Soldata Arrakalaren V. nazioarteko kongresuak ikuspegi eta ildo askotatik heldu dio gure gizartean egiturazko izaten jarraitzen duen arazo bati. Esperientziak partekatu eta norabideez eztabaidatzeaz gain, atzo bertan Eusko Jaurlaritzak onartu zuen 2026-2030 Ekintzarako Plan Operatiboa aurkeztu du Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak. 2018an martxan jarritako Soldata-arrakala murrizteko Estrategian kokatzen da, hirugarren plana izanik, eta helburua da pausoak ematen jarraitzea emakume eta gizonen arteko soldata desberdintasunari aurre egiteko, hura sortzen duten egiturazko arrazoietan eraginda.
BECen eginiko kongresuan, Elgarrestak gogorarazi du aurreko bi planetako betetze maila handia izan dela, baina honetan, lehen aldiz, sail guztiak inplikatuta izango dira plana garatzerako garaian. 91 ekintza jasotzen dira bertan, lotura dutenak, besteak beste, enpleguarekin, hezkuntzarekin, berrikuntzarekin edota, zerbitzu publikoekin. "Azken helburua da 2030. urtean Euskadi soldata arrakala txikiena duen Europako herrialdeetako bat izatea", adierazi du Emakundeko zuzendariak.
Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak datuak jarri ditu mahai gainean. 2016an soldata arrakala %24,4koa zen EAEn, eta lan egindako ordu bakoitzeko aldea %14,6koa. 2023an, berriz, %12,8 eta % 3,6an kokatzen zen. Bestela esanda, ia erdira igaro da. “Ez dira autokonplazentziarako datuak, baina bai direla itxaropenerako datuak”, adierazi du. Bilakaera horren atzean, Torresen ustez, enpresen, erakunde sindikalen, Emakunderen eta administrazio publikoen konpromisoa dago, baita berdintasun politikei eta elkarrizketa sozialari jarraikortasuna eman izana ere.
Nazioarteko dimentsioa indartzeko bideari ere heldu dio kongresuak. EPIC Soldata Berdintasunerako Nazioarteko Koalizioaren (EPIC) izan da parte hartzaileen artean. Landu diren gaiak izan dira soldata arrakalaren arrazoiak eta bilakaera, desinformazioaren eta AAren eragina, immigrazioaren, lan merkatuaren eta generoaren arteko harremana edota ordainsari berdintasun eraginkorreranzko bidea nola egin.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta