Tubos Reunidos erosteko zazpi eskaintza egin ziren, eta horietatik bost aukeratu behar zituen administrazio konkurtsalak prozesuak aurrera jarrai zezan. Gaur jakinarazi ditu zein bost eskaintza hautatu diren, baita horien ezaugarriak ere, eta guztiek dute oinarri bat amankomunean: denek aurreikusten dute langile kopurua murriztea eta lan-baldintzak aldatzea. Hala ere, guztiek jasotzen dute erosiko dituzten negozioetako langileak subrogatzeko konpromisoa, hau da, langile horien lan-harremanak beren gain hartzekoa. Enplegu-murrizketaren zenbatekoa, berriz, prozesuaren hurrengo faseetan zehaztuko dute.
Eskaintzen zenbateko ekonomikoei dagokienez, bik euro bateko prezio sinbolikoa proposatu dute; beste hirurek, berriz, milioi bat euro, 100.000 euro eta 27,5 milioi euro. Bi eskaintzek (batek lehenengo aukera gisa, baina besteak bigarren proposamen moduan) jasotzen dute Amurrioko eta Trapagarango lantegiak batera eskuratzea, gainerakoek Trapagarangoan soilik jarri baitute fokua.
Bost eskaintzen egileen izenak ez dituzte ezagutarazi, baina interesa erakutsi duten enpresen artean daude Sidenor, Tubacex eta Indiako Welspun korporazioa. Tubos Reunidosek maiatzaren 4an aurkeztu zuen hartzekodunen konkurtsoa, 300 milioi euro inguruko zorrekin.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta