LABek eta ELAk Tubos Reunidoseko lantegi guztien etorkizuna bermatuko duen industria-proiektu sendoa exijitu dute. Enpresa erosteko bost eskaintza daude mahai gainean, baina bi sindikatuek argi dute aukeratzen den proiektua aukeratzen dela, industria-jarduerari eta enpleguari eutsi egin behar zaiola. LABek eskaintza bakoitzaren atzean dagoen proiektua ezagutzea nahi du; ELAk, berriz, Espainiako Gobernuaren eta SEPI erakunde publikoaren inplikazioa eskatu du.
LABek jakinarazi du salmenta-prozesuaren hurrengo faserako aukeratutako bost eskaintzen egileek biltzeko aukera izango dutela langileen ordezkariekin. Sindikatuak bilera horietan galdetuko du zer jarduera mantendu nahi duten lantegi bakoitzean, zer inbertsio eta ekoizpen-gaitasun aurreikusten dituzten eta zer enplegu eta lan-baldintza proposatzen dituzten. Izan ere, jakina da bost eskaintzek langile kopurua murriztea eta lan-baldintzak aldatzea aurreikusten dutela, nahiz eta oraindik ez duten neurri horien gaineko xehetasunik zehaztu. "Proposamenak xehetasunez ezagutu behar ditugu, behar bezala baloratu ahal izateko", adierazi du sindikatuak. Murrizketak planteatzen dituzten eskaintzek, gainera, horien arrazoiak eta aztertutako bestelako aukerak azaldu beharko dituztela esan du sindikatuak.
ELAk, bestalde, enpresaren zorra jarri du egoeraren erdigunean: 300 milioi euro ingurukoa dela dio. Sindikatuaren arabera, 2008an akziodunei banatutako 170 milioi euro eta 2021ean SEPIk emandako mailegua daude zor horren jatorrian; azken horri lotutako zorra ia 150 milioi eurora iritsi da, interesen ondorioz. ELAren ustez, konkurtso-prozesuak zuzendaritzaren erantzukizunak argitu behar ditu. "Zuzendaritzaren eta akziodunen akzio errudunek eta arduragabeek ezin dute ekarri Tubos Reunidoseko lantegiek bideragarritasunik ez izatea", adierazi du sindikatuak.
Horregatik, ELAk Espainiako Gobernuari eskatu dio SEPIren bidez konponbidean aktiboki parte hartzeko, besteak beste, enpresari emandako maileguaren zorra akzio bihurtzeko aukera aztertuz. LABek ere Eusko Jaurlaritzari eskatu dio zehazteko ea industria-proiektu sendoa bermatzeko prest dagoen. Bi sindikatuek ohartarazi dute erakunde publikoek dirua jartzen badute, laguntza horrek industria-jarduerari eta enpleguari eusteko berme zehatzak izan behar dituela. LABek argi utzi du ez duela edozein eskaintza ontzat emango: "Kontua da Tubos Reunidosen etorkizunerako berme gehien eskaintzen dituen proiektua aukeratzea".
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta