• ENPRESAK GAUR
  • Talgok 27 milioi euro galdu ditu urteko lehen sei hilabeteetan

Talgok 27 milioi euro galdu ditu urteko lehen sei hilabeteetan

Tren fabrikatzailearen zorra 496,9 milioi eurokoa da gaur-gaurkoz. Jose Antonio Jainagak adierazi du "urrats irmoak" ematen ari direla urteko helburuak betetzeko

Argazkia: Iñaki Berasaluce / Europa Press
Argazkia: Iñaki Berasaluce / Europa Press
2026ko uztailaren 22a - 09:05

2026ko lehen seihilekoan 27 milioi euro galdu zituen Talgok, eta bere zorra 496,9 milioi euroraino handitu du. Galerak izan baditu ere, tren fabrikatzaileak iazko epe bereko emaitza hobetu du, 2025eko lehen sei hilabeteetan 65,9 milioi euro galdu baitzituen.

 

Oraindik zenbaki gorrietan egonda ere, Talgoko zuzendaritzak aurreikusten du urteko bigarren seihilekoan zorra murrizten hastea, kobratzeke dituen zenbait operazio amaituko direlako besteak beste. Era berean, iazko uztailean Renferekin itxitako akordioa dela eta, hainbat ordainketa egitekoa da Espainiako trenbide konpainia publikoa.

Talgok 31,7 milioi euroko ebitda izan du urteko lehen sei hilabeteetan, %8,4ko marjinarekin. Orotara, 375,8 milioi euroko diru-sarrerak izan ditu, 2025eko epe berean baino %39,1 gehiago.

 

Konpainiak azaldu du azken urtean itxitako hainbat proiekturen garapenak aukera emango diola 2026rako ezarritako helburuak betetzeko. Jose Antonio Jainaga enpresako presidenteak adierazi du “urrats irmoak” ematen ari direla Talgoren aro berri honetan. Gauzak horrela, aurreikusten dute aurten 700 eta 800 milioi euroko diru-sarrerak izatea, eta 1.500 eta 2.000 milioi euroko kontratuak ixtea.

Besteak beste, hainbat kontratu martxan ditu Saudi Arabian, Suedian, Danimarkan eta Alemanian.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain