Talleres Mitxelenak pabiloi berria eskuratu du

Hernaniko enpresa 1957 sortu zen, eta orain dela 25 urte bilakatu zen kooperatiba. Merkatu estrategikoetan presentzia areagotu nahi du

Argazkia: Talleres Mitxelena
Argazkia: Talleres Mitxelena
2025eko azaroaren 19a - 11:36
Eg. 2025eko azaroaren 20a - 14:10

Hernaniko (Gipuzkoa) Talleres Mitxelena enpresak 25 urte bete ditu aurten kooperatiba gisa, eta pabiloi berria eskuratu berri du, “merkatu estrategikoetan presentzia sendotzeko” asmoz. Bere bezeroei “zerbitzu integrala” eskaintzeko aukera emango dio espazio berriak, mekanizazio piezen bizi-ziklo osoan parte hartuta.

 

Mekanizazioan espezializatutako kooperatibak urriaren 11an ospatu zuen bere 25. urteurrena, 25.erreleboa lelopean, nahiz eta enpresa bezala 1957an sortu ziren. Galder Gonzalez enpresako kudeatzaileak azaldu zuen kooperatiba bihurtu zirenetik, “azken 25 urteetan lekukoa eskuz esku pasa den bezala belaunaldi berriek norabide berriak hartzen dituzte, baina balio berberei eutsiz eta talde izaera mantenduz”.

Inguruko eragile eta hornitzaileekin lankidetzan aritzen dira Talleres Mitxelenan. “Kooperatiba moduan, parte-hartzean oinarritutako gobernantza eredua dugu: erabakiak taldean hartzen ditugu, gardentasun osoz eta konfiantza giroan. Belaunaldi berriei ofizioa eta balio kooperatiboak transmititzen jarraitu nahi dugu”, nabarmendu du David Elizburu kooperatibaren lehendakariak.

 

Tamaina handiko mekanizatuak ekoizten ditu Gipuzkoako kooperatibak, konplexutasun eta zehaztasun handiko piezak, eta berrikuntza oinarri harturik, pabiloi berriaz gain, makinaria beria ere badute: lapeadora, trepanadora, mandrinatzea eta kanpoaldeak leuntzean aurrerapauso nabarmenak eman dituzte.

Merkatu ezberdinetan soluzio egokiak eskaintzen jarraitzeko helburua du Mitxelenak, eta "ezagutzaren, zehaztasunaren eta erantzukizunaren erreferente” izaten jarraitu nahi dute. Etorkizunera begira, ekoizpenerako espazioa 1.800 metro karratuta handitzea du helburu.