• ENPRESAK GAUR
  • Talleres Mecanicos Telleria: Urola Garaitik atera nahi ez duen familia-enpresa

Talleres Mecanicos Telleria: Urola Garaitik atera nahi ez duen familia-enpresa

Legazpiko Brinkola auzoan sortu, Zumarragan hazi eta Urretxura lekualdatzear den familia-enpresa da Talleres Mecanicos Telleria. Zentral hidroelektrikoetarako osagaiak ekoizten dituzte, baina aeronautika eta ontzigintza sektorearen ere dihardute

    Telleriaren egungo lantegia, Zumarragako Argixao industrialdean |Argazkia: Raul Bogajo / Foku
    Telleriaren egungo lantegia, Zumarragako Argixao industrialdean |Argazkia: Raul Bogajo / Foku
    bb 20231002374563
    EnpresaBIDEAko kazetaria
    2025eko uztailaren 8a - 05:30

    Zumarragako (Gipuzkoa) Argixao industrialdean kokatzen da Talleres Mecanicos Telleriaren fabrika, baina ez da luzerako izango. Urretxun, trenbidea gurutzatuta, autoz bi minutura dagoen beste poligono batean eraikitzen ari baitira enpresaren lantegi berria izango dena. Jose Luis Romero enpresako zuzendaria pozik da, pandemia baino lehenago hasitako prozesua amaierara iristen ari baita. “Lekualdaketa 2018an erabaki genuen eta orain apurka-apurka hasiko gara produkzioa lekualdatzen, baina beste bi urte beharko ditugu dena bertan izateko”.

     

    Espazio batetik bestera lekualdatzea, fabrikaren eguneroko erritmoa eten gabe ez da gauza erraza, eta hori du orain erronka Telleriak. Makina bakoitza gelditu eta espazio berrian jartzeak hiru hilabete iraun dezakeela azaldu du Romerok fabrika zaharrera egin dugun bisitan. Aitzitik, lantegi berria gertu izateak ekoizpenaren jarraipen prozesu osoa erraztuko du. “Eskualdean mantendu nahi genuen negozioa, eta garai batean Irimoren fabrika zegoen lursail hutsean topatu dugu behar genuen espazioa”, gehitu du.

    Urola Garaiko eragileekin hitz egin, tartean UGGASA eskualdeko garapen agentziarekin, lursaila erosi, beharrezko baimen guztiak lortu, orduko eraikina eraitsi, lursaileko deskontamizazio lanak egin eta eraikin berria zutitzeko lanak egin dituzte azken zazpi urte hauetan, 12,5 milioi euroko inbertsioa eginik orotara. Bitartean, pandemia bat eta Ukraina eta Errusiaren arteko gerra izan dugu, eta merkatua etengabe aldatzen jarraitu du. “Hasiera batean aurreikusitako epe luzeena baino bi urte gehiago luzatu zaigu prozesua”, aitortu du Romerok, “eta egia da merkatua aldatzen joan dela, baina denbora pasata ere, konturatu gara argi zegoela ekoizpen prozesu osoa bateratu behar genuela”.

     
     DSC2535
    Zumarragako enpresak ekoitzitako pieza batzuk | Argazkia: Raul Bogajo / Foku

    Brinkolatik Zumarragara eta Zumarragatik Urretxura

    Familia-enpresa da Talleres Mecanicos Telleria, Nicolas Telleriak sortu zuena Brinkolan (Legazpi, Gipuzkoa), 1970ko hamarkadan. Makina-erremintako piezak egiten hasi ziren zonaldeko enpresentzat azpikontratazioaren bidez, harik eta 1989an Zumarragara lekualdatu ziren arte. 2005ean, zonaldeko fundizio batek itxi eta bertako bezeroei mekanizazio prozesuak eskaintzen hasi zen Telleria.

    2007az geroztik, zentral hidroelektrikorako osagai mekanikoetan espezializatu zen enpresa, egun enpresaren jarduera osoaren %80 delarik. Finean, mekanizazio soluzioak eskaintzen ditu Telleriak. Bezeroek emandako diseinua aztertu, lehengaia erosi, fabrikatu eta mekanizatu, soldadura egin, kalitatea egiaztatu eta piezak saltzen dituzte.

    Mekanizatuan espezializatuta, tokiko enpresa izatetik nazioartera zabaldu den konpainia bilakatu da: “Lantzen ditugun proiektu guztien %75 baino gehiago nazioartekoak dira. Urte askotan merkaturik garrantzitsuenak Frantzia edota Alemania izan dira. Azken urteetan, AEBetako merkatuan hedatu gara, horrek gaur-gaurkoz dakartzan erronkekin”, azaldu du Romerok.

    Jose Luis Romero: “Lantzen ditugun proiektu guztien %75 baino gehiago nazioartekoak dira. Urte askotan merkaturik garrantzitsuenak Frantzia edota Alemania izan dira. Azken urteetan, AEBetako merkatuan hedatu gara"

    Zuzendariak aitortu du azken urteetan “esfortzu handia” egin dutela AEB eta Kanadako merkatuetan sartzeko, eta “mendekotasun apur bat” badutela. Muga-zergek izan dezaketen eragina oraindik ez dute sumatu, baina kezkaturik dira etor daitekeenaren atarian. “Herrialde horietan egon beharra dugu, hidroelektrikaren aldeko apustua egin baitute”, dio.

    Era berean, Frantzia eta Alemaniak indarra galdu dute Europako merkatuan, kontinentearen iparraldeko herrialdeen mesedetan: “Norvegia edota Finlandia bezalako herrialdeak merkatu indartsua dute. Ur asko duten herrialdeak dira eta inbertsio handia egiten dute zentral hidroelektrikoa berrindartzeko”.

     DSC2613
    Talleres Mecanico Telleriaren lantegi berria Legazpitik Urretxurako sarreran  | Argazkia: Raul Bogajo / Foku

    Ekoizpen prozesu guztia espazio berean

    Merkatu berrietara sartzeak lan egiteko modua aldarazi dio Zumarragako enpresari. “Gaur egun denari proiektu gisa egin behar diogu aurre”, argitu du Romerok, eta horren ondorioz, planta berri batera joateko erabakia hartzea derrigorrezkoa dela azaldu du, ekoizpen guztia bateratzea ezinbesteko baita enpresak aurrera egin dezan.

    Argixao industrialdean, hiru pabiloietan dute jarduera banatuta. Piezak alde batetik beste mugitu behar izaten dituzte, mekanizazio, entsegu eta piezen akabera fasoak burutzeko. “Etengabe piezak mugitzen ari gara, eta prozesua apurtu egiten da eraikinen artean. Oso konplikatua da dena ondo kudeatzea modu honetara”.

    Egungo lantegiak 3.600 metro karratu ditu, Urretxukoak, aldiz, 6.800 izango ditu. “Lan egiteko banaketa (lay-out) eraginkorragoa izango dugu, eta negozio bezala haztea ahalbidetuko digu. Piezen banaketa errazago egingo dugu eta ekoizpen prozesua nabarmen eraginkorragoa izango da”.

    “Merkatuak berak esan digu bizirik jarraitu nahi baldin badugu eta datozen urteetan ez badugu hil nahi hazkundearen aldeko apustu egin behar dugula”

    Egungo fabrikan dituzten makina gehienak eramango dituzte espazio berrira, tartean lau mandrinadora. Makineria berria ere erosiko dute, eta zaharkituak geratu diren beste batzuk erabiltzeari utziko diote. “Makina nagusien lekualdaketa egiteak urte eta erdi bi urte emango digu. Behin amaituta, %25 handituko dugu amandrinatzeko gaitasuna eta beste %20 pieza handiak torneatzekoa”.

    Romerok azaldu digu merkatuaren norabidea mekanizatu "exijenteetarantz" doala, eskakizun geroz eta zorrotzagoak dituztela bezeroek, kalitate sistema handia nahi dutelarik. Hartara, prozesu guztia espazio berean egiteak kalitate aldetik jauzi handia bermatuko dio konpainiari. “Merkatuak berak esan digu bizirik jarraitu nahi baldin badugu eta datozen urteetan ez badugu hil nahi hazkundearen aldeko apustu egin behar dugula”.

     DSC2540
    Jose Luis Romero zentral hidrolektrikorako osagai baten ondoan | Argazkia: Raul Gobejo / Foku

    Sektoreen dibertsifikazioa

    Jarduera dibertsifikazio merkatu azterketa eginda, zentral hidroelektrikoetako osagaiez gain, bi merkatu nagusitan ardazten da Telleriaren jardueraren gainerako %15a: sektore aeronautikoan eta ontzigintzan. Aeronautikarako tresneria eta itsasontzien propultsio-sistemarako osagaien mekanizazioan errotoreak edota helizeak ekoizten dituzte, besteak beste.

    Egun 47 bat langile ditu Telleriak. Horietatik 12 bulegoan aritzen dira, gainerakoak, berriz, fabrikan. Lantegi berrira igarotzean, ordea, hainbat kontratazio berri egitea aurreikusten du Romerok, lantaldearen zenbatekoa 50tik gorakoa izango delarik.

    Voith, Andritz, Alstom edota General Electric bezalako ingeniaritza etxea handiak dira Urola Garaiko enpresaren bezero nagusiak. Ingeniaritza talde horiek zentral hidroelektrikoen jabe diren enpresentzat egiten dute lan, Iberdrolarentzat, besteak beste. Hornitzaileei dagokienez, Gijongo (Espainia) Fundyser izeneko fundizio batekin egiten dute lan batik bat, zeinarekin urte askotako erlazioa duten. “Kosta egin zitzaigun hemen inguruko fundizio batekin elkarlana lotzea eta azkenean Gijongo enpresa honekin hasi ginen lanean. Merkatuan talde bat bezala ezagutzen gaituzte, nahiz eta bi enpresa izan”.

    “Hidroelektrika sektorearen %80 hori murriztea nahiko genuke. Ez sektorean gauza gutxiago egingo ditugulako, baizik eta ontzigintzan eta aeronautikan proiektu gehiago ditugulako”

    Azken urteetan fakturazioa areagotu du Talleres Mecanicos Telleriak. 2024an zortzi milioi fakturatu zituen eta aurten hamar milioitik gertu ibiliko dira. "Lehengaien prezioak asko eragiten digu urteko emaitzan. Altzairu herdoilgaitzarekin egiten dugu lan. Lehengai asko erosten ditugun urtean, automatikoki salmentak handitu egiten dira", nabarmendu du zuzendariak. Lantegi berria irekitzearekin batera, 12 milioi euroko fakturazioaren langa “erraz” gainditu beharko luketela uste du.

    Etorkizunera begira, sektoreen dibertsifikazioa du jomugan konpainiak. “Hidroelektrika sektorearen %85 hori murriztea nahiko genuke. Ez sektorean gauza gutxiago egingo ditugulako, baizik eta ontzigintzan eta aeronautikan proiektu gehiago ditugulako”.

    Dibertsifikazio horri heldu aurretik, ordea, Talleres Mecanicos Telleriak bi fabriken arteko trantsizioa du hurrengo hilabeteetako erronka nagusia. Makina bat paratu, desmuntatu, trenbidea igaro eta fabrika berrian instalatu. Behin eta berriro, merkatuak etenik ez duen bitartean. Ez da lan makala izango.