Tecnalia zentroak fabrikazio aurreratuko Proactive Factory Lab laborategi berria inauguratu du Donostian. Azpiegitura horrek 5,5 milioi euroko inbertsioa ekarri du funts propioetatik. 476 metro koadroko eremua da, eta industriaren berrikuntza aplikatu eta eskalagarriaren eskaera gero eta handiagoari erantzuteko diseinatu da.
Laborategi berriarekin, Tecnaliak %62 handitu ditu fabrikazio aurreratuan dituen gaitasunak. Instalazioa aurrez zituen 765 metro koadro izatetik 1.241 metro koadro izatera igaroko da, eta, horri esker, eremu horretan aurreikusten den industria-eskaeraren igoerari erantzuna eman ahal izango zaio. Izan ere, zentroko arduradunen arabera, eskaera hori urtean %8 eta %10 artean haztea espero da, ekoizpen-prozesuetan teknologia adimendunak sartzeak bultzatuta.
Laborategi berriak jarduera esperimentala zabaltzeko aukera ere emango du. Tecnaliaren arabera, urteko proba industrialen kopurua %30 inguru handitu liteke, eta horrek erraztu egingo du garapen teknologikoen heldutasunean aurrera egitea eta, ondoren, horiek merkatura transferitzea. “Fabrikazio aurreratuko eskaera industrialaren hazkundeari erantzutea” da proiektuaren helburu nagusietako bat, adierazi dute zentroko zuzendaritzatik.
Tecnaliak Mikeletegi pasealekuan duen eraikinean dago Proactive Factory Lab, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean, Miramonen.