahi badugu arlo guztietan, besteak beste, arlo sozioekonomikoan", amaitu du.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain