Talentu eskasia da Europako enpresa txiki eta ertainen arazo nagusia

Europako Batzordeak egindako barometroaren arabera, enpresetako langileen lan karga handitzea da talentu faltaren ondorio esanguratsuena

Enpresen %29ren ustez formazioa da talentu faltari aurre egiteko irtenbide bat | Argazkia: iStock Enpresen %29ren ustez formazioa da talentu faltari aurre egiteko irtenbide bat | Argazkia: iStock

Pasa den irailaren 13an, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Europako ekonomian hiru erronka nagusi zirela aipatu zuen: lan eta talentu eskasiari aurre egitea, inflazioa apaltzea eta euroguneko konpainien negozioak erraztea. Hala, Europako enpresa txiki eta ertainek gaitasun zehatz batzuk dituzten profesionalak aurkitzeko “egiturazko zailtasunak” dituztela aitortu zuten Europako agintariek.

Testuinguru honetan, Eurobarometroa aurkeztu berri du Europako Batzordeak. Inkestan Europako Batasuneko 27 herrialdeez gain, Islandia, Norvegiak, Suitzak, Erresuma Batuak, Ipar Mazedoniak, Turkiak, Estatu Batuek, Kanadak eta Japoniak ere parte hartu dute. Egin diren 13.000 inkesta baino gehiagotik %54k trebezia zehatz batzuk behar dituzten langileak aurkitzeko zailtasuna jo dute beren enpresen arazo nagusi bezala. %34k arautegiaren oztopoak eta administrazioa kargak erantzun dute, eta %21k finantza arazoak, tartean atzeratutako ordainketak direla eta.

Enpresa geroz eta handiagoa izan, ezagutza jakin bateko profesionalak aurkitzeko beharra areagotu egiten da. Hala, enpresa txikien %53k erantzun dute hau arazo nagusitzat, enpresa ertainen %68k, eta 250 langile baino gehiagoko enpresen %70 inguruk.

Profil profesional egokia bilatzearen zailtasunak

Enpresen hamarretik lauk (%38) azken 24 hilabeteetan beren intereserako ezagutza egokiak zituen langileak aurkitzea “oso zaila” egin zaiela erantzun dute. Beste %24k “nahiko zaila” egin zaiela erantzun dute.

Sektoreka, turismo sektoreko enpresek izan dituzte zailtasun handienak, %57rentzat “oso zaila" izan baita ezagutza zuzenak zituzten langileak kontratatzea. Ehungintzan %50i egin zaie “oso zaila” eta eraikuntzan %47ri. Arlo digitalean izan dituzte zailtasun gutxien. Enpresen %25i iruditu zaio “oso zaila” ezagutza egokiko pertsona kontratatzea.

Profil egokia aurkituz gero, Europako enpresa txiki eta ertainen %30k hiru eta bost lanpostu arte beteko zituzketela azaldu dute

Horrez gain, enpresa askok lanpostu ugari betetzeke dauzkatela azaldu dute, baina profil profesional egokia ez dutela bilatu diote. Zehazki, profil egokia aurkituz gero, Europako enpresa txiki eta ertainen %30k hiru eta bost lanpostu arte beteko zituzketela azaldu dute.

Talentu eskasiaren arrazoiak

Talentua edo trebezia egokiak enpresetara ez ailegatzearen arrazoi nagusia hautagairik ez edo gutxi daudela da enpresen ustez (%56). Bigarren arrazoia hautagaiek ezagutza egokiak ez dituztela da, eta hirugarrena, langilea kontratatu behar duen konpainiak beste enpresa batzuek egindako eskaintzak berdintzeko gaitasun falta da.

Enpresen %42k “teknikari” posturako profilak aurkitzen zailtasunak dituzte batik bat

Enpresetako talentu eskasiaren beste arrazoi batzuk ere aipatzen dira. Besteak beste, hautagaien bizitokia, enpresak epe luzera bertan gelditzeko aukera ez bermatzea, burokrazia oztopoak, langile askoren erretiroa edota formazioa eskaintzeko gaitasun falta.

Lanpostu mota galdetuta, enpresen %42k “teknikari” posturako profilak aurkitzen zailtasunak dituzte batik bat. Beste %23k “bezero arloko adituen” postuetan dute zailtasuna, hala nola, komertzialak edota aholkulariak, eta beste %20k ikerketa arloko ofizioetan.

Lan gehiago eta errentagarritasun gutxiago

Talentu eskasiaren ondorio nagusia (%48) enpresan lanean ari diren langileen lan kargaren areagotzea da. Salmenta galerak ere ekartzen ditu, hala diote inkestatutako enpresen %31k eta beste %25k errentagarritasuna murrizten duela erantzun dute.

Ezagutza edo trebezia falta horri aurre egiteko, enpresa gehienek (%29) langileen lan baldintzak hobetu behar direla uste dute, soldatak igoaz edo etekinak gehiago banatuz. Beste %29 egungo langileen formazioa sustatu behar dela erantzun dute, eta %25k langileak enpresetan geratzeko esfortzu handiagoa egin beharko luketeela uste dute, promozio aukerak sustatuz esaterako.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK