
Astelehenean greba mugagabea hasi zuten Tolosako hiltegiko hamaika langilek. Incarosa (Industrias Carnicas del Oria) enpresak kudeatzen duen zerbitzu publikoak abendutik darama langileei soldata ordaindu gabe. Hiltegiko lanak eragina du inguruko herrietan, zerbitzua ematen baitie 75 harakin eta 400 abeltzain baino gehiagori.
Gauzak horrela, Tolosako Mankomunitatea osatzen duten 46 udalek adierazi dute lagundu egingo dutela arazoa konpon dadin: enplegatuen lansariak eguneratuko dituzte, hiltegiak hornitzaileekin dituen zorrak ordainduko dituzte, eta, horrez gain, azken hilabeteetan hiltegiak izandako kudeaketa ekonomikoa ikertuko dute. Hala ere, langileek azaldu dute oraingoz grebarekin aurrera jarraituko dutela.
ENBA nekazaritza sindikatuak enpresak “zor handia” duela adierazi zuen astelehenean, bai Tolosako udalarekin, baita Tolosako Mankomunitatearekin ere.