Totem MT, harkaitzetan gora segurtasunez

Eskalatzaileentzat Totem Cam izeneko segurtasun-gailu patentatua ekoizten du 2008tik Hernanin kokatutako irabazi asmorik gabeko kooperatibak

Argazkia: Totem MT Argazkia: Totem MT

Arroka zein harkaitzetan eskalada segurua praktikatzeko oinarrizko zenbait material beharrezkoa du eskalatzaile orok, frienak, esaterako. Fijazio edo ainguratze sistema moduko bat dela esan daiteke, eta sokaren tiratze aldietan —eskalatzaile bat erortzen denean, adibidez— indarra edo presioa arrokarantz bideratzen du, eskalatzailea lurrera jauztea ekidinez. Hiruzpalau espekez osatutako arteka-trabagailu bat da friena, hau da, harkaitzetako arrailetan trakzio sistema baten eraginez trebatuta geratzen den segurtasun gailua, beraz.

Totem MTk frienak ekoizten ditu, baina ez edonolakoak. Frienen sistema trakzio berri bat asmatu eta prototipoak egiten hasi ahala, 2008an Hernanin sortutako kooperatiba da. “Merkatuan zegoen segurtasun sistema baten berrikuntza zen gure produktua, eta berrikuntza horren inguruan sortu zen kooperatiba”, azaldu du Aitor Jaurrieta kooperatibako bazkideak. Produktuak Totem Cam izena du. Eusteko ahalmen handiagoa izateaz gain, erabilera modu esklusiboagoak eskaintzen dituen patentaturiko Kargatze Zuzena sistemari esker.

Aitor Jaurrieta: “Merkatuan zegoen segurtasun sistema baten berrikuntza zen gure produktua, eta berrikuntza horren inguruan sortu zen kooperatiba”

Jaurrietaren hitzetan finkoa ez den segurtasun sistema bat da, paretan sartu eta kendu daitekeena. “Daukan berezitasuna malgutasuna da, arroka eta arrail diferentetan sartzeko joko gehiago ematen dizu”. Era berean, zinten banaketa berezia duela adierazi du bazkideak: “Normalean frienak uztai edo eraztun modukoak dira. Guk diseinatutakoak, ordea, triangulazio bilketa balitz bezalakoak dira, eta pisu banaketa askoz hobeto egitea baimentzen du honek”. Alabaina, Jaurrietaren arabera, produktuaren berezitasun nagusia esteken lan egiteko modu independentea da. Beste frienenetan lau espeka behar dira lana ondo egiteko; Totem Camak, ordea, birekin funtzionatzen du, nahiz eta kasu guztietan birekin aritzea ez duten gomendatzen.

Kooperatibaren printzipioak zilborrean

Produktuaren ekoizpen osoa Hernaniko tailerrean egiten du Totem MTk. Egun, 32 bat langile dira denera, eta kasik denak dira bazkideak. Irabazi asmorik gabeko kooperatibak ezinbestekotzat dituen zenbait balioetan oinarritzen du eguneroko jarduna, hala nola lan harreman justuak eraikitzea, erabakiak demokratikoki hartzea eta aberastasuna inguru hurbilera bideratzea. “Antolatzeko ahalik eta modu horizontalena bilatzen dugu, langile guztion arteko berdintasuna eta eskubide berak nahi ditugu. Helburua langile guztiak bazkide izatea da. Genero berdintasunari ere garrantzia ematen diogu, emakumeak zein gizonak kontratatuz berdin”, nabarmendu du Jaurrietak.

eskalatzailea totemmt
Argazkia: Totem MT

Hori gutxi balitz, azpimarratzekoa da kooperatibak eskuratutako etekinak beste zenbait kooperatiba, erakunde edo elkarteetara bideratzeko egindako hautua. Iaz, esaterako, Hernaniko txistulari taldeari edota herriko eskalatzaile taldeari eman zizkieten urtean zehar lortutako etekinak.

Aitor Jaurrieta: “Antolatzeko ahalik eta modu horizontalena bilatzen dugu, langile guztion arteko berdintasuna eta eskubide berak nahi ditugu. Helburua langile guztiak bazkide izatea da”

Printzipio horiei guztiei eusteko asmoz, 2022an zehar plan estrategiko berriarekin buru belarri ibili da enpresa. “Barrura begiratzeko urte bat izan da; zilborrera begira harrapatu gaituzue”. Kanpora, produktuari erreparatu baino, barne-antolakuntzan zentratuta dira bazkidearen esanetan: ”garrantzi handia eman diegu langile eta sail arteko harremanei eta koordinazio mailei. Harremanak zaintzeaz arduratu gara, eta nola hobetu ditzakegun aztertzen ari gara. Langile kopuru maximora iritsi gara, eta barne aldaketak datoz”.

Mundu osoko harkaitzen arrailetan

Barnera begiratzen ibilita ere, kanpokoa ezin liteke ahanzturan utzi, eta kooperatibak Totem Cam produktua munduko eskalatzaile guztien eskuetara iristeko ahaleginetan dihardu. Egun, Amerikar Estatu Batuetan saltzen dute gehien —%37 inguru—, Espainiar estatua izanik bigarren merkatua eta Italia hirugarrena. Kanada. Txile, Hegoa Afrika, Frantzia, Alemania eta Australian ere saltzen dute, eta Grezian sartzeko merkatua aztertzen ari dira gaur. Halaber, munduko txoko bakoitzera iristeko hiru salmenta kanal nagusi dituztela dio Jaurrietak: on line bidezkoa, dendak eta banatzaileak.

Amerikar Estatu Batuetan saltzen dute gehien —%37 inguru—, Espainiar estatua izanik bigarren merkatua eta Italian hirugarrena

Nazioarteko goi mailako eskalatzaileek erabiltzen dute Totem Cam, tartean Pou anaiek. Kooperatibaren bulego teknikoak produktua hobetzen jarraitzen du, eta Jaurrietari eskaladarako beste produktu batzuen ekoizpenaz galdetuta, aukera baztertzen ez dutela aitortu du, nahiz eta kooperatibaren jarduera euren produktu patentatuan ardaztuta izan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK