Talentuaren erronkari erantzuteko "erantzun partekatua" aldarrikatu du SEAk

Arabako enpresen "osasun ona" ere nabarmendu dute Arabako Enpresaken Batzar Nagusian

SEA-Arabako Enpresaken batzarra | Argazkia: EnpresaBIDEA SEA-Arabako Enpresaken batzarra | Argazkia: EnpresaBIDEA

SEA Arabako Enpresak batzarra egin du, eta 250 bat enpresetako ordezkariak bildu ditu gaur goizean Kutxabankeko egoitza nagusian, Gasteizen. Enpresen urteko emaitzak aztertzeko eta horiei buruz hausnartzeko parada izan da batzarra. Pascal Gomez elkarteko presidenteak "enpresen osasun ona" azpimarratu du, urtero "1.000 milioi euroko ekarpena" egiten baitiete arka publikoei. "Enpresak ongizatearen zutoin izan behar" direla ere esan du. Besteak beste, gizarte segurantzan izandako kotizazio errekorra nabarmendu du 163.655 kotizatzailerekin, aurreko ekitaldian baino 2.255 gehiago.

Ekitaldi honi begira, baikor azaldu da Gomez, are gehiago urte hasierako bilakaera ikusita: enpresen %22 inguruk langile kopurua handitzeko asmoarekin jarraitzen du 2023an. Helburua da lan jardunaren areagotzeari erantzun ahal izateko, "kasu gehienetan esportazioen hazkundetik datorrena". Baikortasunean, baina, talentuaren erronka ere mahaigaineratu du Gomezek, "erantzun partekatua" eskatuko duena: datozen urteetan egungo langileen %25ek erretiroa hartzea aurreikusten dute Arabako enpresek, eta, beraz, 33.000 langile berri beharko direla. Beste aldarria instituzioei egin die: haren hitzetan, "marko egonkorrak" eta "fiskalitate justua" behar dituzte finantzazioari dagokionez. SEAk eginiko inkesta baten arabera, enpresen %60k baino gehiagok behar izan ditu kredituak azkeneko urtean, eta kasuen %54ean hazteko edo behar berriak kubritzeko erabili da.

Ekitaldia Iñigo Urkullu lehendakariak itxi du. Enpresak "gizartearen ondasun" gisa duten rola azpimarratu nahi izan du Urkulluk, eta elkarlan publiko-pribatuak jotzen duen ezinbesteko rola ere bai. Datuak ere onak direla nabarmendu du, lehen hilean %2,3ko hazkundea lortu eta esportazioek %6,3 gora egin ostean. Era berean, gizarte segurantzan milioi bat pertsona erregistratu baino gehiagoko langa gainditu dela adierazi du. Ramiro Gonzalez Arabako Foru Aldundiko jarduneko diputatu nagusiak ere datu onak azpimarratu ditu.

Josu Sanchezi saria

Batzarrean, Josu Sanchezek Enpresa Kopromisoaren SEA saria jaso du Arabako garapen sozioekonomikoari modu aktiboan eginiko ekarpenagatik. Iazko irabazle Roberto Larrañagak eman dio, eta "pozez eta ohorez", baina "umiltasunez" eskertu du aitortza sarituak.

Josu Sanchezek jaso du Enpresa Konpromisoaren SEA saria | Argazkia: EnpresaBIDEA
Josu Sanchezek jaso du Enpresa Konpromisoaren SEA saria | Argazkia: EnpresaBIDEA

Sanchezek Lagunketa enpresa sortu zuen 1979an, eta 1991ean Sarkis Lagunketa Taldea eratu zenetik bertako kontseilari delegatua da. SEAko lehendakariorde karguan ere aritu da hainbat urtez, eta 2012tik Elkargiko presidente ere izan da. Azken kargu hori aurten utziko du, eta Lander Artechek ordezkatuko du.

Trantsizio energetikoa industrian

Datuak azpimarratzeaz harago, batzarrean hitzaldia eskaini du Josu Ugarte Schneider Electriceko ipar zonaldeko presidenteak, Industria trantsizio energetikoaren aurrean izenburupean. Trantsizioek oro har, eta bereziki energetikoak enpresa industrialetan duen eraginaz harago, deskarbonizazioa bultzatzeko enpresek plan bat beharko dutela adierazi du, arauak zorrotz bete beharko baitira, ez soilik erregulazioagatik, baizik eta bezeroek ere hala eskatuta. Izan ere, horrek markan inpaktua izan dezake, eta jasangarritasuna ere gako izan baitaiteke talentua erakartzerako garaian.

Testuinguru horretan, energia digitalizatzeko beharraz mintzatu da. Bestela esanda, sentsoreak edonon izatea ezinbestekotzat jo du Ugartek, horrekin datuak lortzeko eta energiaren kostua ekoizpen kostuetan benetan txertatu ahal izateko. Hizlariak adierazi duenez, enpresa txiki batek 18 eta 24 hilabete bitarte behar izan ditzake digitalizazio prozesurako, enpresa handi batek 5 eta 7 urte bitarte behar dituenean. Bestalde, trantsizio kulturalaren garrantzia ere azpimarratu du, lidergo anitza eskatuko duena.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK