Tubos Reunidosen etorkizuna erabakitzeko prozesu bete-betean, Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzen inplikazioa eskatu du TRG Amurrioko enpresa batzordeak. Enpresak bost erosle posible ditu, baina langileek oraindik ez dakite horietako bakoitzak zer proiektu industrial proposatzen duen, ezta lantegien eta langileen etorkizunerako zer asmo dituen ere. Gauzak horrela, batzordearen ustez, interesa duten erosleak egotea ez da nahikoa: jarduerari, enpleguari eta lan-baldintzei eusteko bermeak behar dira.
Enpresa batzordearen arabera, SEPIk eta Estatuko Abokatutzak prozesuari jartzen dizkioten oztopoak dira enpresaren bideragarritasunerako arazo nagusietako bat. Horregatik, premiazko bilerak eskatu dizkiete SEPIri eta Ogasun Ministerioari, baina oraindik ez dute erantzunik jaso. Langileen iritziz, Espainiako Gobernuak ezin ditu Merkataritza Epaitegiaren prozedurak etengabe inpugnatu, horrek etorkizuneko proiektu industrial bat garatzea zailtzen duelako. Egoerak ia 1.400 lanpostu arriskuan jar ditzakeela ohartarazi dute, horietatik 900 Amurrion.
Eusko Jaurlaritzari dagokionez, otsailean inbertitzaileei laguntzeko borondatea agertu zuela gogorarazi dute langileen ordezkariek, eta orain konpromiso hori zehazteko eskatu diote. Enpresa batzordeak bilera bat eskatuko dio Jaurlaritzari, jakiteko zer egiteko prest dagoen eta zer neurri hartuko dituen proiektu industrial berri bat gauzatzeko. Era berean, lantegi guztietan jarduerari eta enpleguari eusteko eskatuko diren bermeak argitzeko eskatu dute.
Langileek gogorarazi dute grebara jo zutela 301 kaleratzeak, Amurrioko altzairutegiaren itxiera eta logistikaren kanporatzea eragozteko. Mobilizazioen bidez, lanpostuak eta enpresaren jarduera defendatu zituztela adierazi dute, eta orain erakundeei dagokiela urratsak egitea. Enpresa batzordearen helburua da Tubos Reunidosek industria-enpresa izaten jarraitzea eta jarduerari zein lanpostuei eustea. "Horretarako proiektu industrial bat behar da eta konpromisoak eta bermeak behar dira. Zehazteko unea da", azpimarratu dute.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta