
Triwuu Buying star-up bilbotarra hautatu du Eroskik Venture Programerako. Horrek esan nahi du Eroski eta start-upa elkarlanean arituko direla ondorengo hamabi hilabeteetan, bien arteko lankidetza aztertzeko helburuarekin. Izan ere, Triwuu plataformak kontsumitzaileak eta ekoizle txikiak lotzen ditu, tokiko produktu osasungarriak eta originalak taldean erostea sustatzeko.
Eroski taldeak kontsumitzaileentzako aukera berriak aztertu nahi ditu, eta, horregatik, plataforma kolaboratiboan nola sartu daitekeen ikusi nahi du. Triwuuk familiak lagunduko ditu erosketak digitalizatzen; kide bakarreko familiak izango dira onuradun nagusiak (5,5 milioitik gora daude Espainian), “erosketen abantailak taldean eskuratu eta eskaintzak modu errazean metatuko” dituztelako.
Eduardo Climente start-upeko zuzendari exekutibo eta fundatzaileak adierazi du haien helburua kontsumitzaileei aurrezten laguntzea dela, eta, hortaz, esperientzia erraza eskaini nahi dietela “bakarrik edo talde txikietan erosten dutenei”, eskari txikietan deskontu handiak aplikatu ahalko baitira. “Aurrezpena demokratizatzeko” pausoa dela gaineratu du David Sanchez Eroskiren Berrikuntzaren eta Garapen Digitalaren arloko zuzendariak.
Hala, Eroski Venture Program-i esker Triwuuk lanerako espazioa izango du, aholkularitza juridiko zein finantzario espezializatua jasoko du, eta aukera izango du EAEko Zientzia eta Teknologia Sarera sartzeko, baita inbertitzaileekin konektatzeko ere.