• ENPRESAK GAUR
  • Trafikoa %25 hazi eta isuriak %20 murriztea bilatuko du Pasaiako Portuak 2030erako

Trafikoa %25 hazi eta isuriak %20 murriztea bilatuko du Pasaiako Portuak 2030erako

Plan Estrategikoa berria portuko eragileen arteko lankidetza prozesu baten emaitza da

Candelario eta Goñi, gaurko agerraldian | Argazkia: PPA
Candelario eta Goñi, gaurko agerraldian | Argazkia: PPA
2026ko maiatzaren 7a - 14:41
Eg. 2026ko maiatzaren 7a - 16:02

Ardatz Atlantikoan nodo estrategiko izatea. Horixe bilatzen du Pasaiako Portuak gaur aurkeztu duen 2025-2030 Plan Estrategikoarekin. Aurrekoa planaren epealdi erdia izango du oraingoak, beraz, eta Izaskun Goñi PPAko presidenteak eta David Candelario zuzendariak gaur eginiko aurkezpenean esandakoaren arabera, portua sendotzeko eta eraldatzeko aldi berriari hasiera emango dio.

 

Orotara zazpi erronka nagusi ditu portuak aldi honetarako. Lehena, arestian aipatu bezala, Ardatz Atlantikoko nodo lehiakor gisa kokatzea portua. Horretarako, foroetan presentzia edukitzea eta Euroeskualdeko lankidetzazko proiektuetan parte hartzea bilatuko du APPk. Gainera azpiegiturak enpresa operadoreen eta merkatuaren eskarira bideratzea ere bultzatuko dute portutik. Arintasuna eta eraginkortasuna ere bilatu nahi dute izapidetzeetan, digitalizazioa bultzatuta.

Bigarrena, intermodalitaterako inbertsioak sustatzea, besteak beste Lezo-Gaintxurizketa plataforma eta Europako korridoreekiko trenbide-konexioak ahalbidetzeko. Izan ere, optimizatu egin nahi dira lehorreko igarobideak, konexioa bilatu kamioi eta merkantzia-trenetako geltokiekin, eta automatizatu trafikoa kudeatzeko erabiltzen den sistema portuko bide partekatuetan.

 
Rueda de Prensa 2
Cendelario eta Goñi, prentsaurrekoan | Argazkia: PPA

Hirugarren erronka da ingurumen eta energia jasangarritasuna bultzatzea. Esparru horretan, ingurumen jardueren plan zuzentzailea zehaztea da asmoa. Energia kontsumoa optimizatzea eta deskarbonizazio proiektuak egitea ere aurreikusten du PPAk.

Laugarren erronkari dagokionez, portu-hiri elkarbizitza harmoniatsua landu nahi dute, horretarako PPAren eta tokiko agintarien artean foro tekniko iraunkorra eratuta. Hala, koordinatzea bilatzen dute, tartean mugikortasun-premiei dagokionez.

Bosgarren erronkaren baitan, egun dituen trafikoak fidelizatu ez ezik, horiek gora egitea ere bilatzen du PPAk. Horretarako, portuko espazio eta trafikoen errendimendua etengabe monitorizatzeko garapenak barnebiltzen ditu planak, eta baita segurtasun eta babeserako neurriak eta protokoloak eta portuko komunitate osoaren parte-hartzea ere.

Seigarren eta zazpigarren erronkak dira, azkenik, dibertsifikazioa, eta ekonomia urdinari lotutako nitxo berriei bidea irekitzea, azken hori berrikuntza eta ekintzailetza sustatuta. 

Gauzak hala, zortzi eremu estrategiko definitu ditu PPAk: lehiakortasuna, berrikuntza, jasangarritasuna, digitalizazioa, nazioarteko merkataritza, ingurumenarekiko konpromisoa, pertsonak eta talentua zaintzea, eta kudeaketa arduratsua. Talentuaren kasuan, belaunaldi erreleboen kudeaketa landu nahi du portuak, baita genero oreka sustatzea eta etengabeko formakuntza eskaintzea ere. Denera 120 jarduera baino gehiago aurreikusten dira ildo horien guztien artean, horietatik 8 proiektu berritzaile eta 20 lankidetza prozesuen dinamizazio Aztirekin, Oarsoaldea agentziarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin.  

Plana portuko ekosistemako eragileekin izandako hartu-emanen eta prozesu parte hartzaile baten emaitza da. Izan ere, elkarlana ezinbesteko elementutzat jotzen du Goñik, eta datozen urteetan lankidetza hori indartzen joateko pauso irmoak eman nahi ditu presidenteak.

Gainera, 10 milioi euro baino gehiagoko inbertsioak ere aurreikusi ditu planak, kaiak birgaitzeko edota itsas-argiak berreskuratu eta efizientzia energetikoa lortzeko.

2030erako helburuak

Aldi estrategikoaren amaierarako, honako xedeak lortzea jarri du helburu PPAk: trafikoak 2030ean 4.200.000 tonara iristea, 2024ko oinarrizko mailatik %25 hazita; trenez garraiatutako merkantziak guztizkoaren %10 izatea; 1.600 profesionaleko ekosistema izatea, kalitatezko enplegua mantenduta; urtero 10 milioi exekutatzea modernizazioa eta jasangarritasuna posible egiteko; portuko jardueran CO2 isuriak %20 murriztea eta portuari dagozkion administrazio-izapideak %100 digitalak izatea; eta azkenik, bezeroen gogobetetasuna 10etik 8,5eko puntuazioan izatea.