• ENPRESAK GAUR
  • Tubacexen irabaziak %95 gehiago amildu dira urteko lehen seihilekoan

Tubacexen irabaziak %95 gehiago amildu dira urteko lehen seihilekoan

Hodi fabrikatzaileak 323,6 milioi euroko salmentak izan ditu ekainera arte, iazko epe berean baino %10,5 gutxiago

Tubacexeko lan enplegu erregulazioaren aurkako mobilizazio bat | Argazkia: Tubacex
Tubacexeko lan enplegu erregulazioaren aurkako mobilizazio bat | Argazkia: Tubacex
2026ko uztailaren 24a - 10:04
Eg. 2026ko uztailaren 24a - 12:30

Ez dira garai onenak Tubacexentzat. Arabako enpresak 2026ko lehen seihilekoan 700.000 euroko irabaziak izan ditu; hots, 2025eko epe berean baino %95,8 gutxiago. Enplegu erregulazio espedientea abiarazi du orain gutxi enpresak, eta Ekialde Hurbileko gatazkak kalte handia egin dio bere jarduerari.

 

Gauzak horrela, hodi fabrikatzaileak 323,6 milioi euroko salmentak izan ditu ekainera arte, iazko epe berean baino %10,5 gutxiago. Ebitda 37,9 milioi eurokoa izan da (61 milioi izan ziren iazko epe berean), %11,7ko marjinarekin. Enpresak azaldu du 2025ean izandako eskari jaitsierak eragin duela azken hilabeteetako emaitza, baita AEBek ezarritako muga-zergek eta merkatuaren hegazkortasunak ere.

Ekialde Hurbila euskal enpresaren merkatu nagusienetako bat da, Arabiar Emirerri Batuetan egiten baitu bere jardunaren zati handi bat. Bada, enpresak argitu du Abu Dhabirainoko balio-katea (plangintza, programazioa, ekoizpena, logistika, fakturazioa…) oso kaltetua izan dela Iran eta AEBren arteko gerra dela eta. Ormuzko itsasartearen itxierak behartu du enpresa beste bide batzuk topatu behar izatera.

 

Egoera horrek “ibilgetuaren eta finantza-zor garbiaren behin-behineko igoera eragin du. Inpaktu hori aldi baterakoa da, eta eragiketa eta logistika etendurekin lotuta dago; ingurunea egonkortu ahala normalizatuz joan beharko luke”, adierazi du Tubacexek.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain