ELA, LAB eta ESK sindikatuek salatu dute Gasteizko Mercedes-Benz lantegiko hainbat pabiloitan langileak 38 gradurainoko tenperaturetan ari direla lanean, eta bero estresaren indizeak hainbatetan gainditu duela prebentzio araudiak ezartzen duen muga. Egoerarik larrienak pintura, erdi muntaketa eta amaierako muntaketa guneetan gertatzen ari direla adierazi dute. Horren aurrean, tenperatura altuetarako eta alerta egunetarako jarduera protokolo bateratua eskatu diote enpresari.
Sindikatuen arabera, pabiloi zaharrenetan ez dago atseden hartzeko gune klimatizaturik eta hartutako neurriak ez dira nahikoak. Azaldu dutenez, zenbait tokitan haizagailuak baino ez daude eta egunean lau minutuko bina hidratazio etenaldi egiten dituzte. Gainera, salatu dute bero boladak aurrez iragarrita egon arren, enpresa egunean bertan hasten dela tenperaturak neurtzen neurgailu bakar batekin. Haien ustez, langileek ezin dute atsedenaldietan gorputzaren tenperatura behar bezala jaitsi, eta gauez nabeak hozteko sistemak erabiltzea, ur freskoa bermatzea eta bero estresaren araberako etenaldiak zorrotz aplikatzea eskatu dute.
Hiru sindikatuek diotenez, azken asteetako bero boladetan hainbat langile zorabiatu dira, eta kasu batean Osakidetzako anbulantzia bertaratu behar izan zen. Halaber, salatu dute gaur egun ez dagoela irizpide bateraturik bero handiko egoeretan jarduteko, eta atsedenaldiak arduradun bakoitzaren erabakiaren menpe daudela. Francisco Antonio Ariza ELAko ordezkariaren esanetan, azken alerta gorrian muntaketa gordinean orduko sei minutuko etenaldia egin zuten, nahiz eta bero estresaren indizearen arabera hamasei minutukoa egin beharko luketen: "Protokolo garden bat behar da, langile guztiek jakin dezaten zer gertatuko den alerta maila bakoitzean".
Egoera horren aurrean, ELAk, LABek eta ESKk hainbat salaketa aurkeztu dituzte Lan Ikuskaritzan, tartean ekoizpena eteteko eskaera bat, baina adierazi dute oraindik ez dutela erantzunik jaso. Era berean, gogorarazi dute enpresa batzordeak 2024an beroaren aurkako protokolo bat negoziatzeko proposamena aurkeztu ziola zuzendaritzari, baina ez zela aurrera eraman. Orain, langileen osasuna bermatuko duen protokolo argi eta loteslea adostea eskatu dute.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta