• ENPRESAK GAUR
  • Tubacexek aldi baterako lan-erregulazio espedientea abiaraziko du

Tubacexek aldi baterako lan-erregulazio espedientea abiaraziko du

Konpainiaren irabaziak %80 baino gehiago amildu dira urteko lehen hilabeteetan. Laudio eta Amurrioko lantegiei eragingo die espedienteak

Tubacexen fabrika bat | Argazkia: Tubacex
Tubacexen fabrika bat | Argazkia: Tubacex
2026ko ekainaren 12a - 12:17
Eg. 2026ko ekainaren 12a - 14:56

Tubacexek aldi baterako enplegu erregulazioko espedientea (ABEE) abiatzeko asmoa du, eta hala iragarriko die sindikatuei datorren asteartean, ekainaren 16an. Arabako konpainiak salmenten jaitsiera pairatu du azken hilabeteetan Irango gerra eta Ormuzko itsasartearen itxiera dela eta, eta zuzendaritzak espedientea abiaraztea erabaki du.

 

Maiatzaren 28ko akziodunen batzarrean enpresako zuzendaritzak ohartarazi zuen Ormuzko itsasartearen itxiera luzatuz gero arazoak izan zitzakeela. Europatik Abu Dhabiko lantegira bidaltzen dituzten lehengaiak itsasarte hartatik igarotzen dira, eta Ekialde Ertaina da konpainiaren merkatu nagusienetako bat. Gainera, Tubacexek ekoizten dituen hodiak gasa eta petrolioa erauzteko baliatzen dira, eta lehengai horien hornikuntza katea nabarmen kaltetu du Ekialde Hurbileko gatazkak.

Araban bi lantegi ditu Tubacexek, Laudion (TTI Tubacex Tubos Inoxidables) eta Amurrion (Aceralava), eta biei eragingo die enplegu-erregulazio espedienteak. Orotara, 600 bat langilek egiten dute lan bi fabriketan.

 

Iaz 15,9 milioi euroko irabaziak izan zituen konpainiak, baina 2026ko lehen hilabeteetan %80 baino gehiago murriztu ditu mozkinak (1,3 milioi euro), eta 1.202 milioi euroko eskaera zorroa izanik ere, zuzendaritzak uste du langileak kaleratu beharrean dela egoera iraultzeko.

Konpainiak orain egun gutxi izenpetu zuen sindikatuekin 2029ra arteko hitzarmena, zeinetan KPIaren araberako eta beste %0,5eko soldata igoera adostu zuten. 2020 eta 2024 bitartean izoztuta izan ziren soldaten igoera ere hitzartu zuten bi aldeek.