Burujabetza edo subiranotasuna, definizio hertsiari erreparatuta, nazio, herrialde edo herri bateko herritarrek, euren burua, lurraldea eta baliabideak gobernatzeko duten ahalmena, eskumena eta eskubidea dela esaten da. Hau da, geure buruaren eta geure baliabideen jabe izateko ahalmenaz ari gara, ezta? Orduan, telekomunikazioei dagokionez, euskal herritarrak, burujabeak al gara? Zertaz ari gara burujabetzaz hitz egiten dugunean? Eta badago gure burujabetza maila areagotzeko egin dezakegunik?
Espainiar eta frantziar estatuetan, telekomunikazioen sektorean, oligopolio egoera garbia dago. Hau da, praktikan, hiruzpalau enpresak dute merkatu osoaren kontrola. Espainiar estatuan Telefonica, Vodafone, MasOrange eta orain Digi daude, eta frantziar estatuan Orange, Bouygues eta SFR. Hala ere, hiruzpalau operadore handi horiek marka ugari izaten dituzte oligopolioa ezkutatzeko eta lehia dagoenaren itxura emateko. Adibidez, Euskaltel eta Guuk, MásMóvilenak ziren, baina orain Orangek MásMóvil erosi eta ondorioz bere marka guztiak ere erosi berri ditu, lehiakideak paretik kenduz edo irentsiz. Horrek merkatuaren %94 baino gehiago kontrolatzea ahalbidetzen die, CNMCko azken hiruhilekoko datuen arabera: MasOrange %37, Movistar %31, Vodafone %14, Digi %12, eta besteak %6 besterik ez.
Espainiar eta Frantziar estatuetan, telekomunikazioen sektorean, oligopolio egoera garbia dago. Hau da, praktikan, hiruzpalau enpresak dute merkatu osoaren kontrola
Euskalteli buruz ari garela, bai enpresa eta bai bere sarea, diru publikoz eraiki ziren. Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako herritarrok guztion artean ordaindu genuen zuntz optiko sarea hedatzeko inbertsioa, baina gobernuan dagoen alderdiak merke saldu zuen “lehiakorragoa” izan zedin, eta gaur egun %100 Orangen eskuetan dago, hots, funts pribatuen eta estatu frantsesaren eskuetan. Eta hori gutxi balitz gainera, orain gutxi, alderdi horren burua zenak Telefónicako administrazio-kontseiluan amaitu du.
Baina ez da hori lehenengo kasua, Movistar ere Telefónica de España enpresa publiko ohiaren pribatizaziotik sortu zen, eta Orange ere lehengo France Telecom enpresa publiko estatalaren ondorengoa da. Diru publikoz guztion esfortzuaz eraikitako egiturek esku pribatuetan amaitu dute, eta jakina, etekinek, poltsiko pribatuetan.
Errentagarritasuna maximixatzea
Hortaz, gure errepide digitalak enpresa multinazional erraldoien esku daude. Horrek esan nahi du, nahi izango balute, eragile pribatu horiek botere handia dutela edozein momentutan herrialde bat inkomunikatuta uzteko edo sabotaje ekintza erraldoia egiteko, edo, litekeena dena, prezioak eta baldintzak euren interesen arabera egokitzeko.
Gainera, telekomunikazioak eskubide gisa ulertu beharrean negozio gisa ulertzen direnean, arrakala digitala oso ohikoa izaten da, bai arrazoi sozioekonomikoengatik zein geografikoengatik. Zonalde errentagarrietan hiru edo lau sare paralelo eta independente eratzen dira, eta zonalde ez hain errentagarrietan (landaguneak, periferia…) ez dago azpiegitura duinik. Erredundantzia horrek ere zer pentsatu ematen du, baliabideen erabilera eraginkorraren eta aztarna ekologikoaren ikuspuntutik, baina esan bezala, sareen hedapenak ez du planifikazio zentral bat jarraitzen, enpresa bakoitzak bere errentagarritasuna maximizatzea bilatzen baitu.
Sareen hedapenak ez du planifikazio zentral bat jarraitzen, enpresa bakoitzak bere errentagarritasuna maximizatzea bilatzen baitu
Eta oligopolio horrek, gainera, monopolioranzko joera dauka, boterea geroz eta esku gutxiagotan kontzentratuz. Horren adibide da MásMovilek bere garaian Euskaltel eta orain Orangek MásMovil erosi izana.
Zeresanik ez enpleguaren suntsiketari buruz. Espainiako Gobernuak, adibidez, MásMóvil eta Orangen arteko fusioa onetsi zuen 2024an, kaleratzerik egongo ez zela aginduta. Zegona funts pribatuak 2024ko maiatzean Vodafone España erosi zuenean ere, 5.000 milioi euroren truke, CEO berriak (José Miguel Garcíak) hitz eman zuen ez zuela kaleratze handirik egingo; bada uztailean 3.268 langiletatik ia 1.200 kaleratze iragarri zituen (plantillaren %36,6). Hamaika urtetan bosgarren EREa izan da Vodafonen: 2014an 6.148 langile zituen espainiar estatuan eta 2025 urtea 2.390 langilerekin itxi du. Eta hori gutxi balitz, 2025 urte amaieran Telefónica Movistarrek ere 5.500 pertsonako EEE (Enplegu-erregulazio espedientea) iragarri du.
EH KOMen proposamena
Testuinguru horretan, edo hobeto esan, egoera horri aurre egiteko sortu zen EH KOM. EH KOMek planteatzen duena da, burujabetzan aurrerapausoak emateko bidean, sare publiko-komunitario nazionala eratzea. Sare librea, irekia eta neutroa, eragile guztiek partekatzeko, eta ez bakoitzak berea. Horretarako planifikazio eredu berria planteatzen du, erakunde publikoak, herritarrak eta tokiko eragile komunikatiboak kontuan hartzen dituena, alegia, bertako operadoreek, hedabideek, irrati libreek, eta abarrek ere sarearen gaineko gobernantzan parte hartzea. Jakina, baina: euskal herritarrok ez dugu estatu propio bat, beraz, nola bermatuko dugu burujabetza atal instituzionaletik? Bada udaletatik hasita, tokiko erakunde publikoetatik, eta nazio-ikuspegiarekin. Horregatik sortu zen proiektua Udalbiltzaren eskutik.
Ideia da maila lokaleko sare txiki libre eta burujabeak eraikitzen joatea udalez udal, eta gutxinaka sare publiko-komunitario nazionala osatzea. Eduardo Galeanoren olerki ospetsuan bezala nolabait: su txikien itsaso bat.
Burujabetza formala eta materiala
Hala ere, burujabetza formala eta materiala bereizi behar dira hemen. Aitortu behar dugu burujabetza formalik edo independentziarik gabe mugatuta daudela, eta era askotako mugak aurkitzen ditugula burujabetza eraikitzeko bidean egitura nazionalik gabe. Muga juridikoak batetik, edota organo erregulatzaileek ezarritakoak bestetik; esaterako, sare mugikorren ustiaketarako lizentzia oligopolioaren parte diren operadore handiei bakarrik ematen zaie.
EHKomek gaurdanik hasi nahi du burujabetza eraikitzen, independentzia lortu edo “e” eguna etorri arte zain izan gabe. Aitzitik, jakitun da burujabetza osoa lortzea ez dela posible izango zazpi lurraldetako estatu propioa izan gabe.
EH KOMek aldarrikatzen du erabakiak tokian-tokian hartzea, gobernantza eredu parte-hartzaile eta publiko-komunitarioen bitartez, eta ez atzerrian, hemendik urrun, enpresa handien administrazio-kontseiluetan
Bide horretan, baina, burujabetza materiala eraikitzen hastea gako da EHKomen ikuspegitik, batez ere estrategikoak diren sektoreetan: elikaduran, energian, zaintzan, hezkuntzan, telekomunikazioetan, eta abar. Izan ere, burujabetza formalak eta materialak elkar elikatzen dute, eta zentzu horretan emandako aurrerapauso bakoitzak ere independentziara hurbilduko gaitu.
Tamalez munduan adibide asko daude, batez ere hegoalde globalean, burujabetza formala eskuratu bai, baina hala ere oso kota baxuak dituztenak burujabetza materialari dagokionez. Munduko herriek arazo larriak dituzte kolonialismoak lehenik eta neokolonialismoak ondoren sortutako menpekotasunen ondorioz, eta horien bitartez jarraitzen dute azpiratuta. Edozein herriren beharrizanak asetzea merkatu logikaren menpe eta enpresa multinazionalen etekin gosearen menpe dagoen bitartean, ezin da eskubiderik bermatu. EH KOMek aldarrikatzen du erabakiak tokian-tokian hartzea, gobernantza eredu parte-hartzaile eta publiko-komunitarioen bitartez, eta ez atzerrian, hemendik urrun, enpresa handien administrazio-kontseiluetan.
Denborak esango du bestela, burujabe ala burugabe izango garen
Bide luzea dugu jorratzeko, baina gizarte heldu eta burujabea izatea baldin badugu helburu, hobe dugu urratsez urrats gaurdanik hastea. Jokoan dago herri honen etorkizuna enpresa multinazional handien esku, edo euskaldunon beharrizanen esku izatea, eta horretarako esfortzu bateratua egin behar da, erakundeetatik, tokiko eragileetatik, baina baita herritar bakoitzak bere aletxoa jarrita ere, egunero egiten duen hautu bakoitzean. Alternatiba burujabeak badaude, Izarkom horren adibide. Denborak esango du bestela, burujabe ala burugabe izango garen.
Artikulu honek Izarkom Eskolan jorratuko den hurrengo gaia du oinarri, eta eskola hori emango duen Beñat Azkargorta Mintegi EH KOM kooperatibako kideak idatzi du. EnpresaBIDEAren eta Izarkomen arteko lankidetzaren emaitza da.