Urtea amaitzen ari da, baina CAFek oraindik ere lortzen ditu azken orduko akordioak. Konpainiak gaur jakinarazi duenez, CAF-Alstom partzuergoak 250 milioi euroko hitzarmena sinatu berri du Frantzian, SNCF Voyageur operadorearentzako 22 tren ekoiztearen truke.
Eskualdeko tren berriak elektrikoak dira, Régiolis motakoak, eta 310 bidaiari eramateko gaitasuna dute. Irakurketarako argiak, korronte harguneak eta mugikortasun murriztua duten bidaiarientzat erreserbatutako espazioak eskainiko dituzte ibilgailu berriek, eta CAFek Reichshoffen (Alsazia) duen lantegian diseinatu eta ekoitziko ditu. Alstom arduratuko da, ordea, trenak zenbait ekipoz hornitzeaz.
Eragiketa itxita, Frantziak “CAF-Alstom partzuergoarekin duen konfiantza berretsi" duela adierazi dute Beasaingo konpainiakoek. Herrialde frantsesarekin bestelako akordioak ere egiten jarraitu nahi du EAEko enpresak, Parisko RER B aldiriko linearako trenak edota hainbat metropoli-areetarako tranbiak hornitzeko proiektuak barne.